Zubietan makrokartzelarik ez eraikitzeko eskatu dute Batzar Nagusiek

Bergizarteratzeari bide emango dion espetxe politika bultzatzearen alde agertu dira

Erredakzioa
Donostia
2010eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Zubietan (Gipuzkoa) eraiki nahi duten makrokartzelaren proiektua bertan behera uzteko eskatuko diote Gipuzkoako Batzar Nagusiek Espainiako Gobernuari. PSE-EEk salbu, gainerako alderdiek babestu dute Ezker Batuak aurkeztutako proposamena. Halaber, presoen bergizarteratzea helburu izango duen espetxe politika baten alde agertu dira.

Eredu horren ardatza izan behar dute, proposamenean jasotzen denez, «tamaina txikiko zentroek». Hori lortzeko, ezinbestekoa ikusten dute kartzela ez den bestelako zigor motak bultzatzea. Kartzelen eskumena Eusko Jaurlaritzari emateko ere eskatu dute. «Presoen eta kartzelako langileen baldintzak hobetzeko ezinbestekoa da hori», iritzi diote EAJko Maite Peñak eta Hamaikabateko Iñaki Galdosek.

Proposamenaren alde bozkatu duten alderdiak, gainera, kezkatuta daude Martuteneko kartzelan dagoen «pilaketarekin». EBko Mikel Izagirrek egoera «eutsiezina» dela salatu du. Izagirrek gogorarazi du duela lau urte baino 114 preso gehiago daudela Martutenen: 400, hain zuzen. «Bertan 103 presorentzako lekua baino ez dago, berez. Egoera gero eta okerragoa da. Kasu batzuetan sei preso daude ziega bakoitzean».

Martuteneko «pilaketa» bergizarteratzearekin «bateraezina» dela uste du, berriz, Alternatibako Ander Rodriguezek. «Erabat aldatu behar da egungo espetxe politika». Presoentzako bizi-baldintza duinak eskatu ditu, bestalde, Aralarreko Rebeka Uberak.

PSE-EE eta PP Zubietan makrokartzela eraikitzearen alde agertu dira. Kartzela berriak 504 ziega baino gehiago ez izateko eskatu dute. «Gezurra da ez denik ezer egin egoera konpontzeko. Gainera, Zubietan eraiki nahi dena ez da makrokartzela bat. Ahalik eta azkarren eraiki behar da», nabarmendu duPSE-EEko Susana Garcia Chuecak.

Bestalde, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak adierazi du Zubietako espetxea «bergizarteratzera» bideratua egongo dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.