Zulueta atxilotzeko arrazoi bakarra «Marlaskaren obsesioa» dela diote

Eskubideak abokatuen elkarteak ohartarazi du auziak juridikoki onartezinak diren irregulartasun larriak izan dituela hasieratikAbokatua askatzeko eskatuz, apelazio helegitea aurkeztu du defentsak Zigor Salan

Alfontso Zenon eta Iñigo Santxo aritu ziren atzo Eskubideak elkarteko abokatuen izenean. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Juridikoki «ez du zentzurik» aurreko astean Arantza Zulueta atxilotu eta espetxeratu izanak. Horretaz seguru daude abokatuaren lankide eta Eskubideak elkarteko kideak. Areago, iazko apirilean Fernando Grande-Marlaska epaileak abokatuen aurka hasitako auzia «irregulartasunez» josia dagoela ohartarazi dute. Auziaren nondik norakoak aztertuta, azalpen bakarra aurkitu diote Zulueta atxilotu eta espetxeratu izanari: «Grande-Marlaska epaileak euskal disidenteen defentsa lanetan aritzen diren abokatuekin duen obsesio patologikoa». Iñigo Santxo Eskubideak elkarteko kideak azaldu du Zuluetaren aurka «obsesio pertsonal berezia» duen susmoa dutela.

Azken asteotan Zuluetaren aurka mediatikoki indar handiz egin diren akusazioen atzean trikimailuak aurkitu dituzte abokatuek, eta auziaren nondik norako juridikoak azaldu dituzte, egoeraren larritasunaz ohartarazteko.

Iazko apirilean beste bi abokatu eta sei herritarrekin batera atxilotu zuten Zulueta, Marlaska epailearen aginduz. Abenduan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak espetxetik ateratzeko aukera eman zion, Marlaskaren nahiaren aurka. 60.000 euroko bermea ordaintzea, astero epaitegian sinatzea eta auzitegien hitzorduetara joatea jarri zion baldintza modura. Bermea ordaindu zuen Zuluetak, astelehenero sinatu du epaitegian eta auzitegi guztien deiei erantzuteko prest agertu da.

Areago, martxoan deklaratzera joateko eskatu zion berriz Marlaskak, eta haren galderei erantzutera joan zen bere borondatez. Fiskalak ez zegoela baldintzapeko askatasun egoera aldatzeko arrazoirik esan, eta ordura arte bezala jarraitu zuen Zuluetak. Fiskalak berak berretsi zuen aurrez Zigor Salak ebatzia zuena: ez zegoela akusatuak ihes egiteko, delitua berriz egiteko edo ikerketak oztopatzeko arriskurik. Eta legeak jasotzen duenez, hiru baldintza horiek urratzeko arriskua dagoenean soilik ezar daiteke badaezpadako espetxeratzea.

Egoera hori ez dela aldatu azaldu du Alfontso Zenonek, zeina Zuluetaren defentsan ari den, Eskubideak elkarteko beste hamabost bat abokaturekin egindako agerraldian. Zuluetari hasieratik egin dioten akusazioa «erakunde armatuko kide» izatea dela, eta orain, akusazio hori egiteko beste zantzu batzuk plazaratu dituzten arren, akusazioa bera dela. Hortaz, Zigor Salak abenduan Zulueta askatzeko hartu zuen erabakiaren aurka Marlaskak agindutakoak juridikoki zentzurik ez duela.

Irregulartasun gehiago atzeman dituzte abokatuek. Iaz abokatuen kontrako sarekada egin zutenean, guardia zibilak abokatuen bulegoan beren kasa, kontrol judizialik gabe ibili zirela gogora ekarri dute, eta, «era susmagarrian», hainbat material agertu zirela lehen ez zeuden tokian.

Orain, Zulueta berriz atxilotzeko, beste trikimailu batzuk egin dituzten susmoa dute: aurreko astean Baigorrin atzemandako zuloekin lotu du orain Marlaskak Zulueta. Baina akusazio hori nola sortu den defentsak ezin izan du jakin. Izan ere, epaileak beste auzi batean sartu zuen gai hori, abokatuarekin lotura zuela esan gabe. Zuluetaren aurkako akusaziorik egon gabe, haren abokatuak ez dira auzi horren parte izan; ez dute ikerketen berri izan. Guardia Zibilaren txosten bateko orri solte batzuk modu irregularrean hartu, eta zuloen inguruko auzia sortu zuen Marlaskak. Zulueta atxilotu zuen, abokatuentzat ezkutuan zeuden eginbideen ondorioz. Hasierako auzian gehitu du gero zuloen gaia ere, baina denbora batean abokatuak informaziorik gabe izan ondoren.

Santxok uste du irregulartasun horiek nahikoa direla Zuluetaren aurkako akusazio guztiak baliogabetzeko; areago, prebarikazio zantzuak ere egon daitezkeela.

Oraingoz, helegitea aurkeztu dute Zulueta espetxeratzeko aginduaren kontra. Eta helegitea Marlaska buru duen epaitegian aurkeztu ordez, epailearen gainetik dagoen Zigor Salan aurkeztu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.