Zulueta eta Enparantza aske uzteko eskatu dute bitartekari taldekoek

Euren delitu bakarra «gatazka politikoaren konponbiderako alea jartzea» izan dela esan dute.Ez dute arrazoi juridikorik ikusten espetxean atxikitzeko.Zuluetaren «egoera larriaz» ohartarazi dute

gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekari taldea osatzen duten beste sei kide 2014ko urtarrilaren 8an atxilotu zituzten, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak agindutako polizia operazioan. Geroztik, Zuluetak eta Enparantzak preso jarraitu dute: ia hamasei hilabete eman dituzte espetxean. Denbora horretan, bi abokatuak askatzeko eskatu dute behin baino gehiagotan ekinbide eta mobilizazio ugariren bidez. Eta oraingoan, bitartekari taldea osatzen duten beste sei kideek bat egin dute ostera ere eskaera horrekin, «kalean egon beharko luketelako».

Sei bitartekariak —Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Jose Campo, Asier Aranguren, Mikel Almandoz eta Aitziber Sagarminaga— kalean daude orain, epaiketaren zain eta zenbait mugapen neurrirekin bada ere; esaterako, debekatuta daukate euskal presoekin inolako harremanik edukitzea. Guztien izenean Aintzane Orkolagak esan duenez, taldearen helburu bakarra «gatazka politikoaren konponbiderako alea jartzea» izan da, pentsatzen dutelako EPPK-koen parte hartzea erraztuz aiseago erdietsiko dela konponbidea. Zuluetak eta Enparantzak ere «horretan jarri dituzte euren indar guztiak, eta espetxean edukitzeko arrazoia helburu hori zapuztea besterik ezin da izan», Orkolagak adierazitakoaren arabera.

Alfonso Zenon abokatuak esan duenez, orain arte bost aldiz eskatu dute Zulueta eta Enparantza askatzeko, eta erantzuna ezezkoa izan da beti. Orain, eskaera berriro egiteko asmoa dute, baina argi dute gakoa ez dela juridikoa, «Espainiako Gobernuak, fiskaltzaren bitartez eta epaileen laguntzarekin, preso atxikitzen baititu bidegabeki eta irizpide politiko hutsei jarraituz, gatazka politikoaren edozein konponbide oztopatzeko asmoz».

Zulueta eta Enparantza lehenago ere atxilotu zituzten, 2010ean,eta behin-behineko askatasuna lortu artean espetxean egon ziren —hamar hilabetez Zulueta, zortzi hilabetez Enparantza— orain leporatzen dizkieten delitu berak egotzita. Zenonek uste du delitu berengatik bi prozedura abiaraztea, «oinarri juridiko guztien kontrakoa» izateaz gain, bi abokatuak kartzelan atxikitzeko bidea baino ez dela.

Are gehiago: denboraren poderioz Zulueta eta Enparantza askatzera behartuta egongo balira, Zenon beldur da fiskaltza ez ote litzatekeen jardungo «ingeniaritza juridikoan eta froga berriak asmatzen» hori eragozteko.

Zenonek uste du Zulueta eta Enparantza kartzelan egoteko «inolako arrazoi juridikorik» ez dagoela, eta nabarmendu du Espainiako zenbait epaile bat datozela iritzi horrekin. Horren erakusgarri, bi abokatuen kaleratze eskaeraren auzian Jose Ricardo de Prada epaileak emandako boto partikularra aipatu du. Pradak «zail» ikusten zuen frogatzea bitartekari aritzea ETAri laguntzeko modu bat zela.

«Bereziki larria» dela iritzi diote Arantza Zuluetaren egoerari: orotara, bi urte baino gehiago eman du espetxean, guztiz bakarturik dago, gainerako presoekin kontakturik izateko aukerarik gabe, eta aldiro-aldiro «gehiegizkoak eta arbitrarioak» diren gorputz osoko arakatzeak egiten dizkiote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.