Zuluetak gose greba utzi du, eskaturikoa onartu baitiote

Abokatuaren egoera salatu, eta hura libre uzteko eskatu dute 800 pertsona inguruk Bilbon, manifestazioan

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Arantza Zuluetak hilaren 15ean hasi zuen gose greba bertan behera utzi du, bere egoerak hobera egingo duela eta beste euskal preso batekin jarriko dutela agindu baitiote. Arantza gose greban. Isolamendurik ez, bakartzerik ez lelopean, 800 bat lagun elkartu ziren atzo Bilbon, abokatuaren bakartze egoera salatzeko eta aska dezatela eskatzeko. Amaieran heldu zen berria manifestaziora.

Abokatuarena «mendeku politikoa» dela azpimarratu dute amaieran, abokatua presoen eskubideen aldeko lanean aritu delako eta orain hark «hainbeste salatutako eskubide urraketak» berari egin dizkiotelako. Zuluetaren hitzak ere irakurri zituzten manifestazioan. Eskerrak eman ditu bere aldeko ekimenetan izandako guztiei, baina bere egoera ez dela bakarra gogoratu du. Bakartuta jarraitzen duten preso guztien alde mobilizatzen jarraitzeko eskatu du.

Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi abokatuak, beste zazpi lagunekin batera, apirilaren 14an atxilotu zituen Guardia Zibilak. Ez dago euskal pre-sorik Caceresko espetxean (Espainia), eta hara bidali zuten Zulueta lehendabizi. Urriaren 23an, Malagako espetxeko bakartze modulura eraman zuten. Lau orduz atera daiteke patiora, espetxezainak besterik ez ditu ikusten eta miaketak egiten dizkiote egunero.

Hasieratik jasaten ari den egoera salatzeko asmoz, gose greba hasi zuen Zuluetak azaroaren 15ean. Egoera aldatuko dela hitzeman diotenean, utzi egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.