Zumaiako (Gipuzkoa) Santiago hondartzan eta Urola ibaiaren itsasadarrean ezin da bainurik hartu. Hori erabaki du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, hango urek ez dituztelako betetzen araudian ezarritako kalitate irizpide mikrobiologikoak. Zehazki, E.coli bakterioak muga onartua gainditu du.
Etzi, ostegunean, beste lagin baten emaitzen berri izango du Osasun Sailak, eta orduan erabakiko du hondartza eta itsasadarra berriz ireki edo ez.
Joan den astean, Zumaiatik kilometro gutxira, Zarautzen (Gipuzkoa), hondartzan bainua hartzea debekatuta egon zen bizpahiru egunez. Arrazoia, berbera: urak ez zituen betetzen araudiak ezartzen dituen kalitate irizpideak. Joan den ostegunean itzuli ziren normaltasuna han.
Lapurdin, ostreopsis algak
Lapurdiko hondartzetan ere egoera ez da ona. Hala ohartarazi du, behintzat, Frantziako Anses agentziak. Intoxikatzeko arriskua handia dela esan du gaur, ostreopsis mikroalga gehiegi dagoelako. Mikroalga hori duela bi urte agertu zen Lapurdiko hondartzetan, eta, ordutik, 900 lagunek gutxienez izan dituzte sintoma patologikoak haren ondorioz. «Erreakzio epidermikoak eta gripe moduko bat» izan daitezke alga horren ondorioak. Duela bi urte hainbat hondartza hetsi zituzten arrazoi horregatik.
Aurten, ekainaren hasieran topatu zituzten mikroalga horiek berriro Donibane Lohizuneko (Lapurdi) uretan.
Hegoaldean ere, iaz, alga mordoa heldu zen kostara; hangoak, ordea, makroalgak ziren, eta horiek ez dira arriskutsuak osasunarentzat.