INGURUMENA

Zumaiako flyscha, plastikozko itsasoaren erdian

Sare sozialetan zeresana eman du Zumaiako hondartza plastikozko hondakinez beteta agertzen duen bideo batek.

Ion Orzaiz.
2018ko urriaren 22a
12:51
Entzun

Bideoa bolo-bolo ibili da sare sozialetan Oier Bartolomek grabatutako bideoa da, eta erakunde publikoengana ere heldu da. Euskal Kostaldeko Geoparkearen parte da Zumaiako flyscha, eta hori kudeatzeaz arduratzen den Geogarapen Elkarteko buru Leire Barriusorekin hitz egin du BERRIAk. Bideoa asko zabaldu dela nabaritu dutela eta Geoparkean "dei asko" jaso dituztela nabarmendu du Barriusok (bideoa, euskaraz, BerriaTBn).

Haren esanetan, bideoan ikus daitezkeen irudiak "ez dira ohikoak", eta marea bizien ondorio da: "Neguan, marea bizien ondorioz, plastikoak labarren goialdean metatzen dira. Hurrengo marea biziak heldu arte, han gelditzen dira, itsasoa ez delako normalean hain gora iristen".

Irudietan ikus daitezkeen plastiko zatien tamainari erreparatuta, Geoparkeko kudeatzaileak uste du plastiko horiek ez direla Zumaia inguruan botatakoak, urrundik heldutakoak baizik. "Irudian agertzen direnak plastiko zati txikiak dira. Ez dira bota berriak. Kanpotik iritsitako plastikoak dira [...]. Biltzen ditugu beste mota bateko plastikoak udan; labarren goialdean gelditzen direnak; plastiko handiagoak".

Ingurua garbitu egiten duela ere nabarmendu du Barriusok —"100 lagundik gora elkartzen gara; helikopteroa ere erabiltzen dugu"—, baina garbiketa bainoago, garrantzitsuena "sentsibilizazioa" dela esan du: "Irudiak negargarriak dira, baina arazoa ez da konpontzen hori garbituta; ez zikinduta, baizik. Denok izan behar dugu arazoaz kontziente”.

Horregatik, irudiok jendearen portaeran eragina izateko balio izatea espero du: “Salaketa ongi dago, baina batzuetan jendea kexatzen da, eta ez daki bere jokaerak zein ondorio dituen. Ez du bere portaera aldatzen”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Turismoko zuzendaritzek, bestalde, oharra kaleratu dute, flyscharen egoera "tamalgarria" deitoratu eta "kontzientzia hartzearen beharra" azpimarratzeko.

"Itsasoen kutsadura arazo globala den arren, tamalez, Gipuzkoari ere eragiten dio; hortaz, lanean segitu beharko dugu, tokian tokiko egitasmo zehatzetatik abiatuta, kutsadura osoa desagerrarazi arte", azaldu du Ingurumeneko zuzendari Monica Pedreirak.

Abian diren zenbait proiektu ere aletu ditu Pedreirak; besteak beste, itsasoko urak garbitzeko eta gizartea kontzientziatzeko xedez sortutako Life Lema egitasmoa. Halakoei esker, aurten kostaldetik jasotako hondakin kopurua %18 murriztu dela nabarmendu dute. "Gipuzkoarrek kontzientzia hartua dute plastikoaren erabilera okerraz, eta gure urak ez kutsatzeko beharraz, baina lanean segitu beharko dugu, kontzientzia maila erabatekoa izan arte".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.