Patrick Stefanini Akitaniako prefetak Lapurdiko Herri Elkargoetako hautetsiak eta AHTaren ibilbidean dauden herrietako auzapezak elkartu zituen atzo Baionan, eta onartu egin zuen zundaketarik ez dela eginen bi urtean bederen. Baina berehala ohartarazi zien teknikoki posible dela Lapurdiko AHTaren ibilbidea zehaztea eta finkatzea zundaketarik egin gabe. Hiru oren iraun zuen bilkurak, eta hautetsiak adierazpenik egin gabe atera ziren bertatik.
Lapurdiko atala egin edo ez deliberatzeko asmoz, Frantziako Gobernuak tren garraioaren behatokia sortzea deliberatu du. Ondoko urteotan garraioak izanen duen bilakaera kontuan harturik, diagnosia partekatzea du helburu. «Bidaiak bakarrik baliatuko balute erokeria litzateke AHT bide berria egitea», erran zuen Stefaninik. Baina kontuan harturik Euskal Y-a, Espainiako garraioaren emendatzea eta hango trenbideak Europako neurrietara ezartzeko xedea, butxadura arriskua dagoela dio. Frantziako Gobernuak behin eta berriz atzeratu du butxadura arriskuaren data, 2020an ezarriz lehenik eta 2035ean ondoren.
Butxadura arriskua neurtzeko asmoz, azken urteotako salgaien garraio kopurua ezagutaraziko ote duen galdetu zioten kazetariek Christian Maudeti, RFF Frantziako trenbideak kudeatzen dituen konpainiako AHT atalaren arduradunari. Ez zuen erantzun. Akitaniako Prefetak bai. «Kopuru errealak ukanen ditugu esku artean, eta horietan oinarrituko gara erabakia hartzeko». Butxadura saihesteko denboraz aritu behar dela nabarmendu zuen, eta horretan oinarritu zuen AHTaren ibilbide zehatza finkatzearen beharra. 500 metroko zabalera duen ibilbidean behin-behineko simulazioa egin du RFFk, eta film hori erakutsi zieten atzo hautetsiei.
Lehuntzetik sartuko litzatekeen AHTak ukanen lituzkeen ezaugarriak aipatu zituen Maudetek, lur azpiko atalak eta suntsitu beharreko etxe kopurua zehaztuz. Alta, ikerketa horretan ez dira barneratu oraindik harrabotsa saihesteko lanak edo ingurumena edertzekoak. Xahutze horiek integratu gabe neke da AHT atal horren aurrekontua zehaztea, baina kilometroko 55 milioi eurokoa izanen dela erran zuen Maudetek. Landetan, adibidez, kilometro bakoitzaren aurrekontua 15 milioi eurokoa da.
Zundaketak «izoztu» dira bederen bi urterako, baina ez AHT xedea, eta, horrela, hastapeneko plangintzari jarraikiz, 2012an inkesta publiko bat eginen da, eta 2013an onura publikoa duen egitasmoa dela onartzea. Beharrezkoa balitz, baliabideak prest izan behar direla nabarmendu du Stefaninik. «Bizitzan zuhurtziaz jokatu behar da, badaezpada ere». Geltokiei dagokienez, nazioarteko trenak zuzen joanen lirateke Gipuzkoara, eta batzuk Baionara. Horretarako bide bereziak eginen lituzkete. 500 metroko ibilbidea zehaztu badute ere, bi aldagai egon daitezke, Arrangoitze-Milafranga eta Urruñako ataletan.
«Galga ukaldia, ez geldialdia»
Ingurumenaren alde diharduen CADE taldearen iritziz, Parisek hartu deliberoa «galga ukaldia baino ez da, ez geldialdia», ez duelako eragiten AHT xedearen desagerpena. CADEk ez dio garrantzi handirik eman ibilbide eremua 500 metrora murriztea. Auzapezek herriko lurrak berreskuratuko dituzte, baina, xedeari dagokionez, ez da gauza handirik aldatuko, CADEren iritziz. Zundaketak gelditzea, ordea, herri mugimenduen garaipena dela dio, saio gehienetan herritarrek haien haserrea adierazi dutelako lanak trabatuz. Zentzuak agintzen duen erabakia dela nabarmentzen dute.
Tren garraioaren behatokia sortzeari, ordea, garrantzi handia eman diote. Irizpide nagusia bideen butxadura izanik, azpimarratu dute 2010rako iragartzen zuela RFFk; gero, 2020rako; eta orain, 2030 edo 2035erako. CADEren iritziz, kopuruak puztuta daude AHTaren beharra artifizialki erdiesteko. «Argi jokatzen badute eta datuak eskuan, behatokia sortzea garrantzitsua izan daiteke, orain artean RFFk zenbaki faltsuak erabiliz ito nahi izan gaituelako». Gaurko bideetan dauden tren aterpeak kentzeari uztea eskatu diote RFF konpainiari.
Zundaketarik gabe AHTaren ibilbidea zehaztu daitekeela dio orain Frantziak
CADEk esan du Frantziak «galga» jarri diola proiektuari, baina ez duela xedea erabat baztertu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu