«Zurrumurruak» alboratu eta irabazien %42ko igoera nabarmendu du Iberdrolak

Galanek uko egin dio euskal konpainia erosteko ustezko planez aritzeri, EDFk prest dagoela berretsi arren

2008ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
«Ez dago gurea baino negozio eredu hoberik». Iberdrolak «balioa sortzen» jarraituko badu, onena oraingo kudeatzaileei eustea dela nabarmendu du euskal konpainiako presidente Ignacio Sanchez Galanek. Daukaten «inbertsio plan bikainaren» erakusgarri moduan jarri ditu iazko irabazi garbiak: 12.353 milioi euro, %41,8 gehiago.Galanek, beraz, ez die ongietorririk egingo EDFri eta ACSri. Ez du begi onez hartu Iberdrola zatikatzeko plana, eta «zurrumurruez» eztabaidatu baino nahiago izan du datu hotzez aritu.

Iberdrolaren ustiapen emaitza gordina %42,4 hazi zen 2007an, eta 5.500 milioi euroak gainditu zituen aurreneko aldiz. Miloi guzti horietatik, 1.351 Scottish Powerri dagozkiola eta, hortaz, enpresa horren bilakaera euskal konpainiarentzat giltzarri dela ohartarazi du. «Iberdrolaren hazkundearen motor» bihurtu da Scottish Power, Galanen arabera.

Ameriketako Estatu Batuetako inbertsioen ekarpena 163 milioi eurokoa izan dela eta taldeak, denera, 17.468 milioi euroko salmentak lortu dituela ere jakinarazi du Iberdrolako presidenteak. Gustura dago emaitzekin eta emaitza horiek lortzeko moduarekin. «Lan egiteko era errepikakorra, iraunkorra eta aspergarria daukagu: lauzpabost urterako plan bat adostu eta plan hori betetzen saiatzen gara, urtero-urtero plana aldatzen duten konpainien aldean». Iberdrolako kudeatzaileek, gaurdaino, etengabe balioa sortu dutela, eta balioa sortzenjarraituko dutela adierazi du Galanek. Eta, horretarako, ez ei dute kanpoko inbertsiogileen beharrik. Ez dute EDF eta ACSren beharrik.



«PROTAGONISTA ASKO» . Iberdrolako presidenteak onartu egin du ACSko buruekin hitz egin duela ahoz aho dabiltzan ustezko planez. Elkarrizketa horien nondik norakoez ezer ez du argitu, ordea, eta EDF ezta aipatu ere. EDFko presidente Pierre Gadonneix, aldiz, lasai asko aritu da Iberdrolaz.

Zehaztu du, zuzen esanda, «protagonista eta eskema asko» daudela Iberdrolaren aferan. «Gu ez gara bakarrak». Beste batzuk ere euskal konpainia erosi guran dabiltzala dio. Oraingoz, baina, EDFk soilik eman du bere «interesen» berri. «Iberdrolaren inguruko operazio batean parte hartzeko prest» dagoela jakinarazi du konpainiako presidenteak, hain zuzen.

«Europan sor daitezkeen erosketa aukerak baliatu» gura ditu EDFk eta begiz jo du «Espainiako merkatua». Herrialdean «ongietorria» ez bada, operazioa bertan behera utziko duela dio Gadonneixek, dena den. Eta «oraindik goizegi da EDFren asmoek Espainian zer onespen maila» daukaten jakiteko. Izan ere, «oraindik ez daude argi operazioaren ezaugarriak». EDFko presidenteak ez du argitu jada ACSrekin akordioa egin duen Iberdrola erosten saiatzeko. Hori diote iturri gehienek.

Behin Iberdrolaz jabetuta, Scottish Power eta Espainiako merkatu kuotaren %10 gordeko ei du EDFk. ACSk, bere aldetik, Union Fenosarekin batuko du Iberdrola Renovables filial jaioberria, eta azpiegitura gehientsuenak eskuratuko ditu. Galanek bat-batean gaitzetsi ditu Iberdrola «zatikatzeko» planak. «Ez zait ondo iruditzen inor asmo horrekin etortzea, 106 urte dauzkan enpresa hau munduko laugarren lekuan kokatzeko egindako ahaleginaren ostean». Alegia, ahal duen guztia egingo du EDFren eta ACSren plana hondatzeko. Lan horretan Espainiako Gobernua bidelagun izan nahiko luke Galanek. Konpainien arteko erosketa eskaintzetan esku hartuko ez duela jakinarazi du Administrazioak, ordea.



GOBERNUAREN BABESIK EZ. Gainera, Iberdrola defendatu nahiko balu ere, ezingo luke beto eskubidea erabili. Europako Batzordeak bertan behera utzi du atzerriko enpresa publikoek Espainiako konpainietan izan zezaketen gehieneko boto eskubidea mugatzeko araua. Gobernuak boto eskubide hori %3ra jaitsi zezakeen gaurdaino. Aurrerantzean, baina, ezingo du mugarik ezarri. Eta, horrenbestez, EDFren aurrean babesik gabe geratu da Iberdrola.

Hala ere, Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok badu EDFren oldarraldia eteteko aukera. Iberdrola erosten saiatzekotan, aurrena Espainiako Gobernuaren oniritzia lortzeko eskatu ei dio Frantziako Gobernuko presidente Nicolas Sarkozyk EDFri. Zapaterok, bada, oraingoz ez du operazioaren aldeko hitzik egin. Kontrakorik ere ez, ordea, eta Galan kezkatuta dago. Ez bakarrik EDFren eta ACSren planengatik, Iberdrolaz jabetzen saia daitezkeen beste konpainia handien asmoekin ere bai.

Iberdrola mokadu gozoa da argindar eta, orobat, energia sektoreko erraldoi askorentzat, adituek behin eta berriz ohartarazi dutenez. Areago oraindik, EDFren eta ACSren planek porrot egitekotan ere, euskal konpainiaz jabetzeko lehia amaituko ez dela diote.



«Iberdrolak berrikuntza osagai altua du, eta erosketa bolumen handia dauka gure enpresen artean»

izaskun artetxe
Bizkaiko foru aldundiko ekonomia diputatua




Zatitzearen aurka daude euskal eragile gehienak

Iberdrola ekonomiaren «motor» dela eta Euskal Herrian jarraitu beharduela ohartarazi dute
I. O.

Bilbo

Gehienak Iberdrola «zatikatzearen» eta Bizkaitik urruntzearen aurka. EDFren eta ACSren ustezko planak gaitzetsi dituzte euskal eragileek: patronalak, alderdi politikoek, administrazioek eta inbertsiogile handiek. BBK-k, nagusiki. Galan ez da erabat fio aurrezki kutxako arduradunez. ACSko presidente Florentino Perezek limurtuko ez ote dituen susmoa dauka. BBK-k, nolanahi ere, argi eta garbi esan du inork Iberdrola zatikatzearen aurka dagoela.

Aurrezki kutxak «inbertsio estrategikotzat» dauka konpainia, eta bi baldintza jarri ditu «edozein operazio» babesteko. Alde batetik, ezinbestekoa iritzi dio «akziodunen egonkortasuna ziurtatzeari eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresnak bermatzeari». Beste aldetik, Iberdrolari lotutako edozein mugimenduk inbertsiogileentzat balio osagarria sortu behar duela adierazi du.

Iberdrolak Bizkaiko ekonomian pisu handia duela eta konpainiak Bizkaian jarraitzearen alde dagoela ere adierazi du BBK-k. Ildo beretik jo du Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia diputatu Izaskun Artetxek. «Erabaki guneak kanpora eramatearen edota enpresa zatikatzearen aurka» dago. Izan ere, herrialdeko ekonomiaren «eragileetako bat» da argindar konpainia. «Berrikuntza osagai altua du, gure enpresen artean erosketa bolumen handia dauka, eta oso aktiboa da enpresa txiki eta ertain askok bultzatutako proiektu berri askotan». Energia sektorea, gainera, «Euskadirentzat estrategikoa» dela eta, beraz, Iberdrola giltzarri dela dio, gainera.

Azaldu du, nolanahi ere, enpresa pribatua dela: «Akziodunek hartu behar dute erabakia». Eta erabaki hori Bizkaian geratzearen aldeko izatea espero dute Confebaskek eta Bilboko Merkataritza Ganberak. Patronala «kezkatuta» dago, eta Iberdrola «azkeneraino defendatzeko» eskatu dio Espainiako Gobernuari. «Nahitaezkoa da ahal dugun guztian egitea Iberdrolak Euskadiren garapenaren euskarri izaten jarrai dezan». Bilboko Merkataritza Ganberak, bere aldetik, zatikatzearen ondorioez ohartarazi du. «Iberdrolak ekarpen garrantzia egiten dio industriari eta berrikuntzari», eta EDFk eta ACSk erosiz gero, «bertan behera geratuko litzateke oraingo enpresa proiektua».

Erabaki ahalmena EAEtik kanpo eramateko eta enpresa erdibitzeko proiektuen aurka egingo duela ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak ere bai.



«Ez dago Iberdrolako kudeatzaileek martxanjarri dutena baino negozioplan hoberik»

«Plan bat adostu, eta plan hori betetzen saiatzen gara gu, urtero plana aldatzen duten konpainien aldean»

ignacio sanchez galan
iberdrolako presidentea






Hazi eta hazi

Gero eta energia gehiago ekoitz dezake, gero eta hedatuago dago, eta gero eta irabazi handiagoak lortu gura ditu Iberdrolak.
I.O.

Bilbo

Gora eta gora etengabe. Gustuko aldapan nekerik ez, eta Iberdrola ikaragarri hazi da azken hamar urteotan. Ignacio Sanchez Galan presidente bihurtuz geroztik batik bat, baina Iñigo Oriolen gidaritzapean ere bai. Nazioartean indarrik gabeko enpresa bat izatetik, munduko laugarren argindar konpainia handiena izatera pasatu da gauetik goizera ia-ia. Eta, goranzko bide horretan, mugarri bihurtu dira Scottish Power eta Energy East. Urtebete eskasean jabetu da konpainia bi horiez eta, une honetan, 50.000 milioi euroko balioa dauka Iberdrolak.

Burtsan ere jauzi handia egin du: euskal konpainiako akzio bakoitzak 5,5 euro balio zituen 2006kootsailean, eta 10 euro pasatxo balio ditu orain. Galanek inbertsiogileentzat balio gehiago sortzeko eta erritmo biziagoan hazteko konpromisoa hartu zuen presidentetza eskuratzerakoan, eta zeregin horietan tematuta dago. Galan, finean, mende berriko energia merkatuaren neurrira moldatzen ari da Iberdrola: energia berriztagarrien aldeko apustua egin du, alde batetik, eta internazionalizazioa bultzatu du, beste aldetik.

Euskal konpainiak 41.000 megawatteko potentzia dauka, eta megawatt guzti horietatik, gero eta gehiago ekoizten ditu haize-erroten bidez. Buru da energia eolikoan, eta ziklo bateratuko zentralak jarri ditu «energia iturri garbiagoen» aldeko pausoen adibidetzat. «Ingurumenaren zaindari» gisa agertu eta, aldi berean, ekoizpen ahalmena handitzen ari da Iberdrola etengabe. Eta emaitzak onak lortzen ari da. Emaitza ekonomiko onak, behinik behin.



SCOTTISH POWER ET ENERGY EAST . Gerora begira, gainera, erronka handiak dauzka: irabaziak bikoiztu gura ditu hiru urteren buruan. Hau da, 3.500 milioi euro irabazi gura ditu2010ean. Tarte horretan 24.200 inbertituko dituela, eta diru horretatik, 17.800 milioi euro hazkunde organikoa bultzatzera bideratuko dituela jakinarazi du konpainiak.

Asmo handiko inbertsioak eta erronkak dira. Baina, akaso, Scottish Power eta Energy East izan dira azken urteotako inbertsio eta erronka handienak. Euskal Herriko eta Espainiako merkatuan jaun eta jabe da Iberdrola. Oraintsu arte, ordea, indar gutxi konpainia zen Europan eta, orobat, munduan. Lehiakide handi bi irentsita hazi da nazioartean.

Scottish Powerrez jabetu zen iazko apirilean -17.000 milioi euro pagatuta-. Erosketa hori Europan hedatzeko funtsezkoa zela eta energia berriztagarrien aldeko apustuarekin bat zetorrela nabarmendu zuen Galanek sasoi hartan. Jakinarazi zuen, halaber, Scottish Power ez zela azkena izango. «Adiskidetsuak eta errentagarritasuna handitzeko baliagarriak izanez gero», erosketa gehiago egiteko gogoa erakutsi zuen euskal konpainiako presidenteak. Ordurako jada begiz jota zeukan Ameriketako Estatu Batuetako (AEB)merkatua, eta Energy East erosi zuen Iberdrolak hiru hilabete beranduago. Hango merkatuak «aukera asko» eskaintzen dituela iragarri du Galanek.

Energy Easten bidez, Iberdrolak AEBetako energia merkatuan atzeman dituen bi gabezia nagusiri aurre egin gura die: azpiegiturak hobetu eta energia iturri berriak sustatu gura ditu, hain zuzen. Eta, horretarako, azken urte eta erdian energia berriztagarrien hiru konpainia erosi ditu AEBetan bertan. Energy East da horien arteko handiena, eta Energy Easten bidez oihartzun handiko argindar konpainia bihurtu da Iberdrola. AEBetan eta munduan.

Bera baino aurkari handiagoak eduki baditu, ordea. EDF da horietako bat eta Galanek, beraz, lanak izango ditu Frantziako konpainiaren eta ACSren oldarraldia gelditzeko. Tamainak garrantzi handia du energiaren sektorean eta, aspaldion asko hazi arren, erraldoi biri aurre egin behar die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.