Gipuzkoan zutik geratzen den kontzentrazio esparru bakarra ez botatzeko eskatu dute

Nicolas Gerendain Irungo Errepublikarrak taldeak deituta, protesta bat egin dute memoria lekuak babesteak zer garrantzi duen gogora ekartzeko eta Irunen dagoen pabiloi bat ez eraisteko eskea ozentzeko.

Irunen gaur egin duten elkarretaratzea. BERRIA
Irunen gaur egin duten elkarretaratzea. BERRIA
arantxa iraola
2024ko otsailaren 24a
18:25
Entzun

«Gure iragana gogoratzeko bildu gara gaur hemen: gure sustraiak galdu nahi ez ditugun irundarrak gara». Irunen (Gipuzkoa), Nicolas Gerendain Irungo Errepublikarrak taldeak deituta, Pequeña Velocidad deituriko pabiloiaren parean elkartu dira gaur dozenaka herritar, eta eraikin hori ez eraisteko eskea egin dute, Gipuzkoan zutik geratzen den kontzentrazio esparru bakarra dela gogoratuta.

«Pabiloi horretan egon zirenek ez zuten soilik errepresio frankista jasan. Negar ere egin zuten, eta barre, eta lo, eta jan». Eraikin horretan errepresioa jasan zuten pertsonak zer egoeratan zeuden «imajina» daitekeela adierazi dute, eta horrek «bizia» ematen diola historiari. Horregatik uste dute dela garrantzitsua pareta horiek ez eraistea.

Eskoletan-eta 1936ko gerra eta ondorengo errepresioaren gaia jorratzen dutenerako, esaterako, bisitaleku aparta izan daitekeela pentsatzen dute, eta proposamena egin dute: «Leku egokia da Memoriaren Museoa sortzeko. Haren pareten artean mugitu eta haietan gure historia sentitzeko».

Irungo Udalari eskea egin diote horregatik; pasabide bat egiteko lanak aurreikusita daude hor, baina pabiloi hori bota «beharrik gabe» egiteko esan diote. «Zenbait ideia bururatzen zaizkigu; hala nola eraikinaren sabaia beherago egokitzea, haren paretaren bat diseinu orokorrera egokitzea...», aurreratu dute. Gogoratu dute hirigintza garapenerako planetan bete egin behar direla memoriaren gaineko konpromisoak, eta aukera horiek aztertu egin behar direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.