Pradalesek 340 milioi euroko aurrekontua iragarri du beroari aurre egiteko
Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren txanda izango da goiz partean, eta orain arte egindakoari errepasoa emateaz gain, aurrera begira nola ariko den ere azalduko du. Oposizioaren txanda helduko da gero.
«Autogobernuaren muinean dauden hainbat eskumen itxi gabe daude: - Soldatak Bermatzeko Funtsa (FOGASA); - Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa, eta kotizaziopean dauden prestazioak; - Gizarte Segurantzarekin lankidetzan dauden mutualitateei dagozkien eginkizunak; edo - Bilboko eta Pasaiako portuetako eskumenak. Hori bai, gaurko eztabaida nagusia ez da eskumenak formalki aitortzea».
Hiru ardatz proposatzen ditu, autogobernuan Pradalesek. Lehena «Gernikako Estatutua bere osotasunean betetzea. Lehenik eta behin, aitorpen zintzo batekin hasiko naiz: azkenengo bi urte hauetan, Espainiako Gobernuko Presidentearekin, eskumen-transferentzien prozesua bizkortu egin da. Horrela, 12 eskumen berri lortu ditugu, besteak beste: Enplegu-politika pasiboak, Kotizatzen ez diren prestazioak edo eskola-asegurua, Itsas salbamendua eta itsasertzaren kudeaketa, edo Atzerritarrentzako lan baimenak».
Autogobernuarekin ez jolasteko eskatu du. Lehia politikotik ateratzeko, alegia; «garrantzitsuegia» delako. «Aurrera egin dugu urteotan, eta harro gaude. Errealitate hori egonkorra da, baina amaitu gabe dago. Ez gara geldituko hura osatu arte». Foruen ideiaren funtsa berdintasuna eta demokrazioa dira, Pradalesen ustez. «Nola osatu eta nola eguneratu gure estatutua, hori da gaia orain».
Autogobernuaz aritzeko unea: Gernikako Estatututa ez dago osaturik. Hori lehen hausnarketa. Baina eskumenak baino gehiago da autogobernua, Pradalesen hitzetan. «Guk ez dugu besteen etxea gobernatu nahi, guk gure burua gobernatu nahi dugu. 1979an gutxieneko akordioa izan genuen: Gernika». Itun hori onartu zen, orduko egoera eta indar orekak zirenak zirelako. «Orain, itun hori mespretxatu zutenak hemen daude eserita».
Ongizatearekin jarraituz, hirugarren ekintza esparrua aletzen hasi da Pradales: familiak. «Belaunaldien arteko lotura eta komunitatea indartzeak esan nahi du, halaber, aitortzea familiak daudela ongizate integralaren, garapen sozioekonomikoaren eta emozionalaren erdigunean. Hori horrela, Familiak programa jarri dugu martxan, familia proiektu egonkorrak eta erantzunkideak laguntzeko, hazkuntzaren karga murrizteko eta jaiotza tasa sustatzeko».
«Arautze soil batetik harago» joan behar dela dio Pradalesek, pantailen eragin izugarria apaltzeko haur eta gazteen artean. Jaurlaritzak gutun bat bidali dio Europako Batzordeari, esateko bat datozela pantailen erabilera jaisteko estrategiarekin, baita hezkuntzan ere. Baina gehitu du sare sozialak debekatuz bakarrik ez dela arazoa konponduko. Familiek, «aitek eta amek», duten ardura azpimarratu du. «Gure seme-alabak dira, eta ezin dugu ez ikusiarena egin».
Pradales, pantailen inguruan: «Gehiegizko erabilerari heltzeko beharra jarri nuen mahai gainean, hainbat datu partekatuz. Mundu mailako kezka da. Denok ari gara konponbideak bilatzen errealitate berri honen aurrean, baina ez dago erantzun bakar bat, are gutxiago erraza». Bi adibide jarri ditu:
-Australian, debekatu ondoren, adingabeen artean sare sozialen erabilera areagotu egin da
-Estatu Batuetan, METAk milioi askoko zigorra jaso du bere sare sozialak adikzioa sortzeko diseinatuta daudela egiaztatu delako.
Horrekin batera, gogoratu du Europako Batzordeak Kids Act Lege proposamena aurkeztuko duela gaur; besteak beste, haurrei sare sozialetako sarbidea mugatzeko.
Pradales iaz zehaztutako lau lan ildo aipatu ditu:
-Psikologiako profesionalak hedatzen hastea, «12 guztira, lehen mailako arretan eta trans pertsonen arreta espezializatuan zerbitzua ematen dutenak».
-Nerabeen «ongizate emozionala eta autozaintza tratatzeko» kanal berria, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta senideen elkarteen eskutik.
-Pantailen gehiegizko erabilerari erantzutea, Jaurlaritzako zazpi sailen eta talde profesional independente baten lan koordinatuarekin.
-Jarduera fisikoa eta kirola sustatzea.
Ongizate integralaz, Pradales: «Iaz, tribuna honetan, hauxe esan nuen: 'Ongizatea ez da soilik termino klasiko eta materialetan ulertu behar. Ikuspegi emozionaletik eta komunitariotik ere ulertu behar da'. Gure helburua da ondo egotea eta ondo sentitzea, ondo bizi ahal izateko».
Hezkuntzan egindako lanaren berri eman du. «Baina, ez da nahikoa», gehitu du, eta neurri berriak azaltzen hasi da, batez ere ikasleek gehiago irakur dezaten. «Erronka handia da, baina badakit maila emango dugula guztiok. Bi urte ditugu egoerari buelta emateko».
Hezkuntza. «Lehentasuna emaitzak hobetzea da», esan du Pradalesen, PISA txostenaren emaitzak hizpide. «Ez gara emaitzak lortzen ari. Ezin dugu onartu. Gure erantzukina hor dago, autokritika egin behar dugu, baina gertatutako guztientzako lana da, hezkuntza komunitate osorako batez ere».
Sindikatuen abisua izan du Pradalesek. «Badakit datorren urtea mugitua izango dela. Horrela aurreratu didate sindikatuek egunotan. Baina herri honek ez du horrelakorik merezi. Inora ez daramaten konfrontazio edo blokeo dinamikak ekidin behar ditugu. Horregatik, sindikatu eta enpresen ordezkariei dei egiten dizuet berriro arduraz eta eskuzabal aritu zaitezten. Gai guztiez hitz egiteko gauza izan behar dugu. Gauza guztiez, bai. Guztiekin, eta une oro. Marra gorririk gabe, eta errealitate printzipioari helduta».
Pradales: «Emaitzak lortzeko bi aldeak mahai berean jesartzea ezinbestekoa da: sindikatuak eta patronala. Marra gorririk gabe, adostasunera iristeko borondate zintzoarekin, eta aitzakiak alde batera utzita. Aldi berean, gazteen lan baldintzek eta soldatek kezkatzen naute. Kasu askotan ez dira bidezkoak. Behin baino gehiagotan mezu hau helarazi diet enpresen ordezkariei: 'Zaindu gure harrobia. Zaindu gure gazteak'».
Gobernuak pauso zehatzak emango ditu. «Alde batetik, Absentismoa delakoaren gainean burutzen ari garen lanaren emaitzak datorren lauhilekoan aurkeztuko ditugu. Gure nahia da ondorioak mahaigainean jartzea eta, elkarrizketaren bidez, sindikatu eta enpresekin herri akordioa bilatzea. Horrela eskatu diet eragile guztiei errondan. Zergatik? Euskadik ezin duelako rankingaren lehen postuetan jarraitu. Gure etxeari harriak botatzen ari gara eta».
Lehiakortasuna eta kalitatezko enplegua. Pradales: «Aberastasuna sortzea da herri aurreratu eta justua eraikitzen jarraitzeko gakoa. Aberastasunik gabe ez baitago ez ongizaterik, ez gizarte kohesiorik, ez gizarte arrakalak gainditzerik, ez bizi proiektu osoak garatzeko aukerarik. Lehiakortasunaren eta produktibitatearen erronkak ez dira enpresen eta enpresarien erronkak, guztionak baizik. Eta beste horrenbeste esan dezakegu kalitatezko enpleguaz. Gaur, desafioa ez da hainbeste lanpostu gehiago sortzea, lanpostu hobeak sortzea baizik. Aldi berean, aukera berriak aprobetxatzeko talentua sortu, erakarri eta sustraitu behar dugu, lehia biziko testuinguru globalean».