5,6 milioi haur hiltzen dira urtean janari eskasiagatik

2015erako erdira jaitsi nahi dira zer jana urri duten haurrak, baina asko falta da helburua lortzeko

arantxa iraola
2006ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Munduan milioika ume gose dira, edo elikadura eskasa dute, behar bezala hazteko eskasegia. Nazio Batuen Erakundeko Haurren Laguntzarako Funtsak, Unicefek, datu sorta plazaratu du: herrialde behartsuetan 5,6 milioi haur hiltzen dira urtean elikadura faltaren ondorioz, eta beste 146 milioi bizi dira behar baino gutxiago janda. Haurren elikadura eskasiaren kontra egiteko nazioartean jarritako helburuak, gainera, oso urrun daude. 1990etik 2015era desnutrizioa duten umeen kopurua erdira jaistea da helburua, eta aurrera urrats bakan batzuk egin badira ere, ez dira aski. Herrialde behartsuetan bost urtetik beherako umeen artean %32 gose ziren 1990ean, iaz %27. Zenbait lekutan, gainera, aurrera egin beharrean, atzera ari dira azkenaldian, nahi eta ezinean. Atzerapausoak izan dira, esate baterako, Iraken, Sudanen eta Yemenen.

Latza da egoera; garapen bidean dauden herrialdeetan lau umetik batek (%27) ez du behar bezalako elikadurarik jasotzen. Haurrentzako elikagai egokien falta, bereziki, herrialde batzuetan da gordina. Desnutrizioak jotako neska-mutilen %73 garapen bidean dauden hamar herrialdetan bizi dira. Asia hegoaldean, denera, 78 milioi ume bizi dira behar adina janaririk gabe; Indian, Bangladeshen eta Pakistanen bizi dira gehienak. Afrikan ere latza da egoera, datuen gordina ilun-ilun ageri da han: bost urtetik beherako umeen artean soilik lautik batek dute beren adinerako egokia den pisua. Eta Erdialdeko Ameriketan ere hainbat herrialde oso-oso motel ari dira aurrera. Hondurasen umeen %21ek elikadura eskasa dute, Guatemalan %23k, Nikaraguan eta Ekuadorren %12k.Hala ere, baikortasunerako zantzuak ere atzeman dituzte Unicefeko adituek. Latinoamerikan eta Kariben eta Asia ekialdean eta Pazifikoan, bereziki, urritzen ari da umeen desnutrizioa. Bide beretik jarraitzen badute 2015erako jarritako helburua bete dezakete. Latinoamerikan urtean %3,8ko jaitsiera du janari eskasiak erasandako umeen kopuruak. Asian, bereziki, Txinako datuek hobetu dute egoera. Nabarmen urritu dute egokia dena baino pisu urriagoa duten umeen kopurua.

Gosea baino zerbait gehiago

Unicefeko adituek argi utzi nahi izan dute janari eskasiak ez dituela soilik goseak hiltzeko zorian dauden umeei eraso egiten. Arazoa haratago doa. Zer jana badute ume askok, baina kalitate eskasekoa izaten da sarritan duten elikadura; urria, monotonoa eta kalitate kontrolik gabea. «Ageriko desnutrizio kasu askoren atzean, hain argiak ez diren beste hainbat daude. Ume askok bitamina eta mineralen gabezia nabarmena dute; iodoa, A bitamina eta burdina falta dituzte kasu askotan», adierazi zuen atzo Unicefeko zuzendari Ann Venemanek.

Beste ume askoren pisu eskasaren arrazoia jaiotzan egoten da. Ama nerabeen umeak izaten dira, sarri askotan garaia baino lehen jaioak. Pisu gutxirekin jaiotzen dira, eta askok arazoa gainditzerik ez dute lortzen bizitza osoan: beren herrialdeko osasun zerbitzuen gabeziek eta elikaduraren eskasak galarazi egiten diete behar bezala haztea.Elikadura eskasak berak baino gehiago, elikadura eskasak eragindako osasun arazoak izaten dira kasu askotan arazorik nabarmenenak. Urri elikatuta umeek gaitzen aurrean arazo handiagoak izaten dituzte, ariketa fisikorako eta ikasketetarako ahalmen urriagoa, gainerakoak baino txikiagoak eta meharragoak izaten dira, eta neska kozkoraskok,nerabezaroan, haurdunaldirako edo bularra emateko ordua iristen zaienean arazoak izaten dituzte.Haurrei A bitaminazko osagarriak ematea, iodoa emateko kanpainak egitea, edoskitzearen aldeko politikak bultzatzea. Unicefen arabera, hartzen errazak dira neurri horiek, eta eraginkorrak. Horien alde tinko egin behar dela gogorarazi zuen atzo Ann Venemanek: «Aurrera urrats handiak egin ditzakegu epe oso laburretan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.