ENTZEFALOPATIA ESPONGIFORMEA

'Behi eroen' gaitzaren ustezko lehen kasua agertu da AEBetan

Lehen probek positiboa eman arren, Erresuma Batura bidalitako laginen emaitzen zain dago Gobernua

Erredakzioa
2003ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetako behi eroen ustezko lehen kasua joan zen asteazkenean jakin zen, Washingtonen. Ondorioz, mundu osoko hainbat herrialdek ateak itxi dizkiote AEBetako okelari. Horien artean daude Mexiko, Japonia eta Hego Korea, haragi gehien importatzen zuten hiru herrialdeak. Ann Veneman AEBetako Nekazaritza ministroaren esanetan, ordea, ez dago beldurtzeko arrazoirik.

Nekazaritza ministroak adierazi zuenez, abenduaren 9an izan zuten behi eroen ustezko lehen kasuaren berri. Ondorioz, lehen probak egin ostean, haren azalaren laginak Erresuma Batura bidali zituzten, entzefalopatia espongiformea ote zuen jakiteko. Behiak ibiltzeko zailtasunak zituen arrenbehi eroen gaitzaren sintometako bat da hori, haragia AEBetako hiru hiltegitara bidali zuten, eta, egunotan, AEBetako agintariak hura aurkitzeko lanetan ari dira. Venemanen esanetan, baina, arriskutsuak izan daitezkeen zatiak garuna, bizkarrezurra eta muina merkatutik kanpo geratu dira.Era berean, behiaren jabearen etxaldea ere berrogeialdian jarri dute, animalia non eta nola kutsatu zen jakiten den arte.Entzefalopatia espongiformea kutsatutako animalien haragia janez gero harrapatzen da gaitza, eta gizakiengan ere badu eragina. Gizakiek behi eroen okela jaten badute, Creutzfeldt-Jakob gaixotasuna garatzen dute (CJD). Adituen esanetan, gaitza kutsatutako animaliaren baten garuna edo bizkarrezur muina janez harrapatzen da gaitza. Venemanen arabera, ordea, inor gaixotzeko arriskua «oso txikia» da. «Gaitzak bost urte inguruko inkubazio epea behar izaten du garatu ahal izateko. Ondorioz, oso garrantzitsua da animalia nola kutsatu zen jakin eta arriskutsua izan daitekeen okela merkatutik kentzea», esan zuen Ameriketako Estatu Batuetako Nekazaritza Ministerioko langileetako batek, Ron DeHaven-ek. Erresuma Batura bidalitako laginen emaitzak jaso arte ezin dela ezer ziurtatu nabarmendu zuen DeHavenek. Iturri ofizialen arabera, datozen egunetan jakingo dira ikerketen emaitzak.AEBetako Nekazaritza Departamenduak (USDA) behiaren laginekin egindako lehen bi probek, bestalde, positibo eman dute. Ondorioz, Erresuma Batuko emaitzak oraindik jakinak ez diren arren, ager daitezkeen kasuei aurre egiteko neurriak hartu ditu USDAk. AEBetako okela kutsatuta egon daitekeela jakiteak, baina, beldurra zabaldu du nazioartean, nahiz eta AEBetako Gobernuak lasaitasuna eskatu dien kontsumitzaileei. Europako Batasunak, AEBetatik ekarritako okela debekatu ez duen arren, kasua gertutik jarraitzen ari dela adierazi du.

Segurtasun neurriak

Europan duela 15 urte inguru agertu ziren behi eroen lehen kasuak, eta garai hartan hartu zituzten AEBek ere gaitzaren aurkako lehen segurtasun neurriak. Entzefalopatia espongiforme kasuak agertu ziren herrialdeetako okela mugatu zuten, eta haragiarekin egindako janaria bestelako abereak elikatzeko erabiltzea debekatu zuten, besteak beste. Horrez gain, urtero milaka animalia aztertzen dituzte, behi eroen gaitza ote duten jakin ahal izateko. Venemanen arabera, iaz 20.526 animaliari egin zitzaizkien probak. Iturri ofizialen arabera, ordea, urtero 35 milioi behi saltzen dira eta 32 bilioi euro inguru irabazten dituzte. Orain, baina, nabarmen egingo dute behera salmentek, adituen arabera.

Erresuma Batuko Haragi eta Aziendarako Batzordeko bozeramailearen esanetan, baina,AEBetan entzefalopatia espongiformea duen behi bat agertu izana kezkagarria den arren, kontsumitzaileak «lasai egon daitezke», bertako Gobernuak neurri ugari hartu baititu haiek babesteko. Batzordearen arabera, bestalde, Erresuma Batuak 15 tona okela eraman zituen AEBetatik joan zen irailean.Erresuma Batuan agertu da orain arte behi eroen kasu gehien. Gaitzaren aurkako neurri ugari hartu zituzten, baina ondorioak beste herrialdeetan baino larriagoak izan ziren. Orain arte, 80 pertsona inguru hil dira Creutzfeldt-Jakob gaitzak jota Erresuma Batuan.

-

AEBetako okela debekatu dutenak





-Arabiar Emirerri Batuak

-Australia

-Brasil

-Errusia

-Hego Korea

-Hegoafrika

-Hong Kong

-Japonia

-Kanada

-Malaysia

-Mexiko

-Singapur

-Taiwan

-Thailandia

-Txina

-Ukraina

-Vietnam
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.