INGURUMENA. ENERGIA ATOMIKOA. ZENTRAL NUKLEARREN AURKAKO BORROKA

'Bretainiako Lemoiz' gelditu zuteneko 25. urteurrena

2005eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
25 urte bete dira aurten Bretainiako Plogoff (Finistere, Penn-ar-Bed) herriak Frantziako elektrizitate konpainiaren kontra garaipen historikoa lortu zuela. Frantziak programa nuklearra abiatu zuen 1974. urtean, petrolioaren krisialdia zela-eta. Bretainiako kostaldeko Plogoff herrixka aukeratu zuen Parisek, zentral nuklear bat eraikitzeko, 1978. urtean. Plogoffeko herritarrak berehala mobilizatu ziren egitasmoaren aurka. Frantziako agintariek Plogoffeko udalera bidalitako agiriak erre zuten zinegotziek 1980ko urtarrilaren 31ean, eta gauero borroka gogorrak izaten ziren kaleetan, herritarren eta Frantziako Poliziaren artean. 1980ko martxoaren 16an 50.000 pertsona elkartu ziren herrixkan, egitasmoaren kontrako manifestazioan. Bost urteko erresistentziak , eta manifestazio horrek zapuztu zuten, azkenean, Plogoffen zentral nuklearra egiteko egitasmoa. 1981eko maiatzean François Mitterrand Frantziako presidente aukeratu zutenean utzi zuten egitasmoa bertan behera ofizialki. Beste aukerarik ez zuen izan Mitterrandek, Plogoffen zentral nuklearra egitearen kontra mintzatu zelako, manifestazioa egin zenean. Urteurrena ospatzeko, eta Plogoffen izan zen erresistentzia gogoratzeko liburua irudian argitaratu du berriki Gerard Borvon ekologistak. Plogoffeko borrokan zuzenean hartu zuen parte Borvonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.