Cuatro agertu denetik, ETB2 kateak behera egin du eta ETB1ek gora

Euskarazko katean 'Wazemank' umorezko saioa da gehien ikusten dena, kirola aparte utzita

URTZI URKIZU - DONOSTIA
2006ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Sei hilabete beteko dira igandean Cuatro telebista katea irekian emititzen hasi zenetik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bere tartetxoa egin du kate horrek, eta apirilean, %6,2ko audientzia eskuratu du. Cuatro azaldu denetik, ETB2k behera egin du: 2005eko urrian %17,7ko audientzia zuen, eta apirilean, %16 eskuratu du. ETB1 euskarazko katearen datuetan, aldiz, ez du eraginik izan Cuatro agertzeak: duela sei hilabete %4,8 zuen ETB1ek, eta apirilean, %5,2 lortu du.

Hego Euskal Herrian, ETB2, TVE1, Tele5 eta Antena3 kateei kendu dizkio ikus-entzuleak Cuatrok. Espainiako estatuko datuei dagokienez, prime-time ordutegian %6,6a lortu du kate berriak (lehen, ordutegi horretan, Canal Plus kodetuta zen). Eta beste bi kate pribatuei egin die kalte ordutegi nagusian Cuatrok: Tele5i hiru puntu kendu dizkio eta Antena3ri bi. TVE1 katea, berriz, bere horretan mantendu da prime-time-an.Cuatron baikor azaldu dira datuak ematean, eta 13-24 urte bitartekoen artean %7,9ko audientzia dutela azaldu dute. Daturik onenak House telesailarekin izan dituzte: apirilaren 25eko atalak 2.740.000 ikus-entzule izan zituen (%15,9ko pantaila kuota). Iker Jimenez arabarrak aurkeztutako Cuarto Milenio saioak %10,6 izan du igande gauetan.

ETB1 gora, baina duela 13 urteko datuetan

Azkeneko hilabeteetako datuak hobetu ditu ETB1 kateak. 2005. urte osoa %5eko batez bestekoarekin amaitu zuen. Aurten, otsailean %4,6 izan du, eta martxoan, %4,8. Horrenbestez, azkeneko hilabetean lau hamarren hazi da euskarazko katea.

Maila horretan ibiltzea ohikoa da ETB1 katearentzat. Izan ere, %5,5eko audientzia izan zuen duela 13 urte, 1993an. Duela bi urte, 2004an, %5,3 eskuratu zuen (apirileko datua gaindituz). Baina orain kate gehiago daude lehian, eta litekeena da euskarazko katearen ehunekoa besteekin batera jaistea. La Sexta kate berria hasten denean, esate baterako, gehiago zatikatuko da audientzia; apirilean, %0,2 izan du Espainiako estatuan (1.196.000 ikus-entzule).ETB1en gehien ikusten diren emanaldiak astero-astero kirol arlokoak izaten dira. Eta kiroletik aparte, Wazemank da gehien ikusten dena. ETBk emandako datuen arabera, euskaldunen artean audientziaren %30,1eko zatia eskuratu ohi du umore saioak.

'Teleberri1' gehiago ikusten da 'Teleberri2' baino

ETB2ri dagokionez, albistegien eta Date el bote lehiaketaren (%24) datuak nabarmendu dituzte ETBtik. Estibalitz Ruiz de Azuak eta Juan Carlos Etxeberriak aurkeztutako Teleberri1-ek (15:00) datu hobeak lortu ditu apirilean gauean Aitzol Zubizarretak eta Vanessa Sanchezek aurkeztutako Teleberri2-k baino. Teleberri1 128.000 ikus-entzulek jarraitu dute egunero (%23,3) eta Teleberri2 120.000 ikus-entzulek (%20). Azkeneko egunetan, Tele5eko albistegia da gailentzen, gehienetan, gaueko bederatzietan.

Nabarmentzekoa da, era berean, Tele5 kateak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen nagusitasuna. 44. hilabetez izan da liderra, %26,6ko batez bestekoa lortuz (behera egin du azkeneko hilabeteetan, Cuatrorengatik). Bigarren lekuan borrokan dabiltzan Antena3, ETB2 eta TVE1eri hamar puntuko aldea ateratzen die, halere, Tele5ek.Espainian, alde txikia ateratzen dio Tele5ek (%21,3) Antena3ri (%20,6). TVE1ek inoizko datu txarrena errepikatu du (%18,8). La2 katea %5ean mantentzen da. Gaikako telebista kateek, bestetik, inoizko daturik onena lortu dute apirilean: %8,5. Iaz baino puntu bat eta bi hamarren gehiago dituzte gaikako kateek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.