Guztira hiru milioi fededun inguru izan ziren atzo Mekako inguruetan Sakrifizioaren Eguneko betebeharrak egiteko. Erromesaldi honek mundu osoko musulmanak erakartzen ditu Mekaraino. Izan ere, musulman orok bizitzan behin egin beharra daukan erritua da. Erromesak bere bekatuengatik barkamena eskatzeko egiten du Hatx-a.Keinu horrekin men egiten diola erakusten dio Alari, eta islamarenmaila gorenera heltzen da. Erromesek Deabruaren Harrikatzearen erritua bete zuten atzo goizean, Minako haranean. Han, hiru jamarat-ak harrikatu zituzten, deabruaren tentazioa irudikatzen duten hormigoizko zutabeak. Iaz, erritu hau betetzean, 251 pertsona hil ziren jende oldearen azpian zanpaturik. Aurten, ordea, ez da inolako ezbeharrik egon. Hein handi batean, azpiegituretan egindako hobekuntzei esker.
Segurtasun neurriak eta arkumeen sakrifizioa
Iazkoaren gisako ezbeharrak saihesteko, agintari musulmanek erabat berreraiki dituzte Minako azpiegiturak. Lehen, harriak jaurtitzeko, erromesak deabru itxurako irudi batzuetara igotzen ziren. Aurten, ordea, 25 metroko garaiera duten bi plataforma jarri dituzte, jendea igo dadin. Zutabeen oin biribilaren ordez, jendearen banaketa errazten duen egitura obala eraiki dute. Zutabeen oinak, aldiz, kautxuz estali dituzte.
Horretaz gain, atzoko, Saudi Arabiako Gobernuak segurtasun programa berezia prestatu zuen. 50.000 soldaduk eta poliziak zaindu zuten harrikatzeko erritua. Meka inguruko ospitale guztiek, berriz, lan talde bereziak prestatu zituzten. Halere, ezin izan zuten heriotza bat saihestu, 70 urteko erromes bat bihotzekoak jota hil baitzen.Atzo arratsaldean, ostera, Saudi Arabiako Poliziak helikopteroetatik Minako herriko inguruko ordokiak zaindu zituen, han erromesek Abrahamek eginiko sakrifizioa gogoratzeko milaka arkume odolustu baitzituzten. Erromes gehienek, ordea, 125 eurotan saltzen ziren Garapenerako Banku Islamiarrarenbonu bat erostea erabaki zuten. Bankuak, gero, ongilearen izenean, arkume bat hil eta Meka inguruko txiroen artean banatzen du, ohiturak behartzen duen bezala.
Ilunabarrean,Kaabari Mekako meskitan dagoen harri beltzari, alegia zazpi itzuliak egin aurretik, gizonezko erromesek ilea moztu behar izan zuten. Horretarako milaka ile-apaintzaile joan ziren Minara, beraientzat espresuki prestaturiko guneetara. Ilea mozteak 15 rial balio du, (5 euro); guztira, ile-apaintzaile bakar batek 230.000 euro irabaz ditzake egun bakarrean.
Gaur, bigarren harrikatzea
Hatx-ak laugarren eguna beteko du gaur; bigarren harrikatzearen eguna, hain zuzen. Gaur ere, milioika erromesek berriro harrikatuko dituzte deabruaren tentazioa irudikatzen dituzten zutabeak. Bihar, erromesaldiaren azken egunean, erromesak hirugarren harrikatzea egin ahal izango du. Hirugarrena, baina, ez da ezinbestekoa.
Erromesaldia duela hamar egun hasi zen, egun ezagunenak azken bostak badira ere. Lehen zazpi egunetan lehen zatia bete behar da, Umra deritzona. Umra hurrengo egunetako errituak egin ahal izateko prestaketa da.
Hatx-a erritu islamiar ikusgarriena da, eta izugarrizko garrantzia dauka fededun musulmanarentzat. Herrialde arabiarretatik,Asia, Europa eta Ameriketako herrialde askotatik heltzen dira fededunak. Musulmana ez denak galarazita dauka erromesaldian parte hartzeak. Hatx-a betetzen duen musulman orok harro aldarrikatzen du Alak urte horretan bera hautatu duela erromesaldia egiteko.
-
OSASUN ARAZOAK
Eguzki ukaldi ugari eta izurrite arrisku handia
Milioika pertsona bateratzeak osasun arazo larri asko eragiten ditu Meka aldean. Halere, urteroko erromesaldian bi dira larrienak: eguzki ukaldiak eta izurriteak. Errituak ilea moztera behartzen du fededuna eta kapelua galarazten dio. Horregatik eta erromes askok baraua egiten dutelako, milaka eguzki ukaldi izaten dira urtero. Beste arriskua, berriz, izurriteak dira. Hori dela eta, Saudi Arabiako agintariek garbitasun gomendioak ematen dizkiete erromesei. Halere, adituen ustetan, neurri egokiena iristen uzten zaien erromes kopurua murriztea izango litzateke.