KUTSADURA

Etxerako lurrinek airea pozoitzen dutela frogatu dute

Gure bizilekuetan usain txarrak ezkutatzeko eta usain ona sortzeko erabiltzen ditugun gaiek garbitu beharrean are gehiago kutsatzen dute

Erredakzioa
2004ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Airea «garbitzeko» saltzen duten produktuetako bat etxean zabaltzen dugunean, trafiko handiko kale batean arnastuko genukeen baino gai toxiko gehiago arnasten dugu. Horra atzo Kontsumitzaile Batasunen Europako Bulegoak egin zuen oharpena. Izan ere, erakunde horrek Europan saltzen diren produktuak aztertu ditu. Gehienek narritadura, alergiak eta minbizia sortzen dituzten gai ezagunez beterik daude. Gaiok merkaturatu aurretik behar bezala aztertzen ez direla salatu eta etxean arnasten dugun koktel toxikoa saihesteko neurriak har ditzala eskatu diote Europako Batasuneko agintariei.

«Emaitzak larriak dira. Gogoa ematen du zera esateko: arnasteak hil egiten du», adierazi zuen atzo Alain Bazot Frantziako Kontsumitzaileen Batasuneko (UFC-Que Choisir) presidenteak. Erakunde horrek, Belgika, Italia, Espainia eta Portugalgo antzeko taldeekin batera, 76 produktu aztertu ditu, eta horietako askotan formaldehidoa eta bentzenoa aurkitu dituzte, minbizia sortzen duten gaiak. Horrez gain, mukosak eta arnasbideak narritatzen dituzten gaiak zein sistema endokrinoari kalte egin diezaioketen hormonak edo, besterik gabe, osasunarentzat arriskutsuak diren konposatuak daude produktuotan. «Esaten digutenaren kontra, etxerako lurrinek eta aire-freskagarriek ez dute airea garbitzen, baizik eta kutsatzen, oso toxikoak diren gaiak zabalduz», esan zuen atzo Jim Murray Kontsumitzaile Batasunen Europako Bulegoko (BEUC) zuzendariak Bruselan eginiko prentsaurrekoan. Erakundearen arabera, produktuok «benetan arriskutsuak dira osasunarentzat, ez soilik alergia edo asma duten pertsonentzat edo haurdun diren emakumeentzat edo umeentzat, baita erabiltzen ohi dituzten gainekoentzat ere». Etxe barneko kutsadura arazo larritzat jo zuen Frederique Ries Europako Legebiltzarreko diputatuak ikerketaren emaitzak jakin ondoren.

Produktu naturalak?

Aerosolak eta bestelakoak baztertuta, intsentsu eta naturalak direlakoan erositako gaiak ere erabiltzen dituztenak «oker» dabiltzala adierazi dute ikertzaileek. «Intsentsua erretzea autoaren ihes-hodiaren muturrean arnastea bezala da», dio UCF-Que Choisir erakundearen aldizkariak. Izan ere, parafinarekin egiten diren kandelak erretzean ustez minbizi sortzaile diren estirenoa eta naftalenoa aireratzen dira, formaldehidoarekin batera. Oso azterketa gutxi egin dira produktuok osasunean edo ingurunean duten eraginaren inguruan. Izan ere, industriakgaiok azalaren gune zehatzetan dituzten ondorioak baino ez ditu probatzen.

BEUCek eginiko azterketa gauzatzeko prozedura bera jarraitu dute ikertzaile taldeek: margoturik gabeko eta erabili gabeko gela batean jarri zituzten produktuok, banan-banan. Ateak itxita izan ondoren, gelako airearen laginak hartu zituzten, produktuak erabili ondoren.

Europan legedi bateraturik ez dagoenez, Ameriketako Estatu Batuetan erabiltzen diren baremoak hartu dituzte kontuan. Etxe bateko airea osasuntsutzat jotzeko, halako gaien kontzentrazioak ez du 200 mikrogramo metro kuboko (ug/m3) muga gainditu behar. BEUCek eginiko analisian, berriz, produktu gehienek muga gainditzen dutela ikusi dute eta horietako batzuk 1.000 ug/m3 sortzera heltzen direla.

Alergiak eta minbizia

Produktuok dituzten gaiak hainbat gaixotasun eragin ditzakete. Batzuek narritadura sor dezakete, begietan, sudurrean, eztarrian edo arnasbideetan. Horrez gain, krisiak sor diezaiekete asma dutenei. Usainak sortzeko gaiek alergiak sor ditzakete, azala ukitu edo gero ingurumenean degradatu ondoren. Beste gai batzuek sistema endokrinoari eragiten dioten gaiak dituzte. Larriena, ordea, minbizia eragiten duten gai ezagunak eta susmagarriak direnak aurkitu izana da. Produktu gehienetan daude.

-

Kutsadurari aurre egiteko



 

eskaerak bruselari





Azterketak: Etxerako lurrin eta aire-freskagarriak merkaturatu aurretik horien osagaien toxikotasuna aztertzeko eskatu du Kontsumitzaile Batasunen Europako Bulegoak.

Legearen hutsuneak: Gai Kimikoen Europako Araudiak (REACH legedia) dituen hutsuneak konpontzeko. Izan ere, egun produktu bakoitzari mugatzen diote izan ditzakeen gai toxikoen kopurua, kontuan hartu gabe gaiok gorputzean pilatzen direla eta kontsumitzaileek produktu asko izaten dituztela inguruan.

Etiketak: Alergia sor dezaketen gaiak etiketan jartzera behartzeko. Baita haurdun diren emakumeen, umeen eta asma dutenen aurrean ez erabiltzeko gomendioa dakarren testua.

Propaganda: Erretira ditzaten «gezurrezko mezuak» produktuen publizitatetik; esaterako, «airea garbitzen du», edo «produktu naturala».

aholkuak kontsumitzaileei





Aireztatu: Etxeko airea freskatzeko modurik hoberena leihoak irekitzea da.Ez erabili: Etxerako lurrinak eta aire-freskagarriak saihesteko edo ahalik eta gutxien erabiltzeko gomendatzen dute kontsumitzaileen elkarteek.

Kontuz 'produktu naturalekin': Intsentsuak, erretzeko olioak, kandelak eta bestelakoak ez dira besteak baino osasungarriagoak, bestela saltzen badituzte ere.

Alternatibak: Usain ona duten frutak eta belarrak erabili, merkatuko produktuen ordez. Usain txarrak xurgatzeko, bikarbonatoa erabili, urarekin nahastuta. Landare askok gai toxikoak xurgatzeko ahalmena dute, besteak beste, potoak, xingolak, drakaenak eta aloe verak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.