OSASUNA

Europan 58.000 gaixok egiten dute urtean beren buruaz beste

Buruko osasunari ez zaiola behar besteko garrantzia ematen esan du Markos Kyprianou Europako Osasun komisarioak. Haren esanetan, errepide istripuetan baino 7.000 lagun gehiago hiltzen dira arazo psikikoekin

Erredakzioa
2005eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Buruko osasun arazoen ondorioz, 58.000 lagun inguruk egiten dute urtean beren buruaz beste Europan, Markos Kyprianou Osasun komisarioaren arabera. Haren esanetan, errepide istripuetan baino 7.000 lagun gehiago hiltzen dira urtean buruko gaitzen ondorioz. Helsikin (Finlandia) egin zituen adierazpen horiek Kyprianousek, Buruko Gaixotasunei buruzko Konferentziako hasiera ekitaldian. Buruko gaixotasunei ez zaiela behar besteko garrantzirik ematen salatu zuen bertan, eta arazoak dituzten gaixoentzako laguntza egokiak lortzeko konpromisoa hartu zuen.

«Buruko gaixotasunak gaitz fisikoak bezain hilgarriak izan daitezke; minbiziak baino heriotza gehiago eragiten dute, adibidez», ohartarazi zuen Europako Osasun komisarioak. OME Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, Europan lau lagunetik batek izaten du noizbait buruko gaixotasunen bat, eta arazoak dituztenen %56 beren buruaz beste egiten saiatzen dira. Horietatik %15ek lortzen dute beren burua hiltzea. «Buruko osasuna Europako hiltzaile ezkutua da», esan zuen horren harira Kyprianouk.Buruko gaixotasunen artean, depresioa da Europan zabalduen dagoena. Kyprianouren arabera, Europako 12 eta 17 urte bitarteko gazteen %9k dute depresioa, eta horietatik %4 beren buruaz beste egiten saiatu dira noizbait. Horren gainean esan zuen depresioa dutenen erdiek ez dutela inor laguntzeko eta ez dutela tratamendu bat jarraitzen. Horrezaz gain, herrialde askotan espezialistak falta dituztela ere ohartarazi zuen.Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, bestalde, munduan Europak du suizidio tasarik altuena. Baxuena, berriz, Hego Amerikak, herrialde Arabiarrek eta Asiak dute. Azken urteetan, bestalde, beren buruaz beste egiten dutenen adinak behera egin du. 15 eta 25 urte arteko gizonak izan ohi dira normalean. Arrazoiak, berriz, asko izan daitezke: pobrezia, alkoholismoa, drogazaletasuna, langabezia edo bakardadea, besteak beste. Ezintasunen bat izateak handitu egiten du bere buruaz beste egiteko arriskua.Horixe izango dute, hain zuzen ere, aztergai Helsinkingo konferentzian. Bilera Osasunerako Mundu Erakundeak antolatu du eta mundu osoko 50 herrialdetako ordezkariak bilduko dira han. Arazo psikikoak dituzten pertsonei nola lagundu aztertuko dute. Era berean, Suizidioaren Prebentziorako Nazioarteko Batzordeak orain urtebete abian jarritako kanpainaren balorazioa ere egingo dute parte-hartzaileek. Gaixoentzako laguntza egokia lortzea eta bere buruaz beste egiten saiatu direnentzako zentroak zabaltzea ziren egitasmo horren helburu nagusiak. «Datuak larriak dira, eta horrek erakusten du jaramon gehiago egin behar diogula buruko osasunari. Hau aldatzeko konpromisoa hartu dut», esan zuen atzo Europako Osasun komisarioak. Kyprianouk esan zuen nazioarteko ekintza plan bat hitzartzea komeni dela, buruko gaixotasunen kontra egiteko. Eta osasun publikoko estrategiak zehazterako orduan horri lehentasuna eman behar zaiola. OMEren eskaerarekin bat egin zuen Kyprianouk eta tratamendu berriak garatzeko ere eskatu zuen. Bilera honetan eztabaidatuko diren proposamenak eta arazo psikikoen gainean Europan egin diren azterketak nazioarteko estrategia zehazteko erabiliko dituzte gero, Europako Osasun komisarioaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.