Ondo bidean, goizeko laurak aldera espazioratuko da Giove-A satelitea. Lurretik 23.000 kilometrora orbitan jarriko du Soyuz kohete batek. Lehen aldia da Europak satelite bat halako altueran jartzen duela. Giove-A bere burua sakrifikatuko duen aitzindaria da. 30 satelitek osatuko dute Galileo konstelazioa 2010erako, baina Giove-A ez da horietako bat izango. Satelitearen misioa Galileo sarearen teknologia probatzea da, batez ere sistemaren erloju atomikoak.
Egitasmo politikoa
Europak inoiz izan duen espazio egitasmorik garestiena da Galileo. Satelite sare baten bidez, hargailu batez hornituriko hegazkinak, ontziak, autoak edo gizabanakoak une oro non dauden jakin ahalko da, metro bateko errakuntza tartearekin. Nabigatzaileek ere aukera izango dute non dabiltzan jakiteko, itsaso zabalean, edo hiri ezezagun batean. Autobus konpainiek aukera izango dute ibilgailuak koordinatzeko, Poliziak jarraitu ahalko ditu eskumuturreko berezi bat eramatera zigorturiko pertsona baten nondik norakoak, eta erreskate taldeek mendian galduriko edo elur-jauzi batek azpian harrapaturiko mendizalea non dagoen berehala jakin ahalko dute. AEBen Global Positioning Systemak (GPS) egun egiten duena egingo du Galileok, baina askoz zorrotzago. GPS AEBetarako dago prestatuta, eta gainontzeko herrialdeetan 10 metroko errakuntza tartea eman dezake. Galileok, ordea, zentimetroak bereizi ahalko ditu.
Ezer baino lehen egitasmo politikoa da Galileo. Europa AEBetako sistemaren menpekoa da egun. Washingtongo Armadaren esku dago GPSa, eta Galileoren bultzatzaileek nabarmendu dutenez, edozein unetan erabaki dezakete estatubatuarrek munduko leku bat seinalerik gabe uztea. Galileo, berriz, egitasmo zibila da, eta partzuergo batek kudeatuko du. Enpresei begira diseinatu dute. Hargailua duen edonork erabili ahalko du, baina horrez gain, zerbitzu bereziak eskainiko dituzte enpresek euren produktuak lantegitik eroslearen etxeraino kontrolatzea izan dezaten.«Lehen satelite honekin Galileo abiatu dela esan dezakegu», adierazi zuen atzo Eusopako Espazio Agentziako (ESA) egitasmo industrialen buruak, Giuseppe Virigliok. «2006an, probetarako beste satelite bat jaurtiko dugu, eta beste jaurtiketak egingo ditugu 2008, 2009 eta 2010ean. Galileo erabat zabaldurik egongo da, 30 satelite orbitan ditugunean», gaineratu zuen Virigliok. Hiru urte baino gutxiago behar izan dute Giove-A diseinatzeko, eraikitzeko eta jaurtitzeko. Izan ere, azkar ibili behar izan dute satelitearekin, datorren urteko ekainerako espaziotik seinaleak igortzen aritu beharko duelako, Nazioarteko Telekomunikazioen Batasunak emaniko maiztasunetan. Hala ez badu egiten, maiztasun horietan igortzeko eskubidea galduko du Europak, eta dagoeneko 130 milioi euro inbertituta daude egitasmoan.
Erloju atomikoak, non zauden jakiteko
Doppler efektuan oinarritzen da Galileo sistemaren teknologia, mugitzen den objektu batek igorritako seinale baten frekuentzian gertatzen diren maiztasun aldaketetan, alegia. Aldaketa horiek, erreferentzia finko batekin alderatzen badira, objektua non dagoen jakin daiteke zehaztasunez. Sistema misilak gidatzeko erabili zuten hasieran, baina 1993. urtetik aurrera, edonork erabiltzeko moduan jarri zuten (GPS). Errusiak bere sistema garatu zuen, Glonass, baina satelite gutxiago dituenez, ez da horren fidagarria.
Rubidiozko erloju atomikoak erabiliko ditu Galileok, erreferentzia finko gisa. Egun espaziorako erabiltzen diren erlojuak baino 10 aldiz zehatzagoak dira ordulariok.Bruselak bere sistema antolatzeko asmoa zuela plazaratu zuenean, haserre erantzun zuten AEBk, bere sistemari interferentziak eragingo zizkiolakoan. Ekainean, ordea, hitzarmena sinatu zuten Bruselak eta Washingtonek, Galileo GPSrekin bateragarria izan dadin. Erabili beharreko maiztasunak aldatu zituen Europako Batasunak. Errusia eta Txina beren sistemaren bezero bihurtzea espero zuen Europako Batasunak, eta Pekinek dagoeneko sinatu du kontratua, Galileon parte hartzeko. Egitasmoak EBren lehiakortasuna eta Barne Produktu Gordina handituko dituela argudiatzen du Bruselak. Edonola ere, galdera bat dabil behatzaile guztien ahotan: Nor egongo da prest egun doan ematen duten zerbitzu batengatik ordaintzeko?
GPSa eta Galileo
Hona hemen Ameriketako Estatu Batuetako GPS nabigazio sistemaren eta Europako Galileoren arteko desberdintasunak:
Zorroztasuna: GPS sistemak 10 metroko errakuntza tartearekin zehazten du gauza bat non dagoen. Galileok satelite gehiago erabiliko ditu erreferentzia gisa, eta metro bateko errakuntza tartea baino ez du izango.
Irismena: Hirien erdialdean, eraikinen barruan eta zuhaitzen azpian erabili ahalko da Galileo.Sistema zibila, ez militarra: GPS sistema AEBetako militarren esku dago. Sistema leku batean bertan behera uztea erabateko ahalmena dute, beraz. Galileo zibila izango da, eta bezero nagusiak gobernuak eta enpresak izango dira.
Mailak: Galileo doako zerbitzua izango da, hargailu bat duen edonork erabiltzeko. Baina izango ditu zorroztasun handiagoko zerbitzuak, diru truke enpresei eskaintzeko, edo larrialdi zerbitzuek erabil dezaten.
Fidagarritasuna: Sisteman akatsak egonez gero, Galileok une oro jakinaraziko die bezeroei. Ezinbestekoa da hori hutsok pertsonen bizia arriskuan jar dezaketen egoeretan.
Erantzuna: Istripu bat dela eta, larrialdi zerbitzuen laguntza eskatu dutenei, mezua bidali ahalko diete, salbamendu taldeak bidean direla ohartarazteko.