POLUZIOA

'Exxon Valdez'-en mamua berriro Alaskako kostan

Dozenaka pertsona mobilizatu dira Malaysiako ontzi batek eragindako erregai orbana garbitzeko

Erredakzioa
2004ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Iragan beltzaren oroitzapenak jo du berriz Alaskako kostaldea, Exxon Valdez petroliontziak Ameriketako Estatu Batuetako isurketarik larriena eragin zuenetik 15 urtera. Malaysiako ontzi batek milioi erdi litro erregaipasatxo itsasoratu ditu, ekaitzak erditik hautsi ondoren. Salbamendu operazioan, helikoptero bat itsasora jausi zen eta sei lagun galdutzat jo dituzte. Larrialdietako zerbitzuetako kide, zientzialari eta naturaren babeserako langile ugari lanean ari dira, kalteak neurtzeko eta erregai orbana garbitzeko, Exxon Valdez-en hondamendiaren lezioa ikasita.

Duela zazpi egun hasi zen hondamendia. Selendang Ayu Malaysiako banderapeko ontziak kontrola galdu zuen Bering itsasoan, ekaitzarengatik. Ontzia ainguratzen saiatu ziren eta, gero, atoian eramaten. Ahaleginok huts egin zuten, ekaitzak lokarriak hautsi zituelako.Asteazken gauean, salbamendu taldeetako helikoptero bat itsasora amildu zen, Selendang Ayu-ko eskifaia lehorreratzeko lanetan ari zela. Helikopteroko pilotuak eta beste langileak salbatu zituzten, flotagailuak jantzita zeramatzatelako. Ontziko sei marinel, baina, itsasoan galdu ziren. Bilatzeko lanak bertan behera utzi zituzten larunbatean, ur hotzetan hiru egunez biririk irauterik ez zutela izango iritzita. Ontziko 20 marinel onik erreskatatu zituzten.

Natur babesgunea

Ahaleginak, orain, isurketaren kalteak gutxitzera bideratu dituzte. 1,3 milioi erregai zeraman ontziak. Azkenean, baina, 530.000 litro itsasoratu dira. Biltegietako bat puskatu zen itsasontzia erditik zatitu zenean. Exxon Valdez-en istripuan (1989) 16 milioi litro inguru isuri ziren.

Edonola ere, Selendang Ayu ontziak eragindakoak kalte larria sor dezake, inguruko kostaldea itsasoko ugaztun, hegazti eta arrain espezie askoren natur babesgunea delako. Galtzeko zorian diren steller itsas-lehoien, Aleutiar uharteetako itsas igaraben eta beste espezieren bizilekua da.Malaysiako ontziak isuritako erregaia fuel olioa da, Prestige-k Galiziako kostaldean duela bi urte botatako erregai mota bera. «Oso gai itsaskorra da», esan du Leslie Pearson Alaskako Ingurumen Departamentuak isurketetarako duen programako zuzendariak. Fuel olioak hondoratzeko joera du. Erregaia hondarrarekin nahastea da arrisku nagusia. «Abereak jaten badute, elikadura kate osora hedatuko da», esan zuen Pearsonek.Kalteak zenbatzeko eta erregaia garbitzeko lanak askoz errazagoak izan ziren igandean eta atzo. Eguraldia asko hobetu zen, haizea baretu eta ontziaren bi zatiak jotzen zituzten uhinen altuera nabarmen jaitsi. Edonola ere, kontu handiz jokatuko zutela esan zuten Unalaska uharteko agintariek, salbamendu helikopteroarekin gertatutakoa berriz gerta ez dadin.

Exxon Valdez ontziak munduko petrolio isurketarik larrienetakoa eragin zuen 1998. urtean, Alaskako kostaldean. 15 urteren buruan, zoruak kutsaturik jarraitzen duela esan dute inguruko kostaldea aztertu duten zientzialariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.