Goi bilera NBEn, Afrikako polio izurritea nola gelditu ebazteko

Gaitza beste bost herrialdetara hedatu da, Nigeriak umeak txertatzeari uko egin ondoren

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Afrikako zortzi estatutako Osasun ministroak Nazio Batuen Erakundeko buruekin biltzekoak dira datozen egunotan, Genevan (Suitza). Nazioarteko erakundeak goi bilera antolatu behar izan du, gaitz kutsakorra beste bost herrialdetara zabaldu ostean. Joan zen abendurako desagerrarazi nahi zuen NBEk gaitza mundutik. Afrikan berriz zabaldu izanaren erantzukizuna, Nigeriako hainbat agintariri egotzi diete. Izan ere, hainbat hilabetez haurrak txertatzeari uko egin zioten iaz Kano eskualdeko agintariek.

1.185 polio kasu izan ziren iaz; horietako mila, Afrikan. 2003. urtean 784 izan ziren. Edonola ere, 2005a bukatu aurretik birusa desagerraraziko dutela uste du Osasunerako Mundu Erakundeak.Iazko lehen hilabeteetan, sei herrialdetan soilik zeukaten gaitza: Indian, Pakistanen, Afganistanen, Nigerian, Nigerren eta Egipton. Asian erdira jaitsi ziren kasuak urtebetean. Abendurako polioa desagertu egingo zela iragarri zuen OMEk.Afrikan, ordea, areagotu egin dira kasuak, aurten 400 milioi haurri txertoa jarri dieten arren. Duela bederatzi hilabete ez zegoen kasurik Sudanen, baina azken datuen arabera, 112 haur kutsatu berri dira. Izurritea Burkina Faso, Boli Kosta, Afrika Erdialdeko Errepublika eta Txadera ere zabaldu da.Iazko otsailean txerto kanpainari boikota egingo ziotela iragarri zuten Nigeriako Kanon Estatuko agintariek. Haien esanetan, kanpaina AEB Ameriketako Estatu Batuek prestatutakoa zen, eta «emakume musulmanak antzutzea» zuen helburu. «Gure osasun adituen batzordeak kontrakoa esaten ez badigu behintzat, gure haurrei ez diete txertoa jarriko», adierazi zuen Yau Sule Kanoko Gobernuaren bozeramaileak.Abuztuan, debekua kendu eta berriz hasi zen kanpaina, baina haurren %60renganasoilik heldu zen. Nigerian beste inon baino haur gehiagok daukate polioa; gaitza Kanon sortu zen azkenekoz.

Edateko uraren bidez kutsatzen da polioa. Nerbio sistema zentralari eragiten dio, eta paralisia zein heriotza eragin ditzake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.