xoko bat egin diete indiarrei piztiaren bihotzean. Mendeetan zehar sarraskitu, mespretxatu, erbesteratu eta ia desagerrarazi ondoren, Washingtongo botere gune nagusiaren erdian eraiki dute nazio indiarrei eskainiriko museorik handiena eta ikusgarriena. Indiarren zorigaitza eragin zuten legeen eta aginduen iturburuaren ondoren dago irekia Amerikako Indiarraren Museo Nazionala (NMAI), hau da, Ameriketako Estatu Batuen Kongresuaren egoitza den Kapitolioaren aldamenean. Batzuen arabera, indiarrei azken 500 urteotan gertatu zaien onena da. Beste batzuen arabera, 219 milioi dolar kostaturiko zurikeriaren monumentua.
«Museo hori irekitzea adiskidetze unea da, indiarrak Ameriketako historian aintzat hartzeko ekitaldia. Herri indiarrak, azkenean, ohorezko tokia du gure nazioaren zelai nagusian», esan zuen Richard West NMAIren zuzendariak irailaren 21ean eginiko inaugurazio ekitaldian. Thunder Bull (Trumoi Zezena) izeneko buruzagi Cheyenne-aren biloba da West, Stanford unibertsitatean ikasitako abokatua.Zurien munduan arrakasta izaniko indiarren museoa da Washingtongoa. Bi senatari indigenak, Ben Nighthorse Campbell eta Daniel Inouyek, 1980ko hamarkadaren bukaeran bultzaturiko ekimenaren ondorio da. Kanadako Oin Beltz bat, Jo Allyn Archambault izan da arkitekto nagusia. Horrez gain, zuzendaritzako kide gehienak eta langileen laurdena indiarrak dira.
Geronimoren erriflea
Minnesotako kareharriaz jantzi dute eraikina. Forma leunen eta zakarren arteko nahasketak, haizearen eta uraren erosioa jasan duen mendiaren itxura ematen dio.
Indiarren objektuen munduko bildumarik handiena dago barruan. Bisitarien bistan 8.000 objektu daude. Tartean dira Geronimo buruzagiaren erriflea eta Sitting Bullen danborra.Hainbat ataletan dago banatuta erakutsitakoa. Gure Unibertsoak izeneko atalak leinuen filosofia du gai. Gure Herriak sailak historia du aztergai, indiarren ikuspegitik, betiere. Gure Bizitzak atalean egungo komunitateen egoeraren berri ematen da.Indiarrek azken mendeetan jasandakoa zeharka azaltzen du museoak. Indiarren aurkako gerrak, Malkoen Bidea deituriko erbesteratze trajikoa eta Wounded Kneeko sarraskia bezalako gertaerak nabarmendu beharrean, «mezu positiboa» eman nahi izan dute. «Nazio indiarrak Amerikan bizitako denboraren %5 besterik ez da garai hori», dio West zuzendariak.Washingtonen lekua izan arren, aro iluna ez da bukatu indiarrentzat. Gobernuak ofizialki ezaguturiko 562 leinuetatik 200 inguruk kasinoen eta Interneten bidezko jokuaren kontzesioak ustiatzen dituzte. Batzuk izugarri ari dira aberasten. Hiru leinuk 10 milioina dolar eman dituzte museoa eraikitzeko. Edonola ere, erretserbetako indiar gehienak probrezia, langabezia, alkoholismo eta kulturaren galera giroan daude itota. 1900. urtean 400 hizkuntza indiar entzuten ziren AEBetan. Egun 175 besterik ez dira gelditzen eta gehienak desagertzear daude, eledunak oso zaharrak direlako.Zaharrotako bat, David Bald Eagle (Arrano Burusoila) 86 urteko sioux buruzagia tradizioei eusten dieten indiarren ordezkaritza batekin bidaiatu zuen Washingtonera. «Museo hau ikuskizun handia da; interes politikoek bultzaturikoa», esan zuen inaugurazio egunean. «Ez zaio inoiz borrokatzeari utzi behar», gaineratu zuen gazteei zuzenduta. Kontuan hartu beharreko hitzak dira, agurea, museoaren zuzendari West bezala, buruzagi baten biloba baita, Custer jeneralaren aurka borrokatu zen White Bull (Zezen Zuri) harroarena. Indiar irabazle edo indiar galtzaile izan asimilatua eta «tradizionala»gizon gorriak bere tipirik handiena ezarri du gizon zuriaren zelaian.
Guggenheim bat indiarrentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu