Hegaztien gripea EBra heldu da

Greziako uharte batean hainbat indioilar kutsatu dira, baina oraindik ez dakite mikrobioaren aldaera hilgarria duten

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2005eko urriaren 18a
00:00
Entzun
Hegaztien gripearen birusak Grezian kutsaturiko indioilar bat da Europako Batasuneko lehen biktima. Atenasko agintariek atzo baieztatu zutenez, Oinousses uharteko etxalde batean aurkitu dute birusa. Laginak Grezia eta Erresuma Batuko laborategietara bidali dituzte, mikrobioa H5N1 den gizakientzat hilgarriaaztertzeko. Larrialdi bilera egingo dute gaur Luxenburgon EBko atzerri ministroek, izurriari aurre egiteko lanak koordinatzeko. Joan zen astean Turkian eta Errumanian aurkitu zuten birusa eta alerta piztu zen. Hegaztien gripea giza pandemia bihurtuko dela «ziurra» dela esan zuen atzo berriz Osasunaren Mundu Erakundeak.

Etxeko indioilarrek jaten ez zutela ikusita, osasun agintariei dei egin zien Egeo itsasoko Oinousses uharteko nekazari batek. Turkiako mendebaldeko kostatik gertu dago uhartea, eta hegazti migratzaileek habia egiten dute han. «H5 birusa dela baieztatu da, baina ez dakigu H5N1 aldaera den», esan zuten atzo Greziako ordezkariek Bruselan. «Azterketen emaitzak ikusteko zain gaude, eta datuak ditugunean hartuko ditugu neurriak», adierazi zuten Europako Batzordeko eledunek.Errumanian larunbatean agerturiko bigarren infekzio gunean H5 motako birusa aurkitu dutela baieztatu zuten atzo. Beltxarga batzuk hilik agertu ziren Mailuc herrixkan, lehen gunetik 30 kilometrora. Greziako kasuan bezala, ez dute egiaztatu H5N1 birusa den sorburua.

Brusela kexu, «hainbat estaturekin»

Europako Batzordeko atzerri, merkataritza, nekazaritza eta osasun ministroak bilduko dira gaur Luxenburgon egoera aztertzeko. Greziako agintariek azken gertaeren berri emango diete eta gaitza gelditzeko harturiko neurrien inguruan eztabaidatuko dute. Litekeena dela ehiza debekatzea iradoki zuen atzo Franco Frattinik Europako Segurtasun komisarioak.

Europako Batzordea kexu zen atzo batasuneko herrialde batzuetan hegaztien gripearen arriskuari emaniko «erantzun eskasarekin». Batzordeko eledunak ez zuen zehaztu zeintzuk diren atzeratuta dabiltzan estatu horiek, baina salatu zuen birusaren aurkako botikak ez direla ari behar bezain azkar pilatzen. «Botikak pilatzeko eskatu zaie estatuei. Ez da aski batzuk prest izatearekin, denak egon behar dira prest», esan zuen atzo Philip Tod batzordeko osasunerako eledunak. Osasunerako Mundu Erakundeak emaniko aholkuaren arabera, herrialdeek euren populazioaren %25 tratatzeko prest egon beharko lukete. Horrela, arrisku taldean dauden pertsonak babestuta egongo lirateke. Horretarako, ordea, 114 milioi dosi bildu beharko dituzte estatuek, EBk 457 milioi biztanle dituelako. Egungo abiadan populazioaren %10 baino ez da babestuko 2007. urtearen amaierarako. Herrialde batzuek batzordeari esan diotenez, zailtasunak dituzte botikak biltzeko, ekoizleek esaten dietelako lehenbizi beste herrialdeentzako eskariak erantzun behar dituztela. Suitzako Roche laborategiek bakarrik dute Tamilfu botika ekoizteko eskubidea. Botika hori da gaitzaren sintomen aurkako eraginkorrena, adituen arabera.Datorren urteko martxoan, hegaztien gripearen aurkako txerto bat gizakietan proatzen hasiko dira Thailandian, atzo hango prentsak zabaldu zuenez.Hegaztiekin lan egiten duten 30.000 pertsonekin probatuko dute txertoa. Bangkoketik mendebalderako eskualdetan gripe kasuak aurkitu dituzte hormatxorietan eta hainbat oilasko etxaldetan, atzo zabaldu zutenez. Asiako ekialdera abiatuko dira aurki Erresuma Batuko Osasun Ikerketa Batzordeko (MRC) adituak. Gaitzari aurre egiteko moduak aztertuko dituzte han. MRCko adituek aurkitu zuten 1933. urtean gripearen birusa.H5N1 birusak pandemia eragingo duela ziurra dela esan zuen atzo Osasunerako Mundu Erakundeko zuzendari nagusiak, Lee Jong-Wook. «Baldintza bakarra falta da, birusak gizakitik gizakira kutsatzea», esan zuen. Pandemiaren giza kostua «izugarria» izango dela gaineratu zuen.

Datua



-%50

Erdira jaitsi da oilaskoen kontsumoa Turkian, joan zen astean hegaztien gripea herrialdean agertu zenetik. Jatetxe askotan menutik kendu dute oilasko haragia. Arrautzen salneurria ere asko jaitsi da. Italian %20 egin du behera oilaskoen salmentak. Frantziako hainbat eskualdetan %30 jaitsi da, saltoki kate bateko eledunek atzo zabaldu zutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.