Ikerkuntzan gehien hazi den kontinentea Asia da

Unescok txostena egin du, eta Asia ikerkuntzan egun Ipar Amerika eta Europarentzat «erronka» dela dio

Erredakzioa
2006ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Zientziaren eta ikerkuntzaren alorrean gidari izan dira urte askoan Ipar Amerika, Europa eta Japonia. Gainerako herrialdeak haiek gidatutako orgaren atzetik ibili dira askotan, nahi eta ezinean. Azken datuen arabera,ordea, aldaketa nabarmenak ari dira gertatzen. Kontinente guztien artean ikerkuntzaren alorrean azken urteotan gehien hazi dena Asia da. Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakune Unescok txostena plazaratu berri du ikerkuntzaren gainean, mundu osoko datuekin, eta erreferentziak argiak dira: 1997an ikerkuntzaren arloko gastu osoaren %27,9 egiten zen Asian, eta 2002an %31,5. Aldea nabarmena da.

Gainerako kontinenteetan, berriz, ikerkuntzaren alorreko gastu orokorrari egindako ekarpenaren portzentaia jaitsi egin da denbora tarte horretan. Edo bere horretan jarraitu du, aldaketarik gabe. Asia da gora egin duen bakarra. Hartzen ari den indarra gainerako kontinenteentzat «erronka» bihurtu dela esan dute Unescoko adituek txostenean. Asiako ekialdeak oro har eta Txinak bereziki zientziari eta ikerkuntzari eman dion bultzada handiak eragin du, hein handi batean, aldaketa. 1999an zientzia eta ikerkuntzari Barne Produktu Gordinaren (BPG) %0,83 eskaini zion Txinak, 2002an %1,23. Eta ondorio argiak izaten ari da hori: 2002. urtean, esaterako, Txinak Japoniak baino ikertzaile gehiago izatea lortu zuen: 810.000 ari ziren lanean Txinan eta 645.000 Japonian. Aldaketa nabarmena izan zen orgaren atzetik ibiltzen ohitutako herrialdearentzat, mugarria.Txinak sei alorretan jarri du indarra ikerkuntzaren alorrean aurrera egiteko: informazioaren teknologietan, bioteknologian, material berrien teknologian, abangoardioako eraikuntza teknologietan, aeronautikan eta jarduera aeroespazialetan.

Irakurketa gazi-gozoa

Txostenaren sarreran, Unescoko zuzendari nagusi Koichiru Matsuurak poza agertu du zientziaren eta ikerkuntzaren alorrean orain arte arrotz ziren herrialdeak indartsu agertzen ari direlako azkenaldian. Datuen irakurketa kritikoa ere egin du, ordea, Asiako datuei begira. «Kontinente honetan oraindik ere milaka ume bizi dira miserian, eta ikerkuntzari eta garapenari esker egiten diren lorpenak eta aurrerakuntzak ez dira iristen herritar guztientzat. Askorentzat elikadura egokia, edateko ura, garbitasun neurri taxuzkoak eta etxebizitza bera lortu ezinekoak dira», gaitzetsi du.

Zientziari eta teknologiari esker, atzeratuta egon diren herrialde asko aurrera urrats erabakigarriak egiten hasi direla nabarmendu dute Unescoko adituek. Hori, hein handi batean, nazioarteko kooperazioari esker lortu dela nabarmendu dute. Baina kontu handiz egin beharreko lana dela gogoraraziz: «Kooperazioa ez da mugatu behar teknologiaren trasferentzia hutsa egitera». Lekuan lekuko bilakaera sustatu behar dela nabarmendu dute, orokorra, eta osoa. Baina kasu askotan ez dela horrela. Indian, esterako, urteotan aurrera pauso ugari egin dira informatikan, bioteknologian, espazioarekin lortutako ikerketetan eta botikagintzan. Baina ondo prestatutako ikertzaile askok Indiatik alde egiten dute, bizi hobearen esperantzan. Europan, ikerkuntzaren gabeziarik handienetarikoa enpresa pribatuen inplikazio eskasa dela dio txostenak. 2001ean ikerkuntzara bideratutako diruaren %56 baino ez zen enpresa pribatuena; Ameriketako Estatu Batuetan %66 jarri zuten enpresa pribatuek, eta Japonian %69.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.