MALARIA

Inoizko emaitzarik onenak lortu dira malariaren aurka

Mozambikeko bi urtez beherako 2.000 umeri eman zieten Mosquirix txertoa, duela hemezortzi hilabete, eta orain ikusi dute kasu larrienen %49 saihestu ahal izan direla txerto horri esker

DONOSTIA
2005eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Malariaren kontrako txerto «eraginkorra eta merkea» garatzea posible dela erakutsi du Bartzelonako Ospitale Klinikoko (Katalunia) zientzialari talde batek, The Lancet aldizkariaren arabera. Iaz, talde horrek berak ordura arteko emaitzarik onenak lortu zituen esperimentazio aldian zen malariaren kontrako txerto batekin, Mozambiken (Afrika). Txerto «eraginkorra eta segurua» zela esan zuten orduan, eta malaria kasu larrienen %58 saihesteko gai zela lehenengo sei hilabetean. Saio kliniko hartan parte hartu zuten 2.000 umeei egindako jarraipenetik ondorioztatu dute txertoak uste baino tarte luzeagoan babesten dituela umeak. Txertoa hartu eta urtebete eta erdira, malaria kasu larrienen %49 saihestu direla jabetu dira. «Inoiz ez da halakorik lortu».

Pobrezia eragiten duten gaitzen ama da malaria, Osasunerako Mundu Erakundearen arabera. Haren esanetan, urtero, milioi bat lagun inguru hiltzen dira munduan malariaren erruz. Gehiago ere bai, zenbait erakunderen eta zientzialariren arabera, bainazaila da zenbatzen. Minik gehien Afrikan egiten du malariak, eta han ez dute ez jaiotza ez heriotza erregistrorik. Pedro Alonso Bartzelonako Ospitale Klinikoko ikertzaile taldeko buruaren arabera, adibidez, egunero, 3.000 ume baino gehiago hiltzen ditu malariak munduan; bat 40 segundoan behin. Mosquirix izeneko txertoa Mozambiken probatu dute, bi urtez azpiko umeetan. Izan ere, malariaz kutsatutako eltxoek Plasmodium falciparum espeziekoak38 aldiz ziztatzen dituzte urtean hango umeak. Hala, gaitza garatzeko arrisku handia dute. Bi helburu jarri zituzten zientzialariek ikertzen hasi aurretik: batetik, txertoak haurrei kalterik egiten ez diela bermatzea, eta, bestetik, eraginkorra dela frogatzea.Bill and Mellinda Gates Fundazioak emandako 50 milioi dolarreko diru laguntzari esker hasi ziren ikertzen, eta iaz beste 107 milioi jaso zituzten, lehenengo emaitza ikusgarri haiek aurkeztu ostean. Orain, esperimentazioaren bigarren fasean, txertoa urtebete azpiko umeentzako egokia den aztertzea dute helburu ikertzaileek. «Balio ez badu, alferrikakoa litzateke txertatze masiboak egitea gaitza endemikoa den herrialdeetan». Hamabi hilabete baino gutxiagoko 300 umerekin probatuko dute txertoa orain. Gero, zenbait substantzia laguntzaile gehituko dizkiote txertoari, eraginkorragoa egin aldera, eta Afrikako beste herrialde batzuetan hasiko dituzte saio klinikoak. Ondo bidean, bost urte barrurako prest izango dute txertoa. «Glaxo SmithKline enpresaz gain, beste batzuen laguntza ere beharko dugu, bereziki Mendebaldearen laguntza, baina lortuz gero, 2010. urterako merkatuan izango da txerto hori», esan dute arduradunek. Txertoa«merke» saltzeko konpromisoa hartu du Glaxo farmazia etxeak.

Hiesaren transmisioa

Amatik umekirako hiesaren transmisioa laguntzen du malariak, Parisko Pasteur Institutuko zientzialarien arabera. Zientzialariak konturatuta zeuden eurite sasoiaren ondorengo hiru hilabetean kutsatzen zirela ume gehien, amaren bidez. Hain justu ere, eurite sasoi horietan ugaltzen dira malaria zabaltzen duten eltxoak. Hortik pentsatu zuten malariak zerikusia izan zezakeela hies kasuak ugaritzearekin. Hori egiaztatzeko, umea egin berri zuten 131 emakumeren plazentak aztertu zituzten. Emakume horietako batzuk malaria zuten, baina ez denek.

Plazentak aztertzean jabetu ziren, malariaz kutsatutako andreek akatsak zituztela zitokina izeneko molekula immunologiko askotan. Zitokina horiek immunitate sistemako zelulen erantzunak kontrolatzen dituzte. Hala, zientzialariek uste dute plazenta barruan GIB birusa kopiatzen laguntzen duela malariak eta plazentaren egiteko nagusia trabatzen duela: umekia babestea. Plazenta edo karenaren bidez jartzen da martxan amaren eta umekiaren arteko elikagai trukea. Pasteur Institutuko adituek argi utzi dute asko ikertu behar dela oraindik, baina «pista garrantzitsua» dela hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.