Mehatxu fantasmarako prest

Gripe pandemiarako prestatzen ari dira munduko estatuak, baina alde handia dago batzuen eta besteen planen artean

Erredakzioa
2006ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Gripe pandemiaren mamua dela-eta, prestatzeko eskatu die estatuei Osasunerako Mundu Erakundeak (OME). Zertan dira, ordea, prestakizunak? Hona munduaren ahaleginaren erretratua, herrialde batzuetako egoeraren laburpenaren bidez.

- Alemania: Abenduan hegaztiak oilategi itxietan gordetzeko agindu bazuten ere, larrialdi maila jaitsi du Gobernuak. Berlinek 20 milioi euro eman dizkio botikagintza industriari txerto prototipoa egin dezan. Herritarren heren bat kutsatuko dela kalkulatu dute. Alemaniarren %10entzako adina botika pilatu dituzte dagoeneko.

- Belgika: Osasungintzako langile guztiei txertoa emango diete pandemia abiatzen bada, edo sintomak badituzte. Birusaren aurkako hiru milioi dosi botika izango dituzte 2007aren bukaerarako, hau da, populazioaren %30entzat adina.

- Erresuma batua: Hegaztiak azoketan erakustearen aurkako neurria kendu dute, baina abeltzainek euren hegaztiak erregistratu behar dituzte. H5N1 birusaren aurkako txertoaren bi milioi dosi berehala emateko kontratua sinatu du Londresek industriarekin. Mutaturiko birusaren kontrako txerto zehatza egin arte erabiliko lituzkete dosiok. Gripearen kontrako botikekin lau milioi kutxa dituzte, eta, denera, 14,6 bildu nahi dituzte.

- Errumania: Gaitza agerturiko lekuetan hegaztiak hil dituzte (120.000 denera), berrogeialdiak ezarri dizkiete herritarrei eta ibilgailuak desinfektatu dituzte. Pandemiarako prestatzeko, larrialdi batzordeak eratu dituzte. Gripearen sintomak izanez gero, sendagileei eman behar zaie horren berri derrigorrez. Txertoa egiteko OMEren baimena eskatu dute. Gripearen aurkako 500.000 dosi pilatu dituzte.

- Errusia: Abuztuan onartu zuten egitasmo berezia. Hegaztiekin lan egiten dutenei jantzi bereziak eta trebakuntza eskaini diete. Bihotzeko edo biriketako gaitz kronikoak dituztenei eta60 urtetik gorakoei halako lanak egitea galarazi asmo diete. Txertoaren inguruko ikerketak sekretupean dituzte. 150 milioi herritarrentzako botikak dituzte. Turkiara ez joateko eskatu diete errusiarrei.

- Espainia: Hegaztiak azoketan jartzeak galarazita jarraituko du maiatza arte. 25 hezegune arrisku-leku gisa sailkatu dituzte. Botikak egiteko lantegi bat sei urte barrurako eraikitzeko asmoa dute. Hamar milioi dosi eskatu dituzte, populazioaren laurden batentzako adina.

- Frantzia: Maiatza arte debekaturik jarraituko du hegaztiak larrean haztea eta azoketan erakustea, Gobernuak «arriskutsutzat» jo dituen departamentuetan. Sanofi Pasteur enpresa gripearen kontrako botikak egiten ari da Frantziarentzat, Ameriketako Estatu Batuentzat, eta Australiarentzat. Urte hasierarako 14 milioi pertsonentzako botikak izango zituela esan zuen iaz Frantziako Gobernuak. 200.000 milioi maskara eskatu dituzte erietxeetako langileentzat.

-Grezia: Larrialdi plan zorrotza eratu dute, 2004ko Olinpiar Jokoetako arrisku biologikoen planean oinarrituta. Urrian Oinousses uhartean gaitza agertu zenean, gripe arruntaren kontrako botikak agortu ziren. 200.000 dosi jasoko dituzte udaberrian. Turkiako mugan neurri bereziak hartu dituzte.

- Herbehereak: Egitasmo nazionala dute indarrean. Europako Batasunak txertoaren inguruko ikerketa bateratua egin dezala proposatzen dute. 2,4 milioi botika dosi jaso behar zituzten 2005aren amaierarako, eta beste horrenbeste urte hasieran.

- Indonesia: Berehalako eta debaldeko tratamendua ematen diete kutsaturikoei. Botikaren 33.000 dosi dituzte pilatuta. Hegaztiak hiltzeko operazioen aurka dago Gobernua, jende askok hazten dituelako oiloak etxean.

-Italia: Hegazti okelaren jatorriaren berri emateko etiketa jarri behar dute saltzaileek eta inportatzaileek derrigorrez. Pandemia abiatu eta lau hilabetera 36 milioi txerto prest izango dituztela dio Gobernuak. Populazioaren %10 babesteko botikak eskatu dituzte. Ez dute ehiza debekatu.

-Kazakhstan: Ehunka mila hegazti hil dituzte, Errusiako mugatik gertu kasuak agertu zirenetik. Etxe-abereak eta basa animaliak aztertu dituzte, birusaren zantzuen bila.

- Thailandia: Jantzi bereziak eraman behar dituzte etxaldeetako langileek. Okela ongi erretzeko edo egosteko eta arrautzak garbitzeko esan diete herritarrei. Aurten hasiko dira txerto bat probatzen eta 660.000 botika kutxa pilatu dituzte.

- Turkia: Hegaztiak hiltzeko operazioa abian dago kutsaturiko eskualdeetan. Nazioarteko adituak han dira, gaitza nola ari den zabaltzen aztertzeko. Ez dago txerto industriarik. Gripearen aurkako 100.000 botika kutxa eskatu dituzte (soilik 15.000 dituzte bilduta). Landa eremuetako herritar gehienek hegaztiak hazten dituzte euren etxeetan.

- Txina: Oilo eta ahateen erdia inguru txertatu dituzte dagoeneko (zazpi mila milioi abere). Animalientzako txerto merkeagoa sortu dute. Gizakientzako txerto bat dagoeneko probatzen ari dira. Ez dute esan zenbat botika dituzten bilduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.