Muturreko klima

Iaz mundu zabaleko kliman izan ziren ezohiko gertaerak zerrendatu dituzte Ameriketako Estatu Batuetako administrazioko adituek; zerrenda luzea egin dute, eta tenperaturaren igoera orokorra nabarmendu dute

arantxa iraola
2006ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
2005ean kliman izan ziren gertaerarik ezohikoenak mapa handi batean jaso dituzte AEBetako Ozeanoaren eta Atmosferaren Administrazioko zientzialariek. Administrazio hori NOAA Merkataritza Sailaren barruan dihardu.

Tenperaturak gero eta altuagoak direla nabarmendu dute, eta amaitu berri den urtea, oro har, oso urte nahasia izan dela. Lehorteak, urakanak, euri jasa handiak, elurteak... Muturrekoa izan da toki eta une askotan klima. 1998. urtean klima aldaketaren ondorioak aski nabarmenak izan ziren El Niño fenomeno bereziaren, ondorioz Pazifiko tropikalean gertatzen da, eta kliman eragina izaten du, eta iazko urtea ere klimaren bilakaera orokorrari dagokionez mugarri izango dela ondorioztatu dute ikertzaileek. Lehengo urtean, ordea, eragin txikia izanzuen El Niño fenomenoak. Urte hasieran agertu zen, baina oso ahula izan zen. Berez izan da urtea, klimaren ikuspegitik, gogorra eta muturrekoa. Afrikako lehorte amaigabeak, India inguruan gertatu diren eurite handiak, Amazonas ibaiaren inguruko lehorte kezkagarria, Australiako klimaren epeltze nabarmena, Ameriketako Estatu Batuetako ekaitz tropikal eta urakanak... Horiek guztiak jarri dituzte zientzialariek ohiz kanpoko gertaeren zerrendan.Klimaren epeltze orokorra horren guztiaren barruan dagoela iradoki dute. Iragan gizaldi osoko datuak aintzat hartu eta gaurdaino, oro har, gora eta gora ari da Lurreko tenperatura orokorra. Orotara 0,6 graduko igoera izan dela ondorioztatu dute adituek. Igoerarik nabarmenenak, nolanahi ere, 1976. urtetik aurrera gertatu direla ekarri dute gogora. Eta 2005a, bereziki, urte epela izan zela. Datuak biltzen hasi zirenetik, epelenetan bigarrena izan dela uste dute.

Berotzearen ondorioak, nabarmenak

Eta tenperaturaren igoera orokorra begiekin ikusteko modukoa dela gogorarazi dute. Artikoko izotz eremu handiak satelite bidez kontrolatzen dituzte zientzialariek, eta, diotenez, aurten itsaso hotzean izoztutako zabalgunea inoiz baino txikiagoa izan da. Baina ez da kontu berria. 1979tik, oro har, jelazko zabalgune horitxikitu eta txikitu ari da.

-

URAKANAK ETA EKAITZ TROPIKALAK



Atlantikoan haize ufadak ez dira amaitu, 'Zeta' ekaitzak lotu ditu urte zahar eta berria



Urakan eta ekaitz tropikalen aroa amaitu da berez Ozeano Atlantikoan, baina haize ufadak ez dira amaitu. Berez duela hilabetetik hona baretuta behar lukete bazter haiek, baina Zeta ekaitza gogor ari da egunotan, urte zaharra eta berria lotu ditu. Gogor. «Urakan bihurtuko dela dirudi», azaldu zuen atzo Ameriketako Estatu Batuetako Urakanen Zentroko meteorologo Kim Brenbamderrek.Itsaso zabalean dabil ufaka Zeta, eta, ondorioz, ez du inon kalterik eragin. Aurten, nolanahi ere, Atlantikoan ekaitz tropikalak eta urakanak ugariak izan dira 27 ekaitz gertatu dira denera, eta horietako 14 bihurtu dira urakan. Aurreikuspen guztiak hautsi dituzte. 21 izen zituzten prest meteorologoek ekaitz horiek bataiatzeko, eta hain ugariak izan dira, non izenak bukatu egin zaizkien. Azkenak, alfabeto grekoko letren izenekin bataiatu dituzte. Ondorio larriak laga dituzte urakanek lehorrean. Enbata beldurgarriak izan dira. Urakanetan gogorrena Louisiana eta Mississippi estatuetara iritsi zena izan zen, Katrina. Abuztuan bazter ugari txikitu zituen, eta ondorio larriak eragin zituen. Milatik gora lagun hil ziren,eta milioika lagunek etxea laga behar izan zuten, babes bila. Oldarkorrak izan dira Rita, Stan eta Wilma urakanak ere, besteak beste. Aurten, aurreikuspenen arabera, 17 ekaitz tropikal izango dira, eta 9 urakan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.