Txernobilgo zentral nuklearrak eragindako hondamendiaren 20. urteurrena gogoratzeko ekitaldiak egin zituzten atzo Ukrainan, Bielorrusian, Errusian eta mundu osoan. Ukrainako presidenteak, Viktor Justxenkok, zentral nuklearreko sutea amatatzen lanean aritu ziren milaka pertsona gogoratu zituen. Leherturiko erreaktorea estaltzeko bigarren sarkofagoaren lanak aste gutxiren buruan hastea espero duela esan zuen. Frantziako Novarka konpainiak nahi du altzairuzko estalkia eraikitzea, baina Kieveko gobernuak eskatzen dio 100 urtez handik erradiaziorik ez dela aterako bermatzeko. Kalkulatu dutenez, 1.900 milioi dolar kostatu da eta 2010erako egina beharko dute, lehen sarkofagoa azkar hondatzen ari delako.
Errusian, Greenpeaceko 13 ekintzaile atxilotu zituzten Moskuko Plaza Gorrian, zentral nuklear gehiago egiteko asmoen aurka protestatzen ari zirela. Hondamendiaren biktimei laguntzeko egitasmoak bultza ditzaten eskatu zien atzo estatuei Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Koffi Annanek. Mikhail Gorbatxovek, istripua gertatu zenean Sobiet Batasuneko presidente zenak, eguzki indarra bultzatzeko munduko funtsa sortzeko proposatu zien G8ko estatuei.
TXERNOBILGO ISTRIPUA . Omenaldiak eta protestak hondamendiaren urteurrenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu