Ez da arraza kontua. Munduko edozein bazterretako haurrek pareko garaiera eta pisua har ditzakete, inguru egokian haziz gero. Hona Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) ondorioztatu duena, lau kontinenteko 8.000 haur baino gehiago zazpi urtez jarraitu ostean. Datuotan oinarrituta, hazkuntza taula berriak plazaratu ditu erakundeak, orain arte erabilitakoak egokiak ez direlakoan. 1970eko hamarkadan Ameriketako Estatu Batuetan biberoiez elikaturiko haurrak nola hazten ziren erakusten zuten grafiko zaharkituok. Aurrerantzean, haurrak nola hazi beharko liratekeen adieraziko dute.
Guraso guztiek ezagutzen dituzte hazkuntza taulak. Ardatz batean garaiera edo pisua dute, eta, bestean, adina. Kurbak erakusten du haur batek adin batekin izan beharko lukeen garaiera eta pisu ideala. Alde handia egon daiteke haurren artean, bistan da, eta kurben arteansartzen da normaltzat hartzen dena.«Eredu berriak erakusten du haurren bost urte arteko hazkuntzan dauden aldeak lotura handiagoa dutela elikadurarekin, ingurumenarekin eta osasun zerbitzuekin genetika edo etnia eragileekin baino», dio OMEk, ostegunean argitaraturiko txostenean. Ikusi dutenez, arreta egokia emanda, haurren batez besteko hazkuntza oso antzekoa da mundu osoan.
Gizentasun oldea
OMEk iazko otsailean ohartarazi zuen orain arte erabilitako taulek ez dutela hazkuntza normala adierazten, baizik eta biberoia hartzen duten haurrena, kalkulua azken horien pisuaren arabera egin zelako. Horren ondorioz, normaltzat hartu dira gehiegizko pisua duten haurrak. OMEren arabera, akats horrek galarazi du mendebaldeko herrialdeetan, eta bereziki AEBetan, egun gertatzen ari den gizentasun oldea lehenago hautematea. «Taulei jarraiki, haur txikien kasuan behar den pisua baino %20 gehiago gomendatu dute pediatrek, eta sei urte arteko haurretan %7 gehiago», esan zion berria-ri Prakash Shetty sendagileak, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundean nutrizio plangintzarako buruak.
Horrez gain, amaren esneaz elikaturiko haur askok bigarren edo hirugarren hilabetean behar baino pisu gutxiago dutela pentsatu izan dute pediatrek. Hori dela eta, bularraz gain biberoia emateko edo bularra emateari uzteko gomendatu diete ama askori, beren esneak «behar adina elikatzen» ez duelakoan.
Bularra arautzat hartuta
«Eredu berriak aukera emango du haur txikien hilkortasun eta gaixotasun tasak jaisteko», adierazi du OMEko zuzendari nagusi Lee Jong-wookek. «Inguru egokian» hazitako Brasilgo, AEBetako, Ghanako, Indiako, Norvegiako eta Omango 8.444 haurrekin egin dute ikerketa. Umeok bularra eta gomendaturiko elikadura hartu dute, osasun arreta ona izan dute eta haien amek ez dute erre ez haurdunaldian ezta ondoren ere. Edoskitzea «arau biologikotzat» hartu du ikerketak, eta gutxienez lehen sei hilabetez amaren esneaz elikaturiko haurrak eredu jarri ditu.
AEBetako Osasun Estatistiken Zentro Nazionalak (NCHS) emaniko erreferentziak erabili dira 1970eko hamarkadako amaieratik. Nazio Batuen Erakundea erreferentzia horiek zuzenak ote ziren aztertzen hasi zen 1993an. Hurrengo urtean tresna berria behar zela ondorioztatu eta ikerketa abiatzeko agindu zuen Munduko Osasun Biltzarrak.Ondorioa ostegunean aurkezturiko taulak dira. Adin bakoitzeko pisua eta garaiera emateaz gain, garaiera eta pisuaren arteko korrelazio egokia erakusten dute. Lehen aldiz, gainera, gorputzeko masa kopuru normala zenbatekoa den azaltzen da, eta haurrek zein adinekin hasi beharko luketen esertzen, zutitzen eta bakarrik ibiltzen. Izango al dira aurrerantzean munduko haur gehienak norvegiarrak bezain garaiak? Hala ez izateko aitzakiarik ez dagoela esan du OMEk.
Umeek hazteko ahalmen bera dute leku guztietan
Umeen hazkuntza taula berriak plazaratu ditu Osasunerako Mundu Erakundeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu