EGURALDIA. KLIMA

Urakan denboraldi «gogorra» iragarri dute

Ozeanoen eta Atmosferaren Estatu Batuetako Elkarteak esan du 12-15 ekaitz tropikal sortuko direla aurten Ozeano Atlantikoan eta horietatik 7-9 urakan bihurtuko direla

2005eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Dennis urakana datorrenaren aurrerapen bat baino ez dela ohartarazi dute NOAA Ozeanoen eta Atmosferaren Estatu Batuetako Elkarte Nazionalak eta Erresuma Batuko ikertzaile talde batek. Azken horien arabera,aurtengo urakanen denboraldia iazkoa baino gogorragoa izango da. NOAAren arabera, uztaila eta urria bitartean bederatzi urakanek astinduko dute Atlantikoko kostaldea. Iaz, ehunka lagun hil zituzten Charlie, Frances, Ivan eta Jeanne urakanek, eta kalte ekonomiko handiak eragin zituzten. Karibeko uharteak, Yucatan penintsula eta Amerika iparraldeko estatuak izan ziren zigortuenak.

Urakanen denboraldia ekainaren 1ean hasten da, eta azaroaren 30ean amaitu. Berez, tropikoetako beroa planetako alde hotzagoetara barreiatzeko sortzen dira. Dena den, urakan bat sortzeko hainbat baldintza eman behar izaten dira. Batetik, 27 gradu zentigradotik gora egon behar da ura, gutxienez 50 metroko sakoneraino. Hain justu ere, ur hori izango da urakanari indarra emango diona. Hala, lurruntzean, hodei eta euriteak sortzen ditu ur horrek. Eurite handiak. Urakan batek 300-400 litro ur bota ditzake egunean, batez beste. 1999. urtean, baina, 1.800 litro bota zituenDennis urakanak, Reunion uhartean Madagaskartik 800 kilometro ekialdera.Urakanen indarra Saffir Simpson eskalaren arabera neurtzen da. Eskala horrek haizearen abiadura neurtzen du. Orduko 63 eta 119 kilometro arteko haizetea ekaitz tropikala da. Ekaitz tropikal horiek, baina, urakan bihurtzen dira, orduko 119 kilometroko abiadura hartzean. Dena den, urakanen artean ere, mailak daude; bost, guztira. Indartsuena, orduko 250 kilometrotik gorako indarra hartzen duena da. Datu bat: urakan batek Hiroshimakoaren moduko milaka bonba atomikok besteko energia du.Iaz, hamabost ekaitz tropikal sortu ziren Ozeano Atlantikoan, eta horietatik bederatzi urakan bilakatu ziren. Bi bosgarren mailakoak izan ziren. Iragarpen txarrenak ere gainditu ziren hala. Izan ere, denboraldia hasi aurretik, NOAAk 12-15 ekaitz tropikal inguru izango zirela iragarri zuen, eta haietatik 6-9 urakan bihurtuko zirela. Normalean, hamar ekaitz tropikal artean sortzen dira Ozeano Atlantikoan, eta horietatik seik hartzen dute urakanen indarra. Aurten, iaz bezala, 12-15 ekaitz tropikal artean sortuko direla iragarri dute zientzialariek, eta horietatik 7-9 bihurtuko direla urakan. Guztira, indar handiko hiru edo bost urakan izango direla ere zehaztu dute.

Dennis izan da denboraldiko lehenengo urakana. Dennisek iaz Karibeko uharteak, Yucatan penintsula eta Amerika iparraldeko estatuak zigortu zituen urakan handiaren Ivan antzeko ibilbidea egin du, eta, gutxienez 66 biktima eragin hil ditu, astebetean hildakoak eta desagertuak zenbatuta. Ivan-ekin alderatuta bi berezitasun nagusi izan ditu: sorrera eta indarra. Ivan urakana iraila hasieran sortu zen, urakanen denboraldiko sasoirik okerrenean. Hau da, ekaitz tropikalak sortu eta horiek urakan bihurtzeko arrisku handiena dagoen sasoian. Dennis, aldiz, uztailaren 4an sortu zen, depresio tropikal bat gisa. Bestalde, Dennis laugarren mailako urakana izan da. Ivanek, aldiz, bosgarren maila hartu zuen eta 92 lagun hil zituen. Nolanahi ere, Dennis agertu aurretik beste bi ekaitz tropikal ere izan dira aurten Ozeano Atlantikoan, Coloradoko Unibertsitateko adituen arabera: Arlene eta Cindy. Bestalde, azken egunetan Emily izeneko ekaitz tropikala ere sortu da, eta adituek urakan bihur daitekeela uste dute.

Urakanen denboraldia aurreikusteko teknika

Erresuma Batuko Benfiel Hazar ikerketa zentroko zientzialariekurakanen indarra aurresateko teknika berri bat sortu dute. Teknika horrek ez du balio urakan bakoitza non eta noiz sortuko den aurresateko, baina bai, ordea, denboraldia zelakoa izango den aurreratzeko. Horretarako, AEBetako urakanen erregistroa aztertu dute, 1950etik 2003rakoa. Hala jakin zuten urakanen %86 indartsuenen %97 abuztuaren 1etik aurrera sortu zirela. Ondoren, uztaileko haizeen abiaduraren batez bestekoa kalkulatu eta haizearen norabidea aztertu zuten, maila baxuenetik 8.000 metroko altueraraino. Hortik ondorioztatu zuten uztaileko haizeen ereduan izaten diren anomaliak aztertuta denboraldia nolakoa izango den aurresateko modua dagoela.

-

Datua





66

Dennis urakanak gutxienez 66 hildako eta desagertu utzi ditu Karibeko uharteetan eta Estatu Batuetan. Haitin, esaterako, gutxienez 25 lagun hil ditu, eta Kuban, 16 gutxienez. Era berean, dozenaka lagun zauritu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.