Bastida ikastolako zuzendaria

Ketxu Bedialauneta: «Arabako Errioxan ikastolek funtsezko lana egin dugu euskara zabaltzeko»

Araba Euskaraz ospatuko da gaur, Gasteizen. Bastida ikastolak hartu du lekuko nagusia aurten, eta zuzendaria pozarren da urteak emandakoarekin, «auzolana» zabaldu delako.

Ketxu Bedialauneta. BERRIA
Ketxu Bedialauneta. BERRIA
2025eko ekainaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ketxu Bedialauneta (Ondarroa, Bizkaia, 1961) 1990eko hamarkadan iritsi zen Bastidako ikastolara, Arabako Errioxara. Irakasle gisa hasi zuen ibilbidea, eta hamarkada bat baino gehiago darama jada zuzendari. Gaur egun 132 ikasle eta ehun bat familia batzen ditu Bastidako ikastolak. Arabako Ikastolen Elkarteko sarearen parte da Bastidako ikastola, eta, Araba Euskaraz elkarren artean antolatu badute ere, Bastidari tokatu zaio urte osoan lema nagusiari eustea. Pozarren dago eguna iristeko, eta nekea pilatua izan arren, gustura dago urteak emandakoarekin.

Noiz sortu zen Bastida ikastola?

Ikastola 1979an sortu zen, bederatzi ikaslerekin. Azken urteetan jaiotza tasaren beherakada izan da, baina eusten jarraitzen dute, leloak dioen bezala, etengabe.

Zertan ardazten da hezkuntza proiektua?

Ikastolen Elkarteko materialarekin lan egiten dugu, eta ardatzean umea jartzen dugu. Nahi duguna da umea zaintzea, ikastolara gustura etortzea eta haren ongizatea babestea. Nahi dugu espazio honetan, ikasteaz gainera, gozatzea.

Zer esan nahi du Ikastolen Elkarteko materialarekin lana egiteak? 

Esan nahi du bertako profesionalek egindakoa dela, eta etengabe berritzen ari direla. Gure material hori beste ikastetxe batzuek ere erosten dute gero.

Zertan oinarritzen da?

Proiektuka egiten dugu lan. Hiru eremu ditugu. Izan proiektua, haur hezkuntzan lantzen dena. Kimu proiektua lehen, bigarren eta hirugarren mailan, eta gero Ekirekin lotzen dugu, LH 5 eta 6n. Azken horretan modu digitalean egiten dugu lan. Hirurak lotuta daude. 

Beraz, Lehen Hezkuntzako eskaintza duzue?

Bai. Gure proiektuari jarraipena emateko, Lapuebla de Labarcako Assa ikastolara joaten ziren. Oso gazteak ziren, ordea, herritik mugitzeko, eta akordio batera iritsi ginen Assa ikastolakoekin. Orduan, DBH1 eta 2 ere Bastidan ematen dituzte, nahiz eta titulartasuna Assa ikastolarena izan. Bi gela ditugu Bastidan DBH1 eta DBH2rako. Eta gero Assara joaten dira DBH3, DBH 4 eta Batxilergoa egitera.

Kooperatiba bat da. Zer esan nahi du horrek?

Familia unitateak dira kooperatibistak, eta, bozen bitartez, artezkaritza kontseilu batean parte hartzen dute. Kontseilu horretan, zuzendaritzarekin batera, gauza diferenteak proposatzen dituzte. Hilero elkartzen gara, eta hainbat gai eztabaidatzen ditugu. Haiek ere kontatzen digute beren esperientzia kanpotik ikusita, zeren askotan, barruan zaudenean, bakarrik zurea ikusten duzu. Kanpoko begirada hori eskertzen da, zeren hemen burokraziarekin itota maiz buru-belarri sartzen gara, eta, kanpotik baten batek ideiaren bat botatzen duenean, pentsatzen duzu: «Eta zergatik ez zaigu hau lehenago bururatu?». Eskertzen da kanpoko begirada hori.

Irakasleen lantaldea nolakoa da?

Gehienbat egonkorra da. Pentsa, ni 1991tik nago hemen lanean. Nire ikasle izandakoak lankide ditut orain; beraz, barrutik ezagutzen dute oso ondo ikastola. Eta haiek euren seme-alabak dituzte ikastolan. Oso pozgarria da hori.

Zer harreman du ikastolak herriarekin?

Ekinaldiak egiten ditugu beste ikastetxeekin eta herriko eragileekin. Arabako Errioxan lana egiten duen elkarte bat ere badago, Bitartean Jolasten deitzen da, eta haiekin ere elkarlanean egin ditugu hainbat gauza. Ahalegintzen gara egun berezietan, Martxoaren 8an adibidez, gauzak elkarrekin lantzen.

Zure ustez, Arabako Errioxan zer funtzio bete dute ikastolek euskara biziberritzeko?

Uste dut izugarrizko lana egin dugula 45 urtean. Mugan hiru ikastola gaude. Bastidakoaz gain, Assa ikastola Lapuebla de Labarcan, eta gero Oiongoa. Esango nuke Arabako Errioxan ikastolek funtsezko lana egin dugula euskara zabaltzeko, beste eragile batzuekin batera. Ez bakarrik Arabako Errioxako jendea euskalduntzeko: Burgosko eta Errioxako ikasleak ere baditugu.

«Pena ematen didana da jende pilo bat euskaldundu baldin badugu ere gero jendeak ez duela euskara erabiltzen. Gero eta gutxiago erabiltzen da»

Nola ikusten duzu euskararen egoera gaur egun Bastidan?

Ni ondarroarra naiz, eta han asko egiten dugu euskaraz. Hemen pena ematen didana da jende pilo bat euskaldundu baldin badugu ere gero jendeak ez duela euskara erabiltzen. Gero eta gutxiago erabiltzen da. Umeek ikastolako eremu barrurako hartzen dute hizkuntza, agian euskara oso formala erakusten dugulako, eta ez dakigulako euskara informala erakusten. Guri Ondarroan gertatzen zaigu gure euskara kalean informala dela. Nik zazpi urtera arte ez nekien gaztelaniaz hitz egiten. Hori falta zaigu. Era informala garatzea.

Araba Euskaraz-en lekukoa hartu duzue aurten. Nola joan da urtea?

Polita izan da. Ekintza asko egin ditugu ekainaren 15era iristerako. Iaz hasi ginen aurkezpenarekin. Egin dira kontzertuak, pilota topaketak, abestiaren aurkezpena Mikel Urdangarin eta Kirmen Uriberekin, eta azken ekinaldia herrian egin dugu. Etengabe jaia ospatu genuen maiatzean, herriari keinu bat egiteko. 

Herriak nola erantzun zuen?

Herri bazkari bat egin genuen, eta azkenean 340 lagunetik gora elkartu ginen, giro ezin hobean. Etxera oso pozik joan nintzen, leher eginda, baina irribarrea ezpainetan.

Zer geratzen da halako lan zama eskatzen duen urte baten ostean komunitatean?

Elkarlana, auzolana, laguntasuna, harreman sarea sendotzen ditu.

«Kantak kontatzen du hainbat oztoporen eta debekuren gainetik beti egon dela su txiki bat eusteko»

Aipatu duzu kanta: Arbasoen su txikia. Nola sartu ziren Mikel Urdangarin eta Kirmen Uribe kantaren prozesuan?

Kirmen Uribe laguna dut, eta mesedea eskatu nion joan den udan, kanta egin zezan. Geratu ginen egun batean, eta gero proposatu zidan Mikel sartzeko proiektuan. Bien artean aritu dira kanta osatzen. Letra izugarria da, eta kanta ere bai. Azkenean euskararen transmisioa kontatzen du kantak. Kontatzen du hainbat oztoporen eta debekuren gainetik beti egon dela su txiki bat eusteko, eta gurea bezalako herri txikietan ere beti dago norbait euskarari eusten. Izan ditugun zapalkuntzak zapalkuntza, hemen segitzen dugu.

Nola dator Araba Euskaraz eguna?

Gonbidatuko nituzke euskaltzaleak Araba Euskaraz-era etortzera. Araban euskararen arnasgunea izango da. 

Bertan biltzen den dirua nora bideratuko da?

Gure hezkuntza proiektuan txertatuko dugu. Orain arte aurrera eraman ezin izan ditugun proiektuetarako, umeen euskara hobetzeko, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.