Europako Batasunean %12koa da batez beste gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala, eta %15ekoa Hego Euskal Herrian. ELA sindikatuak jaso ditu datuok, eta fenomeno horren atzean dauden arrazoi nagusiak azaldu ditu: lanaldi partziala, behin-behinekotasuna, ordutegi jakin batzuk onartzeko ezintasuna eta sektore feminizatuak.
Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) datuak baliatu ditu sindikatuak; 2023koak dira lortu daitezkeen azkenak. Datu horiek erakusten dutenez, soldata arrakalak bilakaera hobea izan du EAEn Nafarroan baino. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «arrakala ia hamar puntu jaitsi da azken hamabost urteetan, eta %12,8koa da, azken datuen arabera», esan du Xabi Zabala ELAko ikerketa bulegoko kideak. Nafarroan, ordea, %20,7koa da arrakala hori, eta EAEn baino nabarmen motelago murrizten ari da.
Horiek dira portzentajeak, eta hona hemen kopuru zehatzak: EAEn, gizonezkoen urteko soldata gordina 35.600 eurokoa da, eta emakumeena, 31.039 eurokoa (4.561 euro gutxiago). Nafarroan, gizonezkoen batez besteko soldata gordina 34.623 eurokoa da, eta emakumeena, berriz, 27.461 eurokoa (7.162 euro gutxiago).
Datuek oso garbi erakusten dute: emakumeek ordainsari baxuagoak jasotzen dituzte, lurraldea eta lan merkatuaren sektorea edozein dela ere. Baina, zergatik geratzen da hori? Zabalak azaldu duenez, «desberdintasun horiek sortzen dituzten lau faktore aztertu ditugu: lanaldi partziala, behin-behinekotasuna, txandakako lana eta aparteko orduak, eta sektore feminizatuen egoera».
Lanaldi partzialari dagokionez, INEk egindako azken inkestaren arabera, lau emakumetik batek lanaldi partziala du (%25,2); gizonen kasuan, ostera, %8,2koa da portzentajea. Lanaldi partziala duten langileen orduko soldata aztertuta, ikus daiteke lansari txikiagoa jasotzen dutela orduko, lanaldi osoa dutenekin alderatuta: batez beste, orduko 20 euro jasotzen dute lanaldi osoan ari diren langileek; lanaldi partzialekoek, berriz, 15 euro.
Osagarriak dira —hala nola txandakako lana eta aparteko orduak— gizonek soldata altuagoak izateko beste faktore bat. ELAko kideak gogorarazi duenez, gizonezkoek malgutasun handiagoa izaten dute edozein ordutegi onartzeko edo aparteko orduak egiteko, batez ere «lan erreproduktiboaren banaketa desorekatuarengatik». Hau da, haurren eta menpekoen zaintza, etxeko ardura eta ordaindu gabeko beste lanak emakumeen bizkar egoten dira oro har, eta, ondorioz, zailago dute txandaka aritzea edota aparteko orduak egitea.
Ardura postuak lortzeko mugak
Behin-behinekotasuna beste harri koskor bat da emakumeek lan arloan parekidetasuna lortzeko bidean. INEren arabera, Hego Euskal Herriko emakumeen %22 lanean ari dira behin-behineko kontratu batekin, eta gizonen %15. Orduko sariari begiratuz gero, ez dago hainbesteko alderik, baina behin-behinekotasunak kristalezko sabaia sortzen laguntzen duela ondorioztatu du ELAk; hau da, lan ibilbidean aurrera egiteko aukerak mugatzen dituela. «Lan merkatuak antzinatasuna eta prestutasuna saritzen ditu enpresen eskalan gora egiterakoan. Emakumeek, hortaz, aukera gutxiago dute ardura postuetara eta hoberen ordaindutako lanpostuetara iristeko», argitu du Zabalak.
Sektore feminizatuetako lan baldintzak dira soldata arrakalaren beste faktore bat: soldata apalenak dituzte ostalaritzan, merkataritzan eta administrazio jardueretan, eta hor emakumeak dira nagusi. Gizonezko gehienek, berriz, lansari hobeak dituzten sektoreetan egiten dute lan. Gainera, zuzendaritza postuetan eta goi mailako karguetan gizonak dira nagusi, eta horrek ere eragina du soldata arrakalan.
Datuak hotzak dira, baina badira estatistika horiei gorputza eta arima ipintzen dizkioten hamaika andrazko. Katy Romero, Amaia Jimenez eta Rakel Montero dira horietako batzuk.
Emakume asko, baina ez nagusi
Katy Romerok 24 urte daramatza Bermeoko (Bizkaia) Salica enpresan lanean. Hegaluze eta hegalabur kontserbak egiten dituzte han. Lanpostu desberdinetan aritu da urte hauetan, eta orain biltegian dago. 130 langile inguru ditu enpresak, eta «ia gehienak emakumeak gara», dio Romerok. Enpresaren zuzendaritzan eta ardura postuetan, ostera, nagusiki gizonezkoak daude.

Salican ez ezik, kontserba enpresetan, historikoki, emakumezkoak dira eskulanaren gehiengoa. Industria sektoreko beste alor batzuekin alderatuta —automobilgintza, metalgintza eta energia, kasu—, baldintza nabarmen okerragoak dituzte kontserba enpresetan. «Kontserba enpresa txikiagoetan baino hobeto» daudela aitortu arren, gutxieneko soldata apenas gainditzen dutela esan du Romerok: «Soldata arrakala ikasketengatik dela esaten dute, baina beste industria arloetako peoi baten oinarrizko soldatekin alderatzen badituzu, kontserba enpresetan askoz ere baxuagoak dira».
«Emakumeak gehiengoa garen sektore guztietan gertatzen den bezala, hitzarmen okerrenak ditugu», adierazi du. Romeroren iritziz, hori gertatzen da, oro har, emakumeen lana ez delako behar bezala baloratzen. Horretaz gain, aipatu du oraindik ere zabalduta dagoela garai zaharretako uste oker bat, hau da, emakumearen soldatak gizonekoarenak baino pisu gutxiago duela familia batean: «Hitzarmena negoziatzean, esan izan digute etxean gure soldatak osagarriak direla».
«Hitzarmena negoziatzean, esan izan digute etxean gure soldatak osagarriak direla»
KATY ROMEROSalica kontserba enpresako langilea
2023an eta 2024an, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak egin zituen enpresak, eta langileen egoera astindu zuen horrek. «Behargin batzuk kaleratu zituzten, adinekoenak, eta orduan hasi ziren aldi baterako enpresen bidezko kontratazioak», esan du Bermeoko langile honek. Aldi baterako langile horien ezegonkortasuna salatu du. «Emakume migranteak dira gehienak, eta aste batzuez edo hilabete batez lanean egon eta gero, beste batzuei deitzen diete», azaldu du.
Haren aburuz, lan baldintzak negoziatzeko garaian presioa egitea zailtzen du horrek. «Batzuek ez dituzte hemengo hizkuntzak ulertzen, behar handia dute, eta kaleratzeen beldur dira». Horregatik, azaldu du, hitzarmena negoziatzean «oso zaila da behar larrian dauden pertsona horiek greba bat egitea».
Lan karga handia
Amaia Jimenez 2014an hasi zen lanean Bilboko Indautxu hotelean. Lau izarreko hotela da, eta 184 logela ditu. Logela garbitzailea da, eta bere lanpostu bereko lankideekin batera, greban dago azaroaren 5etik. Izan ere, hotela beste enpresa baten eskura igaro zen, eta jabe berriekin batera aldaketa txarrak etorri ziren langileentzat: langileen kanporatzea eta garbiketa zerbitzuaren azpikontratazioa. Azpikontratatutako enpresan geratu direnek lan zama handiagoa dute horren ondorioz.

Logelak eta eremu komunak garbitu, geletako hozkailuak hornitu, garbitegitik ekartzen dituzten maindireez eta eskuoihalez betetako kaiolak garraiatu eta arropa hori gelara eramatea dira logela garbitzaileen funtzioak. «Garbitzaileen lanak eskatzen du ahalegin fisikorik handiena. Nik kafetegian ere lan egin izan dut, eta garbitzaileena da jarduerarik gogorrena», esan du.
«Gure lankideetako batzuk seme-alabekin bakarrik bizi dira, eta alokairuak nola dauden kontuan hartuta, estu dabiltza»
AMAIA JIMENEZIndautxu hoteleko logela garbitzailea
Jabe aldaketarekin batera etorri diren kaleratzeen ostean, hirurogei langile inguru daude gaur egun hotelean. Lanpostu batzuetan gizonen eta emakumeen arteko oreka dago, baina «logela garbitzaile guztiok emakumezkoak gara», azaldu du. Haren arabera, jardun osoa eta urte batzuetako antzinatasuna dutenek sari txukunagoa dute, baina lankide berriak gutxieneko soldataren mugan dabiltza.
Emakumeak gehiengo diren beste sektore batzuetan gertatzen den legez, lansariak baxuak dira, eta nekez ematen die bizitzeko lain. «Gure lankideetako batzuk seme-alabekin bakarrik bizi dira, eta alokairuak nola dauden kontuan hartuta, estu dabiltza», ohartarazi du.
Instituzio publikoen ardura
Rakel Monterok garbiketa enpresa batean egiten du lan, eta 30 urtez aritu da Bilbo Kirolak udal erakundeko kirol azpiegiturak garbitzen. Leku berean baina enpresa askotan egin izan du lan. Izan ere, udalak azpikontratatzen duen zerbitzua denez, «lauzpabost urtean behin enpresa batetik bestera pasatzen gara». Azaldu duenez, Bilboko Udalaren kontratuaren lizitazioa irabazten duen enpresak hartzen ditu aurreko enpresan zerbitzu hori egiten ari ziren langileak.

Monterok nabarmendu duenez, azpikontratatutako zerbitzuak egiten dituzten langileen lan baldintzak gero eta okerragoak dira. Administrazio publikoen kontratua lortzeko lehian dauden enpresek «gero eta prezio baxuagoen truke ematen dute zerbitzua», eta, horren ondorioz, zerbitzu publikoak egiten dituzten arren, langile horien baldintzak oso eskasak dira.
Sektore oso feminizatua da eraikinen garbiketarena. «Lanpostu honetan gaudenon %90 inguru emakumeak gara», esan du. Besteak gizonak dira, baina horietako gehienek espezialisten kategoria dute: «ez dira peoiak, gu bezala». Enpresaren zuzendaritza postuetan, ostera, gizonak dira gehienak, %90 inguru.
Soldata arrakala irudikatzeko ohiko adibidea izaten da garbiketarena: kategoria bereko lanak egiten dituzte eraikinen garbiketako eta kale garbiketako langileek, baina, halere, oso baldintza desberdinak dituzte; emakumeak dira nagusi lehenengo lan motan, eta gizonak bigarrenean. Kale garbitzaileek, soldatak ez ezik, beste baldintza batzuk ere hobeak dituztela azaldu du Romerok.
«Kale garbitzaileak [gizonak] denen bistan ibil daitezke, baina jenderik ez dagoen orduetan lan egiteko eskatzen zaigu emakumeoi, edo jendea dagoenean ikusezinak izateko»
RAKEL MONTEROBilbo Kirolak-eko garbitzailea
Horretaz gain, Romerok azpimarratu duenez, kale garbitzaileen lana publikoari begirakoa da, eta eraikinen garbiketa, ostera, barruko lana. «Haiek kalean ibil daitezke lasai-lasai, denen bistan, baina jenderik ez dagoen orduetan lan egiteko eskatzen zaigu emakumeoi, edo jendea dagoenean ikusezinak izateko». Gizartean aldaketa nahikorik ez dela egon ondorioztatu du, batetik, emakume askok lana eremu pribatuan —leku itxietan— eta modu ikusezinean egiten dutelako, eta, bestetik, haien lana familiaren ekonomiaren oinarri ez baizik osagarri gisa ikusten delako.
Arrakala horren beste erakusgarri bat da lanaldien osaketa: «Emakumeok lanaldi partzialak izaten ditugu, baina gizon gehienek lanaldi osoak dituzte». Azaldu duenez, udal eraikinen garbiketan aritzen diren emakumeek hainbat leku edo enpresatan egin behar izaten dute lan lanaldi osoa osatzeko. Lehen ohikoagoak ziren lanaldi osoak, baina horrelako kontratuak dituztenak jubilatzen diren neurrian, lanaldi osoak desagertu, eta partzialekin osatzen dituzte. «Imajinatu, aurreko hitzarmenaren negoziazioan 1.200 euroko soldata lortu genuen lanaldi osorako. Partzialarekin… nola bizi daiteke?».