Aresketa Ikastola 50. urteurrenaren atarian da. 1977an sortu zuten, Amurrion, Araban. Txaro Arteagak ez ditu ahazteko garai haiek. Lau seme-alabaren ama da. Zaharrena 1972an jaioa da, eta ez zuen ikastolara joaterik izan, baina hurrengo hirurek ikastolan ikasi zuten, Arteagak beste hamaika lagunekin batera egindako lan eskergari esker.
Urte haietan, helduak euskalduntzeko gau eskolak martxan hasiak ziren Amurrion, AEKk bultzatuta, eta ikastolak sortzen ari ziren Euskal Herriaren luze-zabalean. Laudiokoaren berri bazuten. Bazekiten haurrak elkarrekin joaten zirela hara ikastera, ez neskak eta mutilak banatuta, pedagogia berritzailea eta aitzindaria zutela, eta eskola ordu guztiak euskaraz zirela. Horixe bera nahi zuten Amurriorako.
Arteagak gogoan duenez, AEKk gau eskolekin sortutako giroaren bidez indartu zen ikastola sortzeko ekinaldia. Bilera askoren ostean, aurrera egitea erabaki zuten. Eta ez ziren guraso zirenak bakarrik batu, baizik eta baita haurrik izan ez baina euskara sustatu nahi zuten norbanako ugari ere. «Amurrion ez zen batere hitz egiten euskaraz; orain, behintzat, entzun liteke zerbait kalean», Arteagak esan duenez.
Hasierako ahaleginak ez ziren errazak izan, begiratuak eta susmo txarrak jasan behar izan zituzten eta. 1977an hasi zuen bidea Aresketa ikastolak, Mendiko Lagunak elkarteak utzitako egoitza batean. 2 eta 3 urteko hogei bat haurrek osatu zuten lehen taldea, irakasle bakarrarekin. Arteagak gogoan du jolas orduan nola joaten ziren andereñoari laguntzera. Egoitzatik kalera ateratzean hogei haurrak bakarrik ezin gobernatu ibiltzen baitzen Maite Ojanguren, ikastola hartako lehen andereñoa. Gurasoek txandak egiten zituzten hari laguntzeko eta jolas orduetan haurrak zaintzeko.
Egoitza hura behar bezala atontzeko lana ere gurasoek egin zuten: materiala lortu, pintatze eta garbiketa lanak egin... Dirua ahal zuten tokitik ateratzen zutela dio Arteagak: txosnak jarriaz, kontzertuak eginez…
Komunitatean hazten
Gero eta haur gehiago biltzen hasi zen egoitza hartan, ordea, eta, beraz, beste toki batzuen bila hasi behar izan zuten. Etxola prefabrikatuak egin zituzten eskaerari aurre egin ahal izateko. Harik eta, urteak aurrera joan eta gaur egun Aresketa ikastola dagoen eraikina egin ahal izan zuten arte. Hogei ikaslerekin hasi zuten proiektua, eta gaur egun zazpiehun haur eta gazte jasotzen dituzte, ia mende erdiko bidea egin ondotik.
Euskarazko hezkuntzari bultzada eman nahi zioten Amurrion, eta horren alde egin zuten lan, Arteagak adierazi duenez.Â
Gogora ekarri du urteetan aritu direla auzolanean, ez bakarrik lehen urte hartan. Izan ere, azaldu duenez, zenbaitzuek lan eskerga egin zuten handik eta hemendik diru sarrerak lortu eta hezkuntza sistema aitzindari eta euskaldun hura bizirik iraunarazteko.
Pozarren ikusten du ikastolak egindako bidea, seme-alabek eta ilobek euskaraz bizitzeko aukera baitute orain, eta oroitarazi du euskal kulturarekin lotutako hamaika ekinaldi ere sustatu direla, hala nola Olentzeroren eguna.
Araba Euskaraz Amurrion egitearen garrantzia ere azpimarratu du, iritzi baitio lagungarria izango dela euskara suspertzeko.