Euskara, hiria hartzeko gertu

'Hiri kiribil bil' lelopean, milaka euskaltzale batu nahi dituzte bihar Ibilaldiaren jaian, Bilbon, Txurdinagan. Euskararen komunitatea sendotzea eta jaiaz gozatzea da helburua.

Joaldun batzuk Kirikiño ikastolaren alboan. IBILALDIA
Joaldun batzuk Kirikiño ikastolaren alboan. IBILALDIA
gurutze izagirre intxauspe
2026ko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskaran kiribilduko da bihar Bilbo, Txurdinaga inguruan. Kirikiño ikastolak antolatu du aurtengo Ibilaldia, eta, euskaran eta euskal kulturaren transmisioan oinarrituta, egun osoko festa oparoa prestatu dute bertaratu nahi dutenentzat. Ikastolatik Europa parkera zabalduko da egun osoko jaia, eta gustu guztietarako eskaintza izango da. Auzolanean prestatu dute jaia, eta, jan-edanaz gain, giro ona ez da faltako.

Hiri kiribil bil lelopean prestatu dute aurtengo jaia. Kirikiño ikastolako komunitateak berak sortu zuen leloa, haur, familia eta langileen arteko sormen prozesu kolektibo baten bidez. Ideia zaparrada jarri zuten mahai gainean, elkarren artean mezuak eta irudiak trukatuz, eta lanketa horren ondorioz iritsi ziren Hiri kiribil bil lelora.

Leloak Bilbo hiriaren izaera, mugimendua, aniztasuna eta etorkizuneko ikuspegia uztartzea du xede. Gainera, euskara Bilbon zabaltzea eta erdigunean jartzea da asmoa; horregatik egiten die erreferentzia leloak hiri eta bil hitzei, elkarri lotzeko. Kiribil hitzak, berriz, espirala esan nahi du, buelta bakoitzean euskararen aldeko urrats bat egiten duena. Gainera, Ebaristo Bustinza Kirikiño idazle eta kazetariari omenaldia egiten dio aldi berean; izan ere, haren omenez hartu zuen ikastolak izena. Kiribil hitza Kirikiño eta Ibilaldia hitzak batuta sortu zen, hitz joko bat osatuta.

Mezuari lotuta dator logo koloretsua. Dinamismoa eta poza transmititzen ditu. Patinete baten irudia agertzen da erdian, hiritartasunaren eta garraio jasangarriaren sinbolo gisa, eta kolore alaiak erabili dituzte horretarako: horia, korala, urdina, berdea… Era berean, euskararen segida adierazi nahi dute, transmisioa etengabekoa dela eta euskara belaunaldiz belaunaldi igaroko dela azaltzeko, Kirikiño ikastolak ia 50 urtez egin duen bezala.

Bost hamarkada

Ikastolaren lehen urratsak 1970. urtean egin zituzten Bilbon, Santutxu auzoan, eta 1980ko hamarkadan eraiki zuten Kirikiño ikastola. 1988an hartu zuen lehenengoz Kirikiño ikastolak Ibilaldia, maiatzaren 28an. Orduko hartan, Ibilaldiak Txurdinagako kaleak eta parkeak euskaraz blaitu zituen. 38 urte geroago, jai erraldoi hori berriz antolatu dute. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, urte osora zabaltzen baita Ibilaldia antolatzeko lana, baina komunitatean gogotsu eta irrikaz ekin zioten iaz lanari, eta biharko jaialdiarekin jarriko diote ginga urteari. 

Bilbon euskara eta euskal kultura bizirik mantendu ditu ikastolak, eta euskara eta euskaltzaletasuna bizirik mantentzeko ezinbesteko iturburu izan da ikastola, beste hainbat eragilerekin batera. Komunitatean, auzolanean eta ezberdinen arteko elkarlanari esker atondu dute biharko jaia, Bilbok euskalduntzen jarrai dezan pausoak emanez.

Getxon egin zuen Ibilaldiak lehen ekitaldia, 1978an. Urte asko joan dira, eta, lan eskerga egin bada ere, euskara eta euskal kulturaren transmisioa premia gorrian dago. Hiri handiak estrategikoak dira euskararen pizkunderako, eta ikastolen funtzioa mugarria da. Euskal Herri osoan 115 ikastola daude, elkarrekin saretuta, euskaraz Euskal Herri osoan hartu dezan arnas, baina euskararen aurkako oldarraldi batean, jauzi gehiago egiteko garaia da. Abagune horretan, ikastolak martxan eta osasuntsu egotea funtsezkotzat jo dute, eta hargatik da antolatzaileentzat garrantzitsua Ibilaldiaren moduko ekimen eta egunak aldarrikatzea eta gozatzea.

Musika, dantza eta bertsoak

Jaia larunbatean hasiko da Kirikiño Ikastolan, besteak beste, erromeriarekin, pailazoekin eta kontzertuekin. Baina egun handia igandean izango da. Ekimen sorta oparoa prestatu dute jai egun horretarako. Kirikiño ikastolatik abiatuko da Ibilaldia, eta Europa parkean barrena zabalduko da. Kiroldegian zenbait ekitaldi antolatu dituzte. Hurbileko ibilbidea da, irisgarria eta jasangarria.

Lehenengo gunea ikastolan bertan dago. Zuhatzuko patioan dantza, txaranga, Tor magoa eta beste egongo dira. Ezezez taldearen kontzertuaren ostean, Gozategi taldearen dantzaldiak jarriko dio ginga gune horretako egitarauari.

Alboan, Gabriel Aresti patioan, abesbatza, bertsolariak, antzerki laburrak eta karaokea egongo dira. Egun osoan, erraldoiak, trikitilariak, txistulariak eta batukada ibiliko da, eta haur jolasetarako tallerak ere egongo dira.

Bigarren gunea Europa parkean da. Dantza taldeak, erromeria eta DJ Kaktus izango dira bertan egun osoan, 11:00etatik hasi eta 19:00ak arte. Zenbait kirolez gozatzeko aukera ere izango da: txirrindularitza, eskubaloia, errugbia eta skate eskola izango dira bertan. Puzgarriak ere egongo dira, haurren gozagarri.

Hirugarren gunea kiroldegian izango da. Fanfarrea, erromeria, Txapelpunk eta DJ Bull izango dira han, besteak beste. EITBko Conquis dorrea eta Athletic Bonbonera ere egun osoan egongo dira kiroldegian.

pintura lehiaketa

Euskara Mila Koloretan pintura‑lehiaketa egingo dute asteburuan, helduentzat zein haurrentzat. Larunbatean, haur eta gaztetxoen txanda izango da, eta maiatzaren 31n, Ibilaldiaren egunean, helduena. 

Helburua da euskararen aldeko jaiaren giroa, euskal kultura eta komunitatearen bizitza sormenaren bidez islatzea, eta artea jaialdiaren parte aktibo bihurtzea. 

Haurren eta gazteen k

ategorian, parte-hartzaileek aurrez jasotako laminetan egingo dituzte margolanak, bakoitzak bere erritmoan eta nahi duen teknikarekin. L

anak larunbaterako entregatu beharko dituzte, 18:00etarako, ikastolan. 19:00etan egingo da sari banaketa. 

Gainera, aurkeztutako lan guztiak -sarituak zein ez- ikusgai egongo dira Ikastolan, bai egun horretan bertan, bai Ibilaldiaren egunean, ekimenari dimentsio kolektibo eta erakusgarri bat emanez.

 

Helduen kategorian, berriz, parte‑hartzaileek Ibilaldiaren esparruan bertan margotuko dute, unean bertan sortutako lanekin, jaialdiaren giroa, paisaiak eta bizipenak zuzenean jasoz. 

Lehiaketa banakakoa izango da eta parte-hartzaile bakoitzak obra bakarra aurkeztu ahal izango du. Gehienez, ehun lagunek hartu ahal izango dute parte. Izen‑ematea egunean bertan egingo dute. 

Jardunaldia 11:00etatik 17:00etara luzatuko da, eta lanak epe horren barruan entregatu beharko dira. Ondoren, hiru kidez osatutako epaimahaiak baloratuko ditu, eta 18:00etan emango da erabakiaren berri.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA