Borroka feministarako deia «beste mundu bat» lortzeko

«Emakumeak, transak eta bollerak karrikara ateratzeko prest gara»; Euskal Herriko mugimendu feministaren borrokarako oihua da, gaurko mobilizazioen harira. «Antolakuntza eta borroka» baitira indarkeriari eta injustiziari aurre egiteko arma bakarrak.

Mugimendu feministako kideak, aurtengo Martxoaren 8ko ekitaldien aurkezpenean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mugimendu feministako kideak, aurtengo Martxoaren 8ko ekitaldien aurkezpenean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
kristina martin
2026ko martxoaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste mundu bat feminismotik leloa aukeratu du Euskal Herriko mugimendu feministak Emakumeen Nazioarteko Egunerako. Eta iritzi dio mundu hori lortzeko feminismoak nahitaez «antolatu eta borrokatu» beharko duela. Ohartarazpen bat plazaratu dute: «Ez gara isilik eta otzan geldituko etxean, batzuek nahiko luketen bezala»; eta eskubide parekidetasunaren alde borrokatzeko dei bat: «Emakumeak, transak eta bollerak karrikara ateratzeko prest gara». Itaiak ere Martxoaren 8aren «izaera borrokalaria eta iraultzailea» aldarrikatzeko deia egin du. Aurten ere hiriburuetako eta herrietako kaleak betetzeko asmoa dute. 

Mugimendu feministak bost hiriburutan egingo ditu manifestazioak: Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Feminismoaren aldarrikapenak lau haizeetara zabaltzeari beharrezko irizten diote; izan ere, hain ustez, aurrerapauso garrantzitsuak eman dituzte azken hamarkadetan, baina oraindik ere bide luzea eta malkartsua geratzen da parekidetasuna lortzeko. Eta inoiz baino argiago ikusten dute feminismoak gidatu behar duela borroka hori, kontuan hartuta joera atzerakoi, arrazista eta matxista bat mundu osoa zipriztintzen ari dela.

Talde feministetako bozeramaile Elene Lopetegi eta Mariana Urcuyoren esanetan, feminismoaren bultzadaz apurka-apurka eta esfortzu handiz lortutako eskubideek garai latzak bizi dituzte mundu zabalean, eta indarkeria horiek guztiek eragin zuzena dute Euskal Herriko herri eta auzoetan ere. Gauzak horrela, «noraeza, etsipena eta beldurra gailentzen dira sarri», eta, hain zuzen ere, horren aurka borroka feminista abiatzea nahitaezko bihurtu da, haien iritziz.

«Egiturak sostengatzen dituzten horiek beraiek, feminismotik eraikitzen ari garen diskurtso eta proposamenak bereganatzen dituzte»

ELENE LOPETEGI Euskal Herriko Mugimendu Feministaren bozeramailea

Martxoaren 8aren harira gogorarazi dutenez, borroka feministaren erronka da «beste mundu bat» lortzea, hots, arrazakeriarik eta matxismorik gabeko mundu bat. Horretarako, feministek borrokatu egin beharko dute egungo egoera sortu eta elikatu dutenen aurka: instituzioak, patronalak, gizonak... Haiek «betikotzen» baitute sistema hori, salatu dutenez.

Hiru eragile horien bi aurpegiak kritikatu dituzte: «Egiturak sostengatzen dituzten horiexek feminismotik eraikitzen ari garen diskurtso eta proposamenak bereganatzen dituzte». Haien helburua «itxurakeria» da. Eta, feministen ustez, badute beste asmo bat ere, are larriagoa: feminismoa aitzakia gisa baliatuta, diskurtso arrazistak zabaltzea. Hori guztia kontuan hartuta, ondorio bat berretsi dute: «Karrikara ateratzeko arrazoi ugari ditugu». 

Bestalde, aurten talde abolizionistak bere aldetik mobilizatuko dira. Batetik, sei kolektibok martxa bat egingo dute Bilbon; Lanbroa kolektiboak, adibidez, Zabalburu plazatik Areatzarako ibilbidea egingo du. Bestetik, beste bederatzi talde abolizionistak elkarretaratzera deitu dute Bilbon eta Iruñean, M-8ko Koordinakundea-Euskal Herriko Mugimendu Feminista taldearen izenean.

Protestatzeko «mila arrazoi»

Itaia antolakunde sozialistak, berriz, Martxoaren 8aren «izaera borrokalaria eta iraultzailea» berreskuratzeko deia egin du. Ideia hori plazaratzeko, Emakume langileok askatzeko batu borrokara leloa aukeratu du aurtengo Emakumeen Egunerako. «Emakume langileok jasaten dugun indarkeria matxistaren aurka, esplotazio ekonomikoaren aurka eta emakumeon eskubideen alde kalera ateratzeko deia egin nahi dugu», adierazi dute.

Itaia martxoak 8
Itaiako kideak, iazko Martxoaren 8ko mobilizazio batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Itaia kritiko agertu da gaur egun agintean daudenek bizkarra eman diotelako Martxoaren 8aren jatorrizko izpirituari: «Instituzioetako alderdiek, erakundeek eta enpresariek pixkanaka berdintasunaren aldeko jarrera hartu dute, eduki politikoz hustu eta ospakizun bilakatu dute, haien aurpegia zuritzeko bakarrik erabilita». Emakumeen Antolakunde Sozialistak, baina, uste du «mila arrazoi» daudela Martxoaren 8a borroka egun gisa aldarrikatzeko. «Esplotatzen gaituzten enpresarien aurka, erasotzen gaituzten erasotzaileen aurka, isilik nahi gaituzten faxisten aurka» borroka egiteko eguna dela zehaztu dute.

Itaiak gogoan hartu ditu gaur egun emakumeek aurre egin behar izaten dieten zenbait mehatxu: «Mendebaldeko gobernuek langileon bizi baldintzak okertu dituzte eta estatuen izaera autoritarioa indartu dituzte, beren interes ekonomikoak bermatzeko asmoz». Horren eraginez, «milaka eta milaka emakume langileren miseria areagotu besterik ez da egin: egiturazko langabezia, lanaldi partzialak, zaintza lanen areagotzea zerbitzu horien pribatizazioaren ondorioz, abortu zerbitzua enpresa pribatuen esku egotea...».

Alternatiba iraultzailea

Itaiak ohartarazi duenez, «estatuen biraketa autoritarioa eta, horren eskutik, faxismoa zabaltzen ari dira; hain zuzen, ideia atzerakoiak eta matxistak indartu dira». Abortuaren aurkako jarrerak hauspotzeaz eta indarkeria matxista ekiditeko neurrien kontrako diskurtsoak zabaltzeaz gain, «matxismoa bera ukatzen dute». 

Hori dela eta, Itaiaren aburuz, nahitaezkoa da «alternatiba iraultzailea sortzea»; hots, gizarte sozialista bat, «non guztion ongizatea izango den oinarri».

euskal herriko mugimendu feministak deitutako mobilizazioak

  • Baiona: 11:00etan, tren geltokitik.
  • Bilbo: 12:00etan Jesusen Bihotzetik.
  • Donostia: 12:00etan Antiguako tuneletik. 
  • Gasteiz: 12:30ean San Anton plazatik. 
  • Iruñea: 12:00etan Antoniutti parketik.

itaiak deitutako mobilizazioak

  • Baiona. Merkatu plazan, 15:00etan. 
  • Bilbo. Moyua plazatik, 12:00etan.
  • Donibane Garazi. Jai Alai itzulgunetik, 11:00etan.
  • Donostia. Bulebarretik, 11:30ean.
  • Gasteiz. Andre Maria Zuriaren plazatik, 12:00etan.
  • Iruñea. Udaletxe plazatik, 12:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.