Euskara «erdira» ekarriko dute gaur, Galdakaon

'Magaletik herrire, euskera erdire' lelopean ospatuko dute gaur 48. Ibilaldia.

Ibilaldiaren abestia eta bideoa aurkezteko jaialdia egin zuten, Galdakaon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibilaldiaren abestia eta bideoa aurkezteko jaialdia egin zuten Galdakaon. ARITZ LOIOLA / FOKU
2025eko maiatzaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eguzkibegi ikastolak besoak zabalik hartuko ditu gaur, bigarrenez euskaltzaleak, Ibilaldia festa dela-eta, Galdakaon, Bizkaian. Ez alferrik, atzotik hasia dute festa, giroa berotzen joateko. Euskal curriculumean ardaztutako hezkuntza eraldatzailea inoiz baino gehiago behar dela sinetsita, lema horri helduta ibili dira urte osoko lana erakusten, gaur, mezu hori jai giroan lau haizetara zabaltzeko gerturatu den ororekin.

Iazko udaberrian jaso zuen lekukoa Eguzkibegi ikastolak. 2009an ere egokitu zitzaien Ibilaldia antolatzea, eta beraz, bazuten eskarmentua. Orduko hartan bezala, aurten ere euskal kulturan oinarritutako hezkuntza proiektua zabaltzea da helburua, eta ikastolaren funtzioa eskualdean indartzea. Horrez gain, lau haizetara zabaldu nahi dute proiektu kooperatibo bat dela, inklusiboa, ikastolako komunitatea aintzat hartzen duena, eta auzolanean ardaztutakoa. Jai egun honetan eskuratzen duten dirua proiektu pedagogiko berritzaileetan inbertitzeko baliatuko dute.

Euskaran oinarritutako hezkuntza proiektuaren festa da. Aurtengoa 48. ibilaldia da. Baina, euskaraz gain, honako balio hauek ere jorratzen ditu: parekidetasuna, jasangarritasuna (garraio publikoa sustatuta), partaidetza inklusiboa eta bestelako balioen sozializazioa, euskal herritartasunaren nortasuna, kalitatezko hezkuntza eta publikotasuna.

Oinarri horien gainean eraiki dituzte urte osoan ipar izan dituzten leloa eta logoa ere. Magaletik herrire, euskera erdire. Eguzkibegi ikastola Galdakaoko magal batean dago eraikia, eta Ibilaldiaren bidez ikastolaren filosofia herrira gerturatzea dute xede; era berean, ikastolako komunitateak kezkaz bizi du gaztelaniaren nagusitasuna, eta euskara ere erdira ekarri nahi du.

Leloa bat etorri da mezuaren diseinuarekin, logotipoarekin. Diseinu irekia da, eta egungo joerekin bat egiten du, tipografia hurbila eta irakurterraza baita. Kolore alaiak eta irudi dinamikoa islatzen ditu, eta diseinuan txertatu dituzte Galdakaoko mendiak ere; m hizkia adierazten dute, leloaren magal hitzaren lehen hizkia jasota. Eguzki izpiak erdigunerantz doaz, gainera, euskararen norabidea definitzeko.

IBILALDIA
Ibilaldiaren bideoklipa eta abestia aurkezteko ekitaldia. ARITZ LOIOLA / FOKU

Kantarekin bat

Kanta egiteko ere ardatz bertsua baliatu dute. Magaletik herrire du izena. Gotzon Barandiaran sortzaileak egin ditu hitzak, eta abestia eta bideoklipa Oxabi taldeak ondu ditu, ikastolako ikasleekin eta komunitatearekin elkarlanean.

Horrenbestez, dena prest dute gaurko jai handirako. Atzo hasi nahi izan zutenentzat, haur jolasak, 3x3 futbol txapelketa eta DJak izan ziren festa giroa berotzen. Gaur goizean goizetik, berriz, hamaika egiteko izango dira.

Hiru gune prestatu dituzte; ikastolakoa da lehena. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek gune horretan egingo dute erronka. Horretaz gainera, dantzek, haur jolasek eta kontzertuek ere izango dute lekua. Akerbeltz erromeria eta DJ Bull, adibidez, ikastolako gunean izango dira.

Bigarren gunea Romualda Zuloaga plazan izango da. Pailazoak, Go!azen, Zazpizar erromeria eta Kai Nakairen kontzertua gune horretan izango dira, eguneko egitaraua ixteko.

Kurtzeko plaza da hirugarren gune nagusia. Tor magoaz gain, herri kirol ugari izango dira goizean. Erronkako sari banaketen ostean, Oxabi taldearen kontzertua izango da. Han entzun ahal izango da zuzenean Magaletik herrire kanta.

Gune guztietan egongo dira haurrentzako gune bereziak, jatekoa eta edatekoa, eta beste hainbat jolas.

Antolatzaileek eskatu dute ahal dela garraio publikoa erabiltzeko, hain zuzen, jasangarritasuna da lan ildoetako bat.

Horrenbestez, Magaletik herrire, euskera erdire lelopean, Galdakao prest da euskaltzaleak festa giroan hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.