Pantailetara lotuak. Zenbateraino eragiten diote pantailek gazteen buru osasunari? izenburupean, mahai inguru bat egingo dute datorren asteartean, Donostian. Parte hartuko duten adituek aurreratu dute erantzuna: ebidentzia zientifikoaren arabera, pantailen gehiegizko erabilerak kalte egiten dio haur eta nerabeen garapenari, eta neurriak hartzeko eskatu dute. Hala azaldu dute Mirene Beriain Osakidetzako lehen mailako arretako pediatrak, Maitane Ormazabal psikologoak eta Iñigo Martinez filosofo eta irakasleak. Mahai baten inguruan elkartuko dira hirurak, maiatzaren 5ean, Jakes Goikoetxea BERRIAko kazetariak gidaturik. San Telmo museoan da solasaldia, 18:30ean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Laboral Kutxak eta San Telmo museoak babestuta egingo dute mahai ingurua. Han aletuko dituztenen aurrerapen bat egin dute adituek.

«Haiek dira gure etorkizuna. Haien buru osasuna eta garapena zaintzen ez baditugu, jai daukagu»
Mirene Beriain, Osakidetzako lehen mailako arretako pediatra
Osakidetzako pediatra da Mirene Beriain, eta azaldu du haur eta nerabeen artan menpekotasun digitalarekiko ajeak nabaritzen dituela. «Gure lanean begirada hori ere sartu da, eta garrantzitsua da kontuan izatea diagnosia egiteko orduan». Dioenez, dagoeneko badago ebidentzia zientifiko nahikoa esateko gailu horiek, ezagutzen ditugun moduan eta erabiltzen diren moduan, eragina dutela hainbat garapen prozesutan, buru osasunean eta alor fisikoan.
Zera ohartarazi du: «Gaur egun haur eta nerabeek smartphoneetan gehien erabiltzen dituzten aplikazioek diseinu adiktibo bat daukate; beraz, ezin ditugu tresna neutrotzat hartu; are gutxiago zaurgarriagoak direnen eskuetan, eta haur eta nerabeek, garapen prozesuan daudenean, garatzeko dauzkate erregulatzeko hainbat funtzio; eta zaurgarriagoak dira».
Kontsultan hainbat kasu ditu: «Zailtasun batzuk ikusten dituzu hizkuntzaren garapenean, edo buru osasunean. Hainbat faktorek eragin ditzakete zailtasun horiek, baina egunean batez beste sei orduz smartphonera lotuta egoteak, eta sei horietatik lau, gainera, Tiktok izateak eragina du. Eta hor egon den denbora horretan guztian egiteari utzi dionak ere badu garrantzia, gabeziak sortzen dituelako. Arazoaren parte izan liteke, ez dut esaten hori bakarrik denik, baina elika dezake».
Osasun publikoko arazotzat jo du, hartu duen tamaina ikusita. «Horregatik, neurriak hartu behar dira. Goitik ere bai». Begi onez ikusi du 16 urtetik beherakoei sare sozialak erabiltzeko debekua arautzea. «Debeku hitza ez zaigu gustatzen, eta nahi dugun bezala deitu ahal diogu, baina muga batzuk jarri behar dira haurrak eta nerabeak babesteko. Beharrezkoak dira».
Eta azaldu du zergatik: «Burmuineko funtzio eragilean, galga eta bolantea daude. Funtzio horiek inpultsoen aurrean galga jarri, eta bolantearekin gidatzen gaituzte. Hori 25 urtera arte ez dago guztiz garatuta. 18 urte inguruan garapen prozesurik handiena eginda dago, eta gero osatzen segitzen du 25 urtera arte. Kontua da umetan eta nerabetan galga eta bolantea ez daudela behar bezala garatuta, eta horregatik esaten dugu kanpotik jarri behar dugula muga. Haiek ezin dute».
«Hizkuntzaren garapenean ikusten dituzu zailtasun batzuk, edo buru osasunean. Hainbat faktorek eragin ditzakete, baina egunean batez beste sei orduz smartphonera lotuta egoteak, eta sei horietatik lau, gainera, Tiktok izateak eragina du»
«Saritze zirkuitua» delakoaz mintzatu da: «Burmuinaren parte bat da, eta plazera aurreikusten denean aktibatu egiten da. Espero duzunean plazerezko zerbait iritsiko dela, espektatiba horrek asko aktibatzen du burmuina, eta behin eta berriz errepikatzen du espektatiba hori betetzeko».
Hori da gaurko pantailen diseinuen eta aplikazioen helburua. «Denbora guztian zerbait berria eskaintzen dizute, zerbait zure gustukoa izango dena, algoritmoak hori badaki, eta zuk denbora guztian duzu espektatiba hori, hau da: ‘Zer izango da hurrengoa?’. Helduoi geratzea kostatzen bazaigu, pentsa haiei, ez baitute galgarik».
Horregatik iruditzen zaio larria gaur egungo egoera, eta premiaz arautu beharrekoa. «Agian ez da izango egin dezakegun onena, baina zerbait egin behar da. Denbora pasatzen ari da, eta belaunaldi bat badago horren guztiaren ondorioak pairatzen».
Erabakiak azkar hartu beharraren premia azpimarratu du: «Haiek dira gure etorkizuna. Haien buru osasuna, gaitasunak eta garapena zaintzen ez baditugu, jai daukagu. Hau ez da neurriz kanpoko eskaera bat, ez gara esajeratzen ari».

«Bizitza kalean dago»
Maitane Ormazabal, psikologoa
Maitane Ormazabalek ez du zalantzarik: pantailak gehiegi erabiltzen dira, eta ondorioak uste baino handiagoak dira, kalterako. Ez bakarrik gazteengan, baita helduengan ere. Gizarte osoaren arazoa dela azaldu du. «Mugikorra adiktiboa izateko egina dagoen gailu bat da. Gauza asko normalizatu ditugu normalak ez direnak. Teknologia hori prestatua dago guk gaizki erabiltzeko».
Eta ondorio batzuk zerrendatu ditu: «Arreta krisi ikaragarri handi batean gaude. Ez diogu elkarri entzuten. Denbora guztian, nor bere buruarekin dago, eta mugikorrarekin». Dioenez, oso ohikoa da erabilera egunean bospasei ordukoa izatea. «Lanbide Heziketan eta unibertsitatean prestakuntza saioak egiten ditugu, eta hamar orduko erabilerak ere oso ohikoak dira han. Horrek asko kezkatzen nau».
Esan du bakardade sentsazioa areagotzea ere ekarri duela. «Mugikorrak berekin ekarri du geure buruarekin gehiago erlazionatzea, eta horrek nartzisismoa eta egozentrismoa areagotzea eragiten du. Ez dugu errealitatearen parte handi bat ikusten, baizik eta algoritmoen logikak guk ikustea nahi duen parte hori ikusten dugu. Horrek bakardade sentsazioa ekartzen du». Beste hainbat kasuren ugaritzeak ere zerrendatu ditu: «Izugarri handitu dira bizitza bizitzeko beldurrak. Antsietate eta depresioak areagotu egin dira mugikorren erabilera desegoki baten ondorioz. Horrez gain, bulimia, anorexia, loaren nahasmendua, autoestimu gabezia… asko areagotu dira».
Beste ertz bati ere erreparatu dio: «Inork ez du esaten pantailetan dauden bitartean bizitza nola ari diren galtzen. Gaur egun, gazteak gutxiago ateratzen dira, eta heldu asko lasai daude horregatik, baina niri horrek beldur handia ematen dit, zeren bizitza kalean dago. Sozializazioa, harremanak lantzea… adin horretan funtsezkoa da. Behar ebolutibo bat da. Beren burua eraikitzeko besteekin harremanak. izan behar dituzte; garuna garatzeko eta gorputza emozionalki garatzeko, besteak beharrezkoak dira. Nerabezarora arte gurasoen edo hezitzaileen bitartez ateratzen dira mundura, eta nerabezaroan, berriz, bere berdinen bitartez deskubritu behar dute mundua. Besteak oso-oso garrantzitsuak dira. Besteekin erlazionatzen naizenean ikasten dut munduarekin erlazionatzen. Besteekin erlazionatzean hasten naiz neure buruarekin erlazionatzen ikasten».
«Gazteek bere adinekoekin harremanak izan behar dituzte; garuna garatzeko eta gorputza emozionalki garatzeko, besteak beharrezkoak dira. Nerabezaroan, bere berdinen bitartez deskubritu behar dute mundua. Besteak oso-oso garrantzitsuak dira»
Elkarrekiko harreman horren beharra behin eta berriz azpimarratu du: «Sare sozialetan badago gezur handi bat, geure burua guk salbatu behar dugulako kontu hori, eta hori ez da egia: besteen bitartez salbatzen gara, gizaki sozialak gara. Geure burua bestearen bitartez baino ezin dugu ezagutu; bestela, gu geure buruarekin nartzisismoan bueltaka gabiltza; bestearekin gatazkan sartzean hasiko naiz nire gauzez konturatzen, ordura arte ez naiz gai ikusteko».
Horren guztiaren inguruan neurriak har litezke. Ormazabalek uste du gazteek mugikorrik gabeko gune libreak behar dituztela unibertsitatean, eskolan, etxeetan eta toki guztietan. «13-16 urteko gazte bat ez dago prest hori egiteko; beraz, guk hasi behar dugu neurri zehatzak jartzen». Argi du nondik hasi: «Mugikorrak, eskolatik kanpora. Laneko toki askotatik ere bai, behar ez bada; bizikleta bezala, kanpoan utzi. Adiktiboa den gailu horrekin harreman osasuntsu bat izaten erakutsi behar diegu. Aldean badute, ezingo dira erabili gabe egon. Ez dugu ikastetxerik esango ez dizunik mugikorrekin arazoak dituztela. Beraz, erabaki koherenteak har ditzagun».
Uste du erakundeek neurri gutxi hartu dituztela: «Onkeriaren gizartean bizi gara, eta uste dut koherenteak izan behar dugula, estrukturak behar ditugu, eta nerabeek estruktura horiek apurtu behar dituzte, baina mugak behar dituzte».
Baikorra da, badu esperantza: «Aldaketarako mugimenduan gabiltza; dinosauroa handi samarra da, eta kosta egiten da, baina bagoaz».

«Heldu moduan ezin dugu dimititu»
Iñigo Martinez Peña, filosofoa eta irakaslea
Martinez ere kezkatuta dago smartphoneen gehiegizko erabilera dela eta. «Oso arin sartu da digitalizazioa, berrikuntza ororen gurtza gisa, eta aurreikusi gabe epe luzera zer ondorio izan ditzakeen. Uste dut beharrezkoa dela tarte bat hartzea, zeren modu ikaragarri batean liluratu gaitu, eta oso modu akritikoan sartu dira, baina, pixkanaka, agerian geratzen ari dira arretan, memorian, ulermenean eta frustraziorako tolerantzian haurrek eta gazteek dauzkaten gainbeherak, hain zuzen, gailu horien gehiegizko erabilerarengatik».
Bi kontzeptu darabiltza hitzetik hortzera: «bulimia digitala» eta «anorexia mentala». Horrela azaldu ditu: «Batetik, irudiz, mezuz eta informazioz gainezka gaude, eta ezin dugu begirada pantailetatik kendu. Betekada hori da bulimiarena. Baina pentsamenduaren denbora bestelakoa da, bere patxada eta isiltasuna behar ditu, eta gertatzen zaiguna subjektibizatzeko edo guretzako esanguratsua izan litekeena bilatzeko tarterik ez dugu hartzen. Astindu egiten gaituzte, hiperestimulatu, baina ez digute laguntzen pentsatzen: hortik dator anorexia mentalaren kontzeptua, ez digulako pentsatzen uzten».
Martinezek gazteen ahotan entzun ditu «mundu digitalaren zauri batzuk». Apatia, nekea eta tristura digitala aipatzen dituztela azaldu du. «La generación ansiosa liburuan [Antsietatearen belaunaldia], Jonathan Haidt-ek aipatzen du bere 6 urteko alabak eskatzen diola une batean, mesedez, laguntzeko pantailatik burua altxatzen. Pentsatzen dugu haiek beren burua erregulatuko dutela merkatuak bere burua erregulatzen duen moduan, baina ez dut uste hori estrategiarik egokiena denik. Laguntza behar dute deskonektatzeko. Hori gure ardura da. Heldu moduan ezin dugu dimititu. Bakarrik uzten ditugu, beren burua erregulatuko dutela esanaz, baina ez da hala».
«Pentsatzen dugu haiek beren erregulatuko dutela merkatuak bere burua erregulatzen duen moduan, baina ez dut uste hori estrategiarik egokiena denik. Laguntza behar dute deskonektatzeko. Hori gure ardura da»
Izan ere, uste du gaur egun badagoela paradoxa bat: «Haur batzuei gehiegizko babesa ematen zaie eguneroko kontuetan, baina gero erabateko askatasuna ematen zaie mundu digitalean. Agian hor ere zaintza eta askatasunaren arteko kontua pentsatu behar genuke. Ahazten zaigu helduek utzi dizkiegula gailu horiek eskuetan, eta mailakatu egin beharko genituzke ardurak eta erantzunak».
Gazteek elkar topatzeko tokiak behar dituztela azpimarratu du, eta interesgarritzat jo du gune komunitarioak berreskuratzea. «Eric Klinenberg soziologoak azaldu du zenbateraino indartu behar diren plazak, liburutegiak..., halako guneak. Sinplifikatzea ematen du, baina gorputza, presentzia eta arreta gogorarazten dituzte harremanetarako. Izan ere, harreman esanguratsuak aurrez aurrekoaren bidez egiten dira».
Bestalde, Altxa Burua ekimenaren garrantzia azpimarratu du: «Oso garrantzitsua da, familiak eta eskolak saretu dituelako. Baina aholku emaile mailan geratzen gara, eta agian arautzeari ekin behar diogu».
Hori guztia egiteko ikuspegi politiko bat behar dela gaineratu du, eta arautu beharra azpimarratu. Izan ere, erronka horri aurre egiteko erantzunak hainbat mailatan eman behar direla uste du, eta erakundeek dagokien ardura hartu behar dutelakoan dago.