Aresketa ikastolako zuzendaria

Itxaso Ugarte: «Halako jaiek gure hizkuntza bizirik mantentzeko txinparta funtzioa daukate»

'Taupadak berpiztu' lelopean ospatuko dute aurtengo Araba Euskaraz, aurten berrikuntza batekin: jaia Gasteiztik Amurriora eraman dute, Aresketa ikastolaren batzarrak hala erabakita.

Itxaso Ugarte Aresketa ikastolako zuzendaria. JONTXU
Itxaso Ugarte Aresketa ikastolako zuzendaria. JONTXU
gurutze izagirre intxauspe
2026ko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itxaso Ugarte Amurrioko (Laudio, 1982) Aresketa ikastolako zuzendariak Araba Euskaraz-era joateko gonbidapena egin die euskaltzale guztiei. Euskararen erabilera %4koa da herrian, eta halako jaiek, hizkuntzari bultzada bat emateaz gain, euskaldunei egun batez bederen arnasgune bat emateko ere balio dutelakoan dago.

Gasteizen, Olarizuko zelaietan ospatu izan da azken urteetan Araba Euskaraz. Aurten Amurriora egin du jauzia. Zergatik?

Duela bost urte Arabako zortzi ikastolok jai ereduari buruzko hausnarketa bat egin genuen. Erabaki zen jaia egiten segitzea, eta urtero Gasteizen, Olarizuko zelaietan egitea. Iaz, Araba Euskaraz antolatzeko ardura Amurrioko ikastolak hartuko zuela jakitean, ikastolako batzarrera eraman genuen jaia Gasteizen egitearen gaia, eta bertan gurasoek erabaki zuten lekukoak Aresketa ikastolara etorri behar zuela. Giharra atera, eta herria aktibatzea izan da erabaki horren helburua.

Nola jaso dute herritarrek aldaketa?

Gogotsu eta ilusioz. 2013an izan zen gure azken Araba Euskaraz. 2020an zegokigun, baina pandemiagatik ez zen egin, eta hainbeste urteren ostean berriz halako aldarrikapen jai bat edukitzea ilusioz eta gogoz jaso du komunitateak eta herriak.

Amurrio aurkeztuko zeniguke?

Bilbo eta Gasteiz artean dago. 10.000 biztanle ditu, Aiara kuadrillan dago, eta Arabako kuadrillen artean herririk handiena da, Laudioren atzetik. Aresketa ikastolak laster 50 urte beteko ditu. Euskara ardatz izan du hezkuntza proiektuan, 2-16 urte arteko ibilbide osoan. Tamalez, gure herrian eta eskualdean gaztelania da hizkuntza nagusi jende askorentzat. Euskararen ezagutza nabarmen handitu den arren, udalaren datuen arabera herritarren %4k bakarrik erabiltzen dute egunerokoan euskara. Ezagutza, zorionez, askoz handiagoa da, baina erabileraren datua larria da.

«Batzarrean gurasoek erabaki zuten lekukoak Aresketa ikastolara etorri behar zuela. Giharra atera, eta herria aktibatzea izan da erabaki horren helburua»

Euskararen ezagutza zabaltzeko orduan, ikastolak zer funtzio betetzen du?

Aresketa ikastola sortu zeneko egoera eta gaur egungoa oso ezberdina izan arren, gurasoen orduko eta egungo nahi batzuk bat egiten dutelakoan nago, eta zera da: euskararen aldeko lana. Sortu zenean gurasoak ez zeuden bakarrik, lantalde profesional bat izan zuten alboan, eta gure betiko andereño eta maisuekin batera bideratu zuten gurasoek bide hura. Ausartak izan ziren, hezkuntza sistema oso bat hedatu zutelako eta horren aldeko apustua egin zutelako. Funtzio hori beti oso argi izan dugu: herritik eta herriarentzat sortutako hezkuntza proiektu bat gara. Uste dugu saiatu garela proiektu eraldatzailea, aitzindaria eta euskalduna mantentzen.

Nolakoa da Aresketa ikastolaren komunitatea?

Gaur egun ikastolak 600 ikasle inguru ditu, 400 familia eta 70 bat langile. Araban zortzi ikastola daude, eta hau da handienetan hirugarrena. Irabazi-asmorik gabeko guraso kooperatiba gara. Euskara eta euskal kulturaren biziberritzea du ardatz. Komunitate osoaren artean egiten saiatu gara hori, ikasle, irakasle, guraso, ikastolako lagun eta langileen artean.

Hezkuntza proiektuaren ardatz nagusiak zein dira?

Lehen aipatutako izaera kooperatibista horrek ematen dio ikastolari autonomia maila bat. Horri esker, euskararen murgiltze ereduan aitzindariak izan gara. Gure oinarria oso argia da: hezkuntza eredu euskalduna dugu, baina ateak guztiz irekiak ditugu hainbat jatorritako familientzat, kulturartekotasuna aberastasun gisa bizi baitugu. Ikastolan, euskaraz bizitzea dugu xede, eta pertsonak jartzen ditugu erdigunean. Gure ustez, ikastolan bidea egitea ez da etapa akademiko bat gainditzea soilik: etorkizuneko herritarrak hezten ahalegintzen gara, eta horretarako tresnak ematen.

Euskararen erabilera %4koa izanda, nola egiten da lana murgiltze eredu horretan haizea kontra dagoenean?

Zaila da. Batetik, etxetik gure komunitatea aktibatzen ahalegin handia egiten dugu. Euskararen erabilera bermatzen diren arnasguneak sortzen ahalegintzen gara ez bakarrik ikastolan, baita herrian ere. Haize kontra, baina tinko eusten diogu. Etorkizuna euskaraz nahi dugulako.

«Euskararen ezagutza nabarmen handitu den arren, udalaren datuen arabera herritarren %4k bakarrik erabiltzen dute egunerokoan euskara. Ezagutza, zorionez, askoz handiagoa da, baina erabileraren datua larria da»

Taupadak berpiztu da aurtengo Araba Euskaraz-en leloa. Euskalgintza ere badabil berpizkundearen gaiarekin. Ikastolek zer funtzio dute?

Leloak dioen bezala, taupadak berpiztu nahi ditugu. Euskararen egoera larritzat jotzen denean, eta batez ere, euskara jasaten ari den eraso horien harira, bihotza bizirik dugula adierazi nahi dugu. Euskararen taupadak berpiztu nahi ditugu, eta zeresana dugula adierazi. Ikastolek ezinbesteko funtzioa bete izan dugu, eta beteko dugula iruditzen zaigu, herri mugimendu gisa, herriak bizirik eusten dion hizkuntza izango delako euskara.

Gatozen jaira. Nola izan zen Araba Euskaraz antolatzeko lekuko hartzea?

Iaz Bastida Ikastolak pasatu zigun lekukoa, eta jaso bezain laster lanean hasi ginen. Leloa eta logoa bilatzea izan zen lehen lana, eta hori ere komunitatean egin zen. Taupadak berpiztu aukeratu zen, nire ustez han gauden denon sentimendua adierazten zuelako.

«Ospakizun egunaz gain, aldarrikapen eguna izango dugu. Araban euskaraz bizi, ikasi eta lan egin nahi dugulako»

Eta horrelako erronka bati heltzeak zer eman dio komunitateari? Nola antolatu zarete?

Horrelako jai batek eskatzen duen lana ez da nolanahikoa. Behin erabakita lekukoa hartuko genuela gurpilari eragiten hasi ginen. Indarra eta auzolana ezinbestekoak izan dira. Batzordeak osatu ziren, eta jai honek dituen eskakizunak betetzen joan dira. Urte osoan euskarazko ekitaldi pila bat antolatu ditugu. Lan handia egin behar da, eta, zorionez, ikastolan izugarrizko laguntza eta elkartasuna jaso dugu, eta eskerrak eman nahi ditugu. Eta, zalantzarik gabe, lagundu du komunitatea sendotzen. Horrelako jai batek, bere gorabehera guztiekin, komunitatea saretzen du, eta proiektu komun baten alde lanean jartzen gaitu. Euskarari, gure komunitateari, euskarak behar duen txinparta ematen dio, eta eguneroko presentzia areagotzen da. Horrekin batera, Aresketa ikastolaren proiektua zabaltzen lagundu du, kulturartekotasunean eta giza balioetan oinarritutako komunitate zabal bat garela hedatzeko aukera ere eman digu.

Zure ustez, Araba Euskaraz antolatzeko lanean buru-belarri aritu ostean, zer arrasto utziko du gerorako?

Uste dugu utziko duela bere arrastoa. 2013tik ez dugu halako jairik izan Amurrion. Uste dugu horrek astinduko duela herritarren artean euskararen aldeko sentsibilizazioa. Halako jaiek eta aldarrikapenek beren tokia dute, eta gure hizkuntza bizirik mantentzeko txinparta funtzioa daukate.

Zer eskainiko du Araba Euskaraz egunak?

Animatu nahi nituzke denak ekainaren 14an Amurriora etortzera; ongi etorriak dira denak. Ospakizun egunaz gain, aldarrikapen eguna izango dugu. Araban euskaraz bizi, ikasi eta lan egin nahi dugulako, eta egun horretan euskararen arnasgunea izango delako Amurrion, bai euskaratik hurbil gaudenontzat eta bai ezezaguna duen ororentzat. Bertaratzeko, eskertuko genuke ahal dela garraio publikoa erabiltzea, eta posible ez den kasuetan autoa modu partekatuan erabiltzea, baina batez ere etor dadila mundu osoa, giro paregabea izango dugulako. Egitarau oparoa osatu dugu haur, gazte eta familientzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA