Unai Mendizabal (Gasteiz, 1974) Arabako Ikastolen Elkarteko lehendakariak Amurriorako deia egin du, euskarari hauspoa emateko Amurriotik harago ere, Araban eta Euskal Herri osoan.
Zortzi ikastola daude Araban; non daude?
Arabako lurraldean zabalduta daude. Arabako Errioxan hiru daude: Oionen, La Puebla de la Barcan eta Bastidan. Aiaraldean beste bi: Laudion eta Amurrion. Lautadan bat dago, Agurainen. Eta Trebiñuko eremuan ere Argantzon ikastola dago. Azkenik, Gasteiz hirian ere badago Armentia ikastola.
Zer funtzio bete dute ikastolek Arabako lurraldean?
Kalitatezko murgiltze eredu bat eskaini dute ia Araba osoan, eta euskararen ezagutzari eta erabilerari ateak ireki dizkiote. Funtsezko zutabeak izan dira euskararen ezagutzak izan duen igoera esponentzial horretan. Ez dugu esango eragile bakarra izan direnik, baina eremu batzuetan ikastolak ziren bakarrak euskarazko hezkuntza eredu bat eskaintzen zutenak. Gaur egun ere badago Araban eremu bat non euskara ofiziala ez den, eta hor ere ari dira ikastolak bere eskaintza egiten, Trebiñun.
Hizkuntzaz haragoko zer ekarpen egiten dutela esango zenuke?
Ikastolak bide urratzaileak izan dira Araban. Eta horrek eragin du inguruko hezkuntzarako beste eskaintzak ere mugiaraztea. Ikastolen ekarpena ez baita barrura begirakoa bakarrik: hezkuntza sistemari ere eragin dio. Hortik harago joanda, ikastolen mugimenduak jarraitzen du horretan sakontzen, kalitatezko hezkuntza eredu bat sustatzen, D eredutik harago murgiltze eredu bat martxan jartzen. Horretarako zenbait baliabide jartzen ditu, hala nola material propioa sortu eta mundu ikuskera jakin baten ekarpena eginda. Hori guztia ez du bakarrik egin, beste eragile batzuekin elkarlanean baizik. Argi dago ikastolak bakarrik ere ezin duela egin hori.
Mundu ikuskerarena azalduko zeniguke?
Ikastolak ez ziren sortu indarrean zegoen hezkuntza sistemaren itzulpen hutsak egiteko, baizik eta euskaratik lana egiteko, euskaraz eragiteko eta euskaraz pentsatu ahal izateko tresnak emateko.
Arabako Ikastolen Elkartea Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko sarean dago. Zer interpretazio egiten duzu sare horretaz?
Aterpe bat ematen die Arabako ikastolei, izate bat, pertenentzia bat. Euskal Herria marrazten duen eragile aktiboa izateko aukera ematen die, eta berezko hezkuntza sisteman eragile izateko aukera ere bai. Horrek modua ematen du ikastoletako irakasleentzako formakuntza marko bat, materialgintza propioa ekoizteko marko bat eta hezkuntza sistema propio bat eratzeko prozesuan partaide izateko. Horrekin batera, Arabako ikastolek aukera dute ikasleak erdigunean jarrita gurasoen parte hartzea ere aintzat hartzen duen eraketa sistema baten barruan sare oso bat osatzeko, gobernantza organoetan parte hartzeko aukera baitago.
«Ikastolek ere bere egiten dute euskararen egoerari buruzko kezka, eta uste dugu jauzia egiteko garaia dela, elkarlanean aritzeko garaia dela, bakoitzak duen onena bidean jartzeko»
Arabatik harago doa sarea, beraz.
Elkarrekintza bat dakar gainerako ikastolekin, ez bakarrik Arabakoekin. Beste lurraldeetako ikastolekin, hango ikasleekin eta gurasoekin harremana izateko aukera zabaltzen du, eta, gaur egun dauden 115 ikastolak mapa batean kokatzen badituzu, mapa horrek Euskal Herrikoaren antz handia du. Horrek hezkuntza ereduari balio erantsi bat ematen diola uste dut.
Taupadak berpiztu da aurtengo Araba Euskaraz-en leloa. Zer gogoeta eragiten dizu leloak?
Euskaldunok euskara daramagu bihotzean, eta bihotzak funtzionatzeko taupadak behar ditu. Taupada horiek behar ditugu bihotzetik burura eta mihira eramateko. Jakina den moduan, ezagutza handitu da, baina erabileran desoreka handia dago. Ezagutza hauspotu eta erabilera bultzatu nahi dugu. Hauspotzeko taupadak suspertu behar ditugu are erritmo azkarragoan. Eta, ezagutzaren erritmoa goranzkoa izan bada ere, erabilerarena ez da hein berean igo. Ikastolen helburua bada pertsonak heztea, euskaldun aktiboak heztea, euskara dakitenak eta erabiliko dutenak. Ideia horrekin jokatu nahi izan du leloak. Amurrion zera nahi dugu, bihotz horren taupadak berpiztu, ez bakarrik Amurriokoak, ez Arabakoak, baizik eta Euskal Herri osokoak.
Berpizkundearen gaia hizpide du kontseiluak ere. Nola kokatzen dira ikastolak jokaleku horretan?
Ikastolek bat egin dute Kontseiluaren diagnostikoarekin, ikastolen elkartea ere kontseiluaren parte da. Ikastolen elkartean ere kezkaz bizi dugu egungo egoera. Bai erabileran dagoen etena, bai arnasguneen txikitzea, eta baita euskara jasaten ari den oldarraldia ere. Ikastolek ere bere egiten dute kezka, eta uste dugu mugitzeko garaia dela, jauzia egiteko garaia dela, elkarlanean aritzeko garaia dela, bakoitzak duen onena bidean jartzeko.
Araba Euskaraz-en parte hartzeko dei bat egingo zenuke?
Euskaltzale orori etortzeko gonbita egingo nioke. Baditugu topaketa pilo bat euskararen alde egiteko. Kontseiluak deituta, Iruñean izango gara, kaleak beteko ditugu, eta igandean euskara martxan jartzeko beste plaza bat eskainiko dugu euskaltzaleak aktibatzeko. Jai giroan murgiltzeko egun bat da, eta euskarara eta euskal kulturara gerturatu nahi duen orori ere zabalduko nioke gonbidapena. Denak izango dira ongi etorriak.