Kirikiño ikastolak bost hamarkadatik gorako ibilbidea dauka. Bilbon euskarazko hezkuntza sustraitzeko lehen urratsak 1970. urteko hamarkadan egin zituzten.
Frankismoa azken hondarretan bazen ere, euskarazko irakaskuntza ez zegoen legeztatua; are, ezkutuan aritzen ziren euskaraz irakasten. Guraso batzuek euskarazko hezkuntza nahi zuten beren seme-alabentzat, eta guraso haiek lortutako etxabetan elkartzen ziren umeak euskaraz ikasteko. Eraikin haien kanpoaldetan Espainiako banderak jarrita zeuzkaten, eta antzeko ikurrak gelan ezkutatuta, frankismoaren zaintzapean baitzegoen hezkuntza sistema, eta aldian behin diktadurak ezarritako ikuskatzaileak eskoletan agertzen baitziren. Halere, aurrera egin zuten. Baliabide eskasekin antolatu zituzten lehen eskola haiek Santutxun, Begoñan, Txurdinagan eta Otxarkoagan, etxabetan eta sotoetan, euskararen aldeko grinak eta auzolanak bultzatuta.
Ikastola Bilbo erdigunera iritsi aurretik, lehen urratsak Egoialde baserrian egin zituzten, Doña Kontxaren amaren etxean, eta, haren eskuzabaltasunari esker, baserri hura euskararen babesleku bihurtu zuten. Hark proposatu zuen ikastolak Ebaristo Bustintza Kirikiño-ren izena hartzea, euskararen aldeko maisu nekaezinaren omenez.
Gero eta guraso gehiagok egin zuten haurrak euskaraz heztearen aldeko apustua. Komunitatea hazten zihoan. Auzolanaren bidez, ikasgelak, altzariak, liburuak eta irakasleak bilatu zituzten, eta egunez egun ikastola eraiki.
Urteek aurrera egin ahala, proiektua hazten joan zen, eta, familia gehiagoren atxikimendua lortuta, Karmelo ikastolako partaide izandako 190 bazkidek kooperatiba sortu zuten. Hasieran 2 urtetik 14 urtera arteko ikasleentzako ikasketak eskaintzen zituzten, eta 1981. urtean Batxilergora arteko ikasketak eman ahal izatea lortu zuten. Urte batzuk geroago Txurdinagara egin zuten jauzia, toki zabalago eta irisgarriago batera, Europa parkearen ondoan. Pixkanaka, eraikina handitzen eta ikasleen beharretara egokitzen joan ziren. Haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako eraikinak doitzen joan ziren, eta 2003an Gabriel Aresti kiroldegi eta aisialdi gunea eraiki zuten.
Euskara, euskal kultura, kooperazioa, berdintasuna, aniztasuna eta herrigintza dira ikastolaren oinarriak, eta komunitatea —familiek, langileek eta ikasleek osatua— da proiektuaren indarra eta etorkizunaren giltza.
Ibilaldiaren bidez, Kirikiño ikastolaren proiektua sendotu nahi dute, baita Txurdinaga, Otxarkoaga, Begoña eta Santutxun duen errotzea ere, eta, aldi berean, Bilbo osoarekin konektatu nahi dute.
urte osoko lana
- 'Hiri kiribil bil'. Aurtengo Ibilaldiaren leloa lau haizeetara zabaldu dute urte osoan ikastolako kideek munduan zehar egindako bidaietan. Sare sozialetan oihartzuna eman diote leloari. Halaber, behin leloa erabakita, materiala saltzen aritu dira Ibilaldiari ikusgarritasuna emateko.
- Apirilaren 18a.
Herri kirolen desafioa egin zuten. Parte hartze zabala, giro aparta eta euskal kulturaren presentzia nabarmena izan ziren arratsaldeko protagonistak.
96 lagunek hartu zuten parte herri kirolen desafioan, 12 taldetan banatuta eta hiru kategoriatan: LH 3-4, LH 5-6, eta nerabeak eta gurasoak. Talde bakoitzak zortzi kide izan zituen, eta denek erakutsi zuten gogoa, indarra eta talde lana.
Euskal kirol tradizionaletan oinarritutako probek ikusmin handia sortu zuten: ingude altxatzea, lokotx biltzea, zaku eramatea, txinga eroatea eta betiko klasikoa, sokatira. Lehia sanoa egon zen, eta argi utzi zuten egunaren benetako helburua: elkarrekin ondo pasatzea eta euskal kultura erdigunean jartzea. F
estak ez zuen etenik izan. Ikastolara hurbildu ziren guztiek gozatu zuten bingo musikatuarekin, eta karaokea ere egin zuten.
- Maiatzaren 8a.
Herria dantzan, Ibilaldia martxan ekimena egin zuten. Joaldunek eta txalapartariek hasi zuten jaia,
eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak, trikitilariek eta Kirikiño ikastolako dantzariek ongietorria eman zieten bertaratutakoei. E
uskal kulturaren adierazpen ugari batu ziren hiriko erdigunean.
Iluntzeak aurrera egin ahala, erromeria giroan, trikitilariek dantzarako gonbita luzatu zuten, eta DJ Kaktusen doinuek itxi zuten jaia.