Urtea, oinez

Hogei jardueratik gora egin dituzte Nafarroa Oinez-eko antolaketaren barruan Paz de Ziganda ikastolako lantaldeek antolatuta, euskara eta elkartasuna ardatz hartuta.

gurutze izagirre intxauspe
2025eko urriaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak Nafarroa Oinez antolatzeko lekukoa hartu zuenetik, estu heldu dio zentroak egitekoari, eta bi dozena ekitalditik gora antolatu ditu azken hamabi hilabeteetan. Ikusgarriena asteburuan izango bada ere, hemen urte osoan egindakoaren laburpen txiki bat:

Kirol topaketa

Lehen urtez, Nafarroan errealitate soziolinguistiko ezberdinetan bizi ziren ikasleen arteko topaketa bat egin dute. Paz de Ziganda ikastolako ikasleak Lizarrako, Zangozako eta Tafallako ikasleekin elkartu ziren goiz batean. Herri kirolak egin zituzten, mahai jolasak eta dantza ere bai. Goiz emankorra izan zen, balorazioa oso ona izan zen, eta aurrerantzean ekinaldiari eustekoak dira.

Artea Oinez

Oinez egitarauaren barruan urtero egin ohi da jarduera hau ere. Aurten inklusibitatea landu dute beren-beregi. Normalean artista bat omentzen dute, eta aurten ikusmen urritasuna duten sortzaileengan jarri dute arreta. Haien sormen lanak ikusgai jarri dituzte, eta erakusketan QR kodeak jarri zituzten obra guztietan, audio bidez obrari buruzko informazioa jasotzeko. ONCEko taldeen bisitak ere antolatu zituzten.

'Jauziz elkarrekin egingo dugu'

Iazko udazkenean, Euskaraldiaren barruan, Paz de Ziganda ikastolaren inguruan dauden elkarteekin batera euskara sustatzeko egun bat antolatu zuten. Zubiak eraiki nahi zituzten euskararen normalizazioan eta sustapenean ari diren talde eta elkarteekin, eta harremanak sendotzeko egun oparoa izan zen.

Mendi Postontzia

Urte luzez ohitura izan zen Argitxoren postontziak mendi tontorretan jartzekoa. Galdua zen, ordea, ohitura hura, eta berreskuratu egin du Paz de Zigandak. Laskorain ikastolarekin eta Lizarrako ikastolarekin batera, irteera egin zuten Ezkabara, eta postontzi bat jarri zuten bertan.

Yala Nafarroa

Palestinari elkartasuna adierazteko, Yala Nafarroarekin adostu zuten elkarrekin zapiak ateratzea eta handik jasotzen zen irabazia haientzat izatea. Gero, sanferminetako suziria botatzeko hautatu zituzten, eta zapiak ugaritu egin ziren trumilka. Elkartasun zubiak eraikiz joan dira urtean zehar, eta lan lerro horretan beste bat izan da Yala Nafarroarekin egindako elkarlana. 

Oinez txokoa

Iruñeko Sanferminetan erreferente bihurtzen ari da txoko hori. Euskaltzaleentzat, familia giroa nahi dutenentzat edo haur txikiekin doazenentzat egokitutako gunea da, eta gero eta indar handiagoa hartzen ari da. Jendetza batu zen gune hartara sanferminetan.

Erremontea

Partida antolatu zuten, eta bertan bildutako dirua garun paralisia duten haurrekin lan egiten duen elkarte batentzat izan zen, Hiruhamabirentzat. 600 euro pasatxo bildu zituzten partidan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.