Euskal Herria berrikuntzaren bidetik

Zibersegurtasuna zaintzeko euskal agentzia

Cyberzaintza, Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia, Euskal Autonomia Erkidegoan Interneteko eta teknologia berriekin lotutako mehatxuei aurre egiteko sortu da.

Cyberzaintza
Cyberzaintza Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia sortzeko bilera Arabako Teknologia Parkean. ADRIAN RUIZ HIERRO
2023ko azaroaren 26a
05:05
Entzun

Cyberzaintza, hau da, Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia gidatuko duen administrazio kontseilua lehenbiziko aldiz elkartu zen Arabako Teknologia Parkean, Miñaon, irailaren 13an. Izan ere, Arabako Teknologia Parkean bertan jarriko dute erakunde berri hori, Basque Cybersecurity Centerren zehazki, zentro horrek laster utziko baitizkio bertako langileak eta instalazioak.

Eusko Jaurlaritzako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietako, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udaletako, eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkariak izango dira Cyberzaintzaren gobernu organo goreneko kideak. Kontseilu horren lehenengo eginkizunetako bat estatutuei oniritzia ematea da: horietan zehaztuko dira Cyberzaintzaren legezko oinarriak, oinarri operatiboak, eta agentziaren helburuak, eginkizunak eta egiturak.

Arloak

Cyberzaintza Euskadiko Zibersegurtasun Agentziak batez ere hiru arlo hauetan jardungo du:

  • Ziberdelituak. Ertzaintzarekin koordinatuta, Cyberzaintza agentziak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) segurtasun publikoa zainduko du, ziberdelituak pertsegituz eta herrialdeko azpiegitura kritikoak eta sentikorrak babestuz.
  • Azpiegitura eta datu publikoen babesa. Agentzia berriak babestu eta zainduko du euskal sektore publikoko azpiegitura digitalen funtzionamendu egokia.
  • Enpresa egituren eta datuen babesa. Eusko Jaurlaritzako ekonomia sustapeneko taldearekin koordinatuta, euskal gizartearen garapen jasangarriari bide emango dioten ingurune seguru eta erresilienteagoak izateko enpresa kultura sustatuko du Interneten.

Zereginak

Hauek dira Agentziaren zeregin nagusietako batzuk:

  • Ziberintzidentziak eta zibererasoak ikertu eta aztertzea.
  • Antzematea eta horiei erantzutea, horretarako irizpideak finkatuta eta babes neurri egokiak sustatuta zibermehatxuei aurre egiteko.
  • Zerbitzu publiko kritikoak eta funtsezkoak identifikatu eta zaintzea, horien ziberbabeserako neurri egokiak proposatzeko.
  • Larrialdiei erantzuteko taldearen (CERT) eta zibersegurtasuneko intzidenteei erantzuteko taldearen (CSIRT) eginkizunak betetzea, Espainiako estatuko eta nazioarteko beste organismo batzuekin koordinatuta, zibereraso bat gertatuz gero kalteak ahalik eta txikienak izateko eta ondorioak arintzeko.
  • Gizartea kontzientziatzea zibersegurtasunaren garrantziaz jabetu dadin, eta, horretarako, programa hezitzaileak eta sentsibilizazio kanpainak sustatzea Interneten portaera seguruak bultzatzeko.
  • Enpresa sarea eta EAEko funtsezko sektoreak –hala nola osasuna, larrialdiak, segurtasuna, gizarte zerbitzuak, hezkuntza eta garraioa– zibersegurtasunean eta garapen digital seguruan treba daitezen babestea eta bultzatzea.
  • Zibersegurtasuneko estrategia bateratu bat sustatzea eta koordinatzea EAEko administrazio publiko guztientzat.

Hurrengo urratsak

Irailaren 13tik aurrera, Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, estatutuak onartu beharko ditu, eta agentzia zuzenduko duen pertsona eta Aholku Kontseilua izendatu. Hauek izango dira kontseilu horretako kide:

  • Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ordezkari bat.
  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren ordezkari bat.
  • Zibersegurtasun gaietan aditua den pertsona bat, EAEn egoitza duten unibertsitateek izendatua.
  • Teknologiaren arloan aditua den pertsona bat, BRTA Teknologia Zentroen Aliantzak izendatua.
  • Cybasque Euskadiko Zibersegurtasun Industrien Elkarteak izendatutako pertsona bat.
  • Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren zuzendari nagusia.
  • Delitu informatikoez arduratzen den Ertzaintzako burua.
  • Izenpe enpresaren Administrazio Kontseiluko zuzendaria.
  • SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendaria.
  • Zibersegurtasunaren esparruan nazioartean proiekzioa eta prestigio aitortua duten bi pertsona, Agentziaren Administrazio Kontseiluaren lehendakariak proposatuak.

Datuak

Cyberzaintza sortzeko batzarrean, EAEn 2023ko lehenengo seihilekoan jasotako datuak aztertu zituzten: salatutako lau delitutatik bat teknologia berrien bidez egiten da. Denbora horretan, zehazki 12.878 ziberdelitu erregistratu dira, iazko aldi berean baino %31 gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.