157 ekintza antolatuko dituzte Gipuzkoan, arriskuan dagoen ondareari begira

Hamargarrenez egingo dituzte Gipuzkoan Ondarearen Europako Jardunaldiak, irailetik azarora. 36 udalerritan egingo dituzte jarduerak, ondarea zaintzeko, memoria kolektiboa gordetzeko eta gizartearen eskura jartzeko helburuz.

Ondarearen Europako Jardunaldien antolatzaileak, gaur, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Ondarearen Europako Jardunaldien antolatzaileak, gaur, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko irailaren 9a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamargarren aldia da Gipuzkoan Ondarearen Europako Jardunaldiak egiten dituztela, eta aurten Gure eskuetan izena jarri diote egitasmoari. Denetariko jarduerak eta ekitaldiak egingo dituzte, ondarea zaintzeko, memoria kolektiboa gordetzeko eta hura gizartearen eskura jartzeko xedez.

Guztira 157 ekintza antolatuko dituzte, tartean 98 jardunaldi, Gipuzkoako 36 herritan. Gaur goizean aurkeztu du ekitaldia Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, Donostian: «Politika publikoak behar dira ondareak bizirik irauteko, baliabideak behar dira ondarea kontserbatzeko, eta herritar konprometituak behar dira ondarea ezagutarazteko eta zaintzeko. Jardunaldi hauek gogorarazten digute gure ondarea zaintzea gure memoria kolektiboa gordetzea eta gizarte osoaren zerbitzura jartzea ere badela».

Ondarearen Europako Jardunaldiak 1991. urtean abiarazi zituen Europako Kontseiluak. Zenbait helburu jarri zituen Europak orduan, oraindik ere indarrean direnak: ondareari balioa ematea, herritarrengana hurbiltzea eta ondarea zaintzeak duen garrantziaz sentsibilizatzea, eta, horrela, gizarte kohesioa eta kultura nortasuna indartzea.

Ondarea, arriskuan

Telleriak nabarmendu du aurtengo programa «arriskuan» dagoen ondarearen inguruan egituratu dutela, hiru helbururekin: ondarea biziberritzea, hari eustea eta berriz irudikatzea. Helburu horiekin, programan parte hartuko dute Museum Cemento Rezolak eta Soinueneak, eta ekitaldiaren aurkezpenean izan dira jarduera horien arduradunak.

Amaia Llorente Museum Cemento Rezolako koordinatzaileak azaldu duenez, Brutalismoa. Hormigoia, maitasuna, lurraldearekiko gorrotoa erakusketa izango da museoan, herritarrei Donostialdeko arkitektura brutalistaren berri emateko eta «arriskuan dagoen ondare garaikide baten» kontserbazioaren eta etorkizunaren inguruan hausnartzeko. Gainera, azaroaren 14an bisita egingo dute fabrikara, euskaraz eta gaztelaniaz. Plazak mugatuak dira, eta aldez aurretik izena eman beharra dago.

Bestalde, Soinueneko teknikari Joseba Zabaletak esplikatu du jardunaldietan parte hartzeak aukera ematen diela «arriskuan» dagoen musika ondarea albokaren bidez ezagutarazteko. XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako albokak erabiliz, kontzertua eskainiko du Soinueneak, Albokazale Bilgunearekin lankidetzan. Zazpi alboka historiko entzun ahal izango dira kontzertuan, bost albokariren eskutik.

Horiez gain, beste ekintza anitz ere izango dira irailetik azarora bitartean. Programa osoa jada ikusgai dago Gipuzkoa Kulturaren webgunean, baita Gipuzkoako kultur etxeetan eta museoetan ere. Udalerri hauek guztiek hartuko dute parte jardunaldietan: Aizarnazabal, Alkiza, Arrasate, Astigarraga, Azpeitia, Beasain, Bergara, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Ezkio-Itsaso, Getaria, Hernani, Hondarribia, Idiazabal, Irun, Lazkao, Legazpi, Leintz Gatzaga, Mutriku, Oñati, Oiartzun, Ordizia, Orio, Ormaiztegi, Pasaia, Segura, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Zarautz, Zerain, Zestoa eta Zumaia.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA