Gipuzkoan egingo dira aurten Ondarearen Europako Jardunaldiak, hamargarrenez. Gure eskuetan. El patrimonio en nuestras manos izena jarri diote ekitaldiaren X. urtemugari, eta denetariko jarduerak eta ekitaldiak egingo dituzte, ondarea zaintzeko, memoria kolektiboa gordetzeko eta gizartearen eskura jartzeko xedearekin.
Guztira 157 ekintza antolatuko dituzte, tartean 98 jardunaldi, Gipuzkoako 36 herritan. Gaur goizean aurkeztu du ekitaldia Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, Donostian: «Politika publikoak behar dira ondareak bizirik irauteko, baliabideak behar dira ondarea kontserbatzeko eta herritar konprometituak behar dira ondarea ezagutarazteko eta zaintzeko. Jardunaldi hauek gogorarazten digute gure ondarea zaintzea gure memoria kolektiboa gordetzea eta gizarte osoaren zerbitzura jartzea ere badela».
Ondarearen Europako Jardunaldiak 1991. urtean abiarazi zituen Europako Kontseiluak. Zenbait helburu jarri zituen Europak orduan, oraindik ere mantentzen direnak: ondareari balioa ematea, herritarrengana hurbiltzea eta ondarea zaintzeak duen garrantziaz sentsibilizatzea, eta, horrela, gizarte kohesioa eta kultura nortasuna indartzea.
Ondarea arriskuan
Telleriak nabarmendu du aurtengo programa «arriskuan» dagoen ondarearen inguruan egituratzen dela, hiru helbururekin: biziberritzea, eustea eta berriz irudikatzea. Helburu horiekin, programan parte hartuko dute Museum Cemento Rezolak eta Soinueneak, eta ekitaldiaren aurkezpenean izan dira jarduera horien arduradunak.
Amaia Llorentek, Museum Cemento Rezolako koordinatzaileak azaldu duenez, Brutalismoa. Hormigoia, maitasuna, lurraldearekiko gorrotoa erakusketa izango da museoan herritarren eskura, herritarrei Donostialdeko arkitektura brutalista hurbiltzeko eta «arriskuan dagoen ondare garaikide baten» kontserbazioaren eta etorkizunaren inguruan hausnartzeko. Gainera, fabrikari bisita ere eskainiko dute, azaroaren 14an, euskaraz eta gaztelaniaz. Plazak mugatuak dira eta aldez aurretik eman beharra dago izena.
Bestalde, Soinueneako teknikari Joseba Zabaletak esplikatu du jardunaldietan parte hartzeak aukera ematen diela «arriskuan» dagoen musika ondarea ezagutarazteko, kasu honetan, albokaren bidez. XIX. mende amaieratik eta XX. mende hasieratik berreskuratutako albokak erabiliz, kontzertua eskainiko du Soinueneak, Albokazale Bilgunearekin lankidetzan. Zazpi alboka historiko entzun ahal izango dira kontzertuan, bost albokariren eskutik.
Horiez gain, beste ekintza anitz ere izango dira, irailetik azarora bitartean. Programa osoa jada eskuragarri dago Gipuzkoa Kulturaren webgunean, baita Gipuzkoako kultur etxeetan eta museoetan ere. Udalerri hauek guztiek hartuko dute parte jardunaldietan: Aizarnazabal; Alkiza, Arrasate, Astigarraga, Azpeitia, Beasain, Bergara, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Ezkio-Itsaso, Getaria, Hernani, Hondarribia, Idiazabal, Irun, Lazkao, Legazpi, Leintz Gatzaga, Mutriku, Oñati, Oiartzun, Ordizia, Orio, Ormaiztegi, Pasaia, Segura, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Zarautz, Zerain, Zestoa eta Zumaia.