30 urte bete ditu Eibarko Portaleak, eta «erakusketa handi bat» hartuko du ostiraletik aurrera

Hirurogei artistak baino gehiagok hartuko dute parte, kultur etxearen iraganari begiratzeko helburuz. Irailaren 28tik urriaren 25era egongo da ikusgai. Hitzaldiak eta ateak irekitzeko egunak ere izango dira.

Erakusketa bat Eibarko Portaleko erakusketa aretoan. EIBARKO UDALA
Erakusketa bat Eibarko Portaleko erakusketa aretoan. EIBARKO UDALA
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko irailaren 16a
13:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

30 urte betetzear da Eibarko Portalea kultur etxea. Hain zuzen, 1996ko irailaren 28an ireki zituen ateak, eta, harrezkero, kulturaren arloko egitasmo askorentzako gunea izan da. Orain, Eibarko Udalak atzera begirako «erakusketa handi bat» antolatuko du, urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusi gisa.

Ireki zenetik gaur arte beren lanak Portalean erakutsi dituzten hirurogei artistak baino gehiagok hartuko dute parte bertan, eta bakoitzak bere ibilbideko obra bat erakutsiko du. Erakusketaren helburua euskal sorkuntza artistikoaren 30 urteko ibilbidea aretora ekartzea dela adierazi dute antolatzaileek. Ostiralean irekiko dute, irailak 18, eta urriaren 25era arte egongo da ikusgai.

Horrez gain, hitzaldi ziko bat ere antolatu dute, oro har kulturguneen inguruan gogoetatzeko; hain justu, gune horiek zein funtzio duten kontsentsurako, berdintasunerako, lankidetzarako eta elkargunerako, besteak beste. Jesus Nuñez, Alfons Martinell, Amaia Gonzalez Llamas eta Jon Sarasua izango dira solaskideen artean. Gainera, irailaren 25ean eta urriaren 2an ere ateak irekitzeko egunak egingo dituzte, herritarrek zentroaren eguneroko funtzionamendua eta zerbitzuak ezagutu ditzaten.

Jon Iraola Eibarko alkatearen arabera, Eibarrek azken hamarkadetan egin duen «inbertsiorik onenetarikoa» da Portalea: «Ez da eraikin bat bakarrik, herriaren identitatea indartzen lagundu digun toki bizi bat ere bada, kultura, euskara, prestakuntza eta herritarren parte hartzea bultzatzen dituena». Erantsi du 30. urtemuga ospatzea zera dela, «aitortzea Portaleari Eibarko eta eskualde osoko erreferente izateko modua eman dioten pertsona, elkarte eta profesional guztien lana».

Ateak ireki zituenetik, jarduera ugariri egin die harrera Portaleak, eta bertan dira euskaltegia, liburutegia, marrazketa eskola, zeramika eskola, musika eskola, armagintza museoa eta udalaren beste hainbat departamentu. Ehun pertsona inguru aritzen dira bertan lanean, eta, Eibarko Udalaren datuen arabera, bederatzi milioi bisita inguru jaso ditu azken 30 urteotan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA