30 urte betetzear da Eibarko Portalea kultur etxea. Hain zuzen, 1996ko irailaren 28an ireki zituen bere ateak, eta, harrezkero, kulturaren arloko ekimen askorentzako espazio izan da. Orain, Eibarko Udalak atzera begirako «erakusketa handi bat» antolatuko du, urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusi gisa.
Ireki zenetik honaino beren lanak Portalean erakutsi dituzten 60 artista baino gehiagok hartuko dute parte bertan, eta bakoitzak bere ibilbideko obra bat erakutsiko du. Erakusketaren helburua euskal sorkuntza artistikoaren 30 urteko ibilbidea aretora ekartzea dela adierazi dute antolatzaileek. Ostiralean irekiko da, irailak 18, eta urriaren 25era arte egongo da ikusgai.
Horrez gain, hitzaldi ziko bat ere antolatu dute, oro har kulturguneen inguruan gogoetatzeko; hain justu, espazio horiek zein funtzio duten kontsentsurako, berdintasunerako, lankidetzarako eta elkargunerako, besteak beste. Jesus Nuñez, Alfons Martinell, Amaia Gonzalez Llamas eta Jon Sarasua izango dira solaskideen artean. Gainera, irailaren 25ean eta urriaren 2an ere ate irekien egunak egingo dira, herritarrek zentroaren eguneroko funtzionamendua eta zerbitzuak ezagutu ditzaten.
Jon Iraola Eibarko alkatearen arabera, Eibarrek azken hamarkadetan egin duen «inbertsiorik onenetarikoa» da Portalea: «Ez da eraikin bat bakarrik, herriaren identitatea indartzen lagundu digun espazio bizi bat ere bada, kultura, euskara, prestakuntza eta herritarren parte-hartzea bultzatzen duena». Erantsi du 30. urtemuga ospatzea «Portalea Eibarrentzat eta eskualde osoarentzat gaur egun erreferente izatea ahalbidetu duten pertsona, elkarte eta profesional guztien lana aitortzea» dela.
Ateak ireki zituenetik, jarduera ugariri egin die Portaleak harrera, eta bertan dira euskaltegia, liburutegia, marrazketa eskola, zeramika eskola, musika eskola, armagintza museoa, eta udalaren beste hainbat departamendu. Ehun pertsona inguru aritzen dira bertan lanean, eta Eibarko Udalaren datuen arabera, 9 milioi bisita inguru jaso ditu azken 30 urteotan.