Jazza ulertzeko modu askotarikoen erakusleiho izango da, berriro ere, Donostiako Jazzaldia. Asteazkenean hasiko da musika jaialdi horren 61. aldia, eta, igandera bitartean, ia 80 kontzertu programatu dituzte antolatzaileek, hamabi agertokitan banatuta. Horietako 47 doakoak izango dira.
Ez dago aurtengo jazzaldia hitz bakarrarekin definitzerik, baina izango ditu jaialdiak ezaugarri jakin batzuk. Esaterako, nabarmena izango da emakume abeslarien lekua egitarauan, eta, halaber, Miles Davis eta John Coltraneren jaiotzen mendeurrenak ere ageriko presentzia izango du programazioan. Eta, urtero bezala, jazzaz gaindiko eskaintza ere izango du Donostiako Jazzaldiak, batik bat Zurriola hondartzako oholtza handian. Ez dago egitarau osoa aletzerik, baina hona hemen aurtengo ardatzetako batzuk.
Emakume abeslariak
Nazioartean oihartzun handia lortu duten lau emakume abeslari izango dira aurten jazzaldian: Diana Krall, Samara Joy, Cecile McLorin Salvant eta Carmen Lundy. Krall (Nanaimo, Kanada, 1964) aski ezaguna da Donostian, 1997an udaletxeko udalbatza aretoan lehenengo aldiz jo zuenetik kantari eta pianista hori behin baino gehiagotan eta formatu ezberdinetan aritu baita jazzaldian. 2022. urtean Trinitate plazan jo zuen, esaterako, eta duela bi urte Kursaaleko auditoriumean eman zuen kontzertua. Oraingoan ere areto horretan izango da ―igandean, 17:30ean―, eta ondoan izango ditu Dennis Crouch (baxua), Jay Bellerose (bateria) eta Marc Ribot (gitarra). Gitarristaren izena nabarmendu beharrekoa da, bere ibilbidean hainbat musikari ezagunekin lan egiteaz gain (Tom Waits, John Zorn, Elvis Costello, Laurie Anderson) aparteko bidea egin baitu proiektu propioekin. Iaz, jazzaldiaren saria jaso zuen Ribotek, eta hiru kontzertu eman.
Kursaalean abestuko du Samara Joyk ere (New York, 1999), azken urteetan arrakasta handia lortu duen abeslari gazteak. 2021ean lehenengo diskoa argitaratu zuenetik, zaleen arreta bereganatu du Joyk errepertorio klasikoari heltzeko moduagatik, eta orduz geroztik egin duen bideak izar bilakatu du. 26 urte besterik ez du, eta dagoeneko sei Grammy sari eskuratu ditu. Donostiako kontzertuan ―ostegunean, 18:30ean―, haize laukote bat, pianoa, bateria eta baxua izango ditu lagun.
Joyk gaztetasuna bezala, eskarmentua eta ibilbide luzea ordezkatzen ditu Carmen Lundy abeslari estatubatuarrak (Miami, 1954). Pianista, konpositorea, zinema ekoizlea eta ikus-entzunezko sortzailea da Lundy, baina batez ere kantari gisa egin da ezagun 1970eko hamarkadan jazz munduan lehen urratsak egin zituenetik. Sarah Vaughan eta Ella Fitzgeraldekin alderatu izan dute, baina, batez ere, zuzenean nortasun handia erakusten duen kantari bat da. Asteazkenean izango da hori berresteko aukera, Viktoria Eugenia antzokian (18:00).
Cecile McLorin Salvantek (Miami, 1989) 2018an kantatu zuen Donostiako Jazzaldian —orain bi urte Gasteizen izan zen, eta iaz, berriz, Getxon—, eta orduko hartan erakutsi zuen zuzenean teknika, sentiberatasuna eta gertutasun handia uztartzen dituela, eta jazz moldeekin ez ezik blues doinuekin ere eroso mugitzen dela. Izan ere, ez die aterik ixten jazzaz gaindiko musikei —folkari eta elektronikari, esaterako—, On Snap (2025) haren azken diskoak erakusten duenez.
Davis eta Coltrane gogoan
XX. mendeko jazz musikaren ikur nagusietako bi jaio zirela ehun urte betetzen dira aurten: maiatzaren 26an izan zen Miles Davis tronpetistaren jaiotzaren mendeurrena, eta irailaren 23an beteko lituzke ehun urte John Coltrane saxo jotzaileak. Efemeridea baliatuta, bi musikariak eta, batez ere, haiek sortutako musika omentzeko saio ugari izango dira Donostiako Jazzaldian. Hain zuzen ere, Trinitate plazako lau emanalditan ekarriko dute gogora haien ondarea.
Lau kontzertu horietako lehena Azar Lawrence (Los Angeles, 1952) saxo jole estatubatuarrak emango du, ostiralean. Coltranek bezala, saxo tenorra jotzen du Lawrencek, eta hark 1960ko hamarkadaren hasieratik aurrera Impulse zigiluan grabatu zituen diskoetako pieza batzuk berrinterpretatuko ditu Donostiako emanaldian. Jazzak 60ko urteetan izan zuen iraultzaren eragile nagusietakoa izan zen Coltrane, eta Lawrencek berak aitortu izan du iraultza haren oinordekotzat daukala bere burua. Gainera, McCoy Tyner Coltraneren pianista izan zenarekin ere hiru diskotan parte hartu zuen Lawrencek.Â
Coltranek bezala, saxo tenorra jotzen du Lawrencek, eta hark 1960ko hamarkadaren hasieratik aurrera Impulse zigiluan grabatu zituen diskoetako pieza batzuk berrinterpretatuko ditu Donostiako emanaldianÂ
Larunbatean, berriz, Charles Tolliver tronpetista estatubatuarrak (Jacksonville, 1942) helduko dio Coltraneren errepertorioari. Edo, zehatzago esanda, hark 1961ean grabatutako Africa/Brass diskoari. Mugarria izan zen lan hura A Love Supreme-ren egilearen ibilbidean, ohiko laukote formazioa gainditu eta hogeitik gora musikarirekin grabatu baitzuen. Gainera, musikariaren garai espiritualari ireki zion bidea diskoak. Trinitateko kontzertuan Camille Thurman (saxo tenorra, ahotsa), Darrell Green (bateria), Antonio Farao (pianoa) eta Chris Dahlgren (kontrabaxua) izango ditu lagun Tolliverrek, baina baita Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko big band-a ere.Â
Coltrane Miles Davisen bandako kidea izan zen 1950eko hamarkadaren amaieran, 1957ko abendutik 1960ko apirilera arte zehazki. Eta, hain zuzen ere, Davisek ere protagonismoa izango du jazzaldian, in memoriam bada ere —Coltranek ez bezala, Davisek bitan jo zuen Donostiako Jazzaldian, 1984an eta 1986an—.
Davisek We Want Miles! zuzeneko diskoa grabatu zuen 1981ean Japonian, eta lan horretako pieza batzuk nahiz tronpetistak 1950etik 1980ra bitartean sortutako beste batzuk berreskuratuko ditu Marcus Miller baxu eta klarinete jotzaileak (New York, 1959) ostiralean Trinitate plazan emango duen kontzertuan. Miller Davisen bandako kide izan zen zenbait urtetan, eta harreman profesional zein pertsonal estua izan zuen harekin. Hala, tronpetistaren lan ugaritan baxua jo zuen, eta zuzenean ere aritu zen harekin; gainera, Davisen azken garaiko lan laudatu batzuetan ekoizle eta konpositore lanak ere egin zituen, hala nola Tutu (1985) eta Amandla (1989) diskoetan.
Millerrek berak adierazi duenez, Davis ez zen inoiz izan atzera begiratzen zutenetakoa; «aurrean zeukanari erreparatzen zion beti», eta espiritu horri eutsiko diote Donostiako kontzertuan: «Miles etorkizunera eramateko eta hark jotzea estimatuko zukeen beste gauza batzuk esploratzeko baliatuko ditut musikari bikain hauek». Izan ere, Millerren taldeko hiru musikari tronpetistaren bandako kideak ziren We Want Miles! grabatu zutenean: Mike Stern (gitarra), Bill Evans (saxoa) eta Mino Cinelu (perkusioa).
Azkenik, jaialdiaren hondarreko egunean, igandean, Davisen Sketches of Spain (1960) diskoari begiratuko diote Erik Truffaz tronpetista suitzarrak (Chene-Bougeries, 1960) eta Antonio LIzana saxo jole eta abeslari espainiarrak (San Fernando, 1986). Sketches of Spain sortzeko, espainiar musikan, eta zehazki Joaquin Rodrigoren Concierto de Aranjuez obran eta flamenkoan oinarritu zen Davis, eta jazz musika beste eremu batzuetara zabaltzeko aukera eman zion. Oraingoan ere, jazzaren eta flamenkoaren sustraiak uztartuko dituzte Truffazek eta Lizanak, eta disko klasiko hori gaur egungo ikuspegitik berrinterpretatu.Â
Jaialdiaren aitortzaÂ
Jazzaren eta jaialdiaren beraren hiru figurari aitortza egingo die aurten Donostiako Jazzaldiak. Batetik, Joe Lovano eta David Murray saxo jotzaile estatubatuarrak sarituko ditu. Lovano (Cleveland, 1952) funtsezko figura da jazz garaikidean, eta haren ibilbidearen bereizgarria sonoritate berrien etengabeko bilaketa izan da, jaialdiak berak azpimarratu duenez. 1973an hasi zuen ibilbidea, Las Vegasen, Tom Jonesekin batera. Geroago, Lonnie Smithen taldean sartu zen eta, azkenik, New Yorkera joan zen. 25 urtez —80ko hamarkadaren hasieratik 2006ra bitartean— hamabostetik gora disko grabatu zituen Paul Motianekin eta Bill Evansekin, eta bakarka ere lan ugari kaleratu ditu 1985az geroztik.
David Murray saxofoi eta klarinete jotzaile estatubatuarra (Oakland, 1955), berriz, erroak tradizioan izanda ere, jazz garaikideari lotua izan da 1970eko hamarkadaren erdialdetik, 20 urterekin New Yorkera lekualdatu zenetik, alegia. Izan ere, free jazzaren eraginpean hasi zuen musika ibilbidea, baina gerora forma klasikoagoak ere gehitu dizkio bere lanari. 130etik gora disko grabatu ditu, eta kontaezinak dira egin dituen kolaborazioak: Max Roach, Randy Weston, Pharoah Sanders, McCoy Tyner, Taj Mahal, Amiri Baraka, Jerry Garcia, Doudou N’daye Rose, Cassandra Wilson, Jason Moran, Macy Gray, Omara Portuondo, Saul Williams, Quest Love, Gregory Porter...
Biak, Lovano eta Murray, Trinitateko programazioko lehen eguneko protagonistak izango dira, asteazkenean.
Bi musikari horiez gain, Donostiako Jazzaldiaren aitortza jasoko du Miguel Martinek ere. Lau hamarkadaz jaialdiaren zuzendari nagusia izan da, eta joan den apirilean hartu zuen erretiroa.
Euskal artistak
Izen ospetsu eta arrakastatsuen itzalean bada ere, aurten ere euskal taldeen eskaintza oparoa izango du Donostiako Jazzaldiak. Tokiko proposamenak aukeratzeko iaz abian jarritako prozesuaren bidez hautatutako hamar talde eta bakarlari izango dira jaialdian: Bea Asurmendi, Mane, La Ola Maldita, Four Clovers, Erromintxelak, Iñar Sastre, White Carters, Malaka, Itziar Mendibil eta Tremendo Pikete. Horiez gain, beste zenbait euskal artistak ere parte hartuko dute jazzaldian, Arima Soulek eta DJ Estrella Electronica & Txuck Turner-ek, besteak beste. Eta Nauticoolen hamabost euskal DJren saioak izango dira.
Zurriolako agertokia
Ohi bezala, Kursaaleko terrazetan eta Zurriola hondartzako Keler gunean izango dira jazzaldiko doako emanaldiak. Jazzaz gaindiko estilotako artistak zuzenean ikusteko aukera ematen du hondartzako agertokiak, eta aurten ere jendetza bilduko da han. Hain zuzen, Euskal Herriko zenbait artista ere igoko dira oholtza horretara: ETSri egokituko zaio lehen eguneko programazioa ixtea (23:30), Kokoshka talde iruindarrak Divino tesoro azken diskoa aurkeztuko du ostegunean (21:00), Nogenek hamar urteko ibilbidea errepasatuko du larunbatean (21:00), eta HOFEri egokituko zaio agertokiaren programazioa ixtea egun berean (23:30). Horiek ez ezik, LP, Danielle Nicole, Ibibio Sound Machine eta Emma-Jean Thackrayk ere joko dute Keler gunean.
EGITARAUA
Uztailak 22, asteazkena
11:00. Julius Rodriguez. San Telmon.12:30: Javi Ruibal Cuarteto + Xan Campos. Viktoria Eugenia antzokian.
18:00: Carmen Lundy. Viktoria Eugenia antzokian.
19:30: Lisa Ono. Frigo gunean.
19:30:Â Marco Mezquida Trio. Fnac gunean.
20:45: LP. Keler gunean.
22:15:Â Annie & The Caldwells. Frigo gunean.
22:15:Â Quinteto Astor Piazzolla. Fnac gunean.
23:30: ETS. Keler gunean.
Â
Â
Uztailak 23, osteguna
11:00: Bruce Barth & Vicente Archer. San Telmo museoan.12:30:Â Yko Project. Fnac gunean.
12:30: Anggie Obin + Noa Lur. Viktoria Eugenia antzokian.
18:00: DJ saioak. Nauticoolen.
18:30: Samara Joy. Kursaalean.
19:00:Â Tremendo Piquete. Frigo gunean.
19:00: La Ola Maldita. Fnac gunean.
20:00:Â Lisa Ono + koktel afaria. Maria Cristina hotelean.
21:00: David Murray + Joe Lovano’s Paramount Quartet. Trinitate plazan.
21:00:Â Danielle Nicole. Keler gunean.
22:15:Â Amphitrio. Frigo gunean.
22:15:Â DJ Estrella Electronica & Txuck Turner. Fnac gunean.
23:30:Â Ibibio Sound Machine. Keler gunean.
Uztailak 24, ostirala
11:00: Benito Gonzalez. San Telmo museoan.12:30: Jazz For Children. Fnac gunean.
12:30: Pleito + El Gran Ra. Viktoria Eugenia antzokian.
18:00: DJ saioak. Nauticoolen.
18:30: Nils Petter Molvaer. Kursaalean.
19:00: Mane. Frigo gunean.
19:00: Itziar Mendibil. Fnac gunean.
21:00:Â Azar Lawrence + Cecile McLorin Salvant. Trinitate plazan.
21:00:Â Kokoshca. Keler gunean. 22:00: The International Classic Jazz Allstars. Irungo San Juan plazan.
22:15:Â Amphitrio. Frigo gunean.
22:15:Â Arima Soul. Fnac gunean.
23:30:Â Emma-Jean Thackray. Keler gunean.
 Uztailak 25, larunbata
11:00: Benjamin Moussay. San Telmo museoan.12:30: The International Classic Jazz Allstars. Fnac gunean.
12:30: VĂctor Anton Cuarteto + Daniel Juarez Quartet. Viktoria Eugenia antzokian.
18:00: DJ saioak. Nauticoolen.
18:30: Pat Metheny Side. Kursaalean.
19:00: Bea Asurmendi. Frigo gunean.
19:00: White Carters. Fnac gunean.
19:30:Â Enric Peidro & Federico Mazzanti Duo. Txillida Lekun.
21:00:Â Charles Tolliver + Marcus Miller. Trinitate plazan.
21:00: Nogen. Keler gunean.
22:00: The International Classic Jazz Allstars. Irungo San Juan plazan.22:15:Â Malaka. Frigo gunean.
22:15:Â DJ Fonki Cheff. Fnac gunean.
23:30: HOFE. Keler gunean.
Â
Â
Uztailak 26, igandea
11:00: Emile Parisien & Vincent Peirani. San Telmo museoan.12:00: Enrico Tomasso & Ignasi Gonzalez Duo. Txillida Lekun
12:30: Mississippi Queen & The Wet Dogs. Fnac gunean.
12:30: Louis Sclavis Quintet. Viktoria Eugenia antzokian.
17:00: The International Classic Jazz Allstars. Frigo gunean.
17:30:Â Erromintxelak. Frigo gunean.
17:30: Diana Krall. Kursaalean.
18:00: DJ saioak. Nauticoolen.
19:30:Â Thalatha. Frigo gunean.20:00:Â Vincent Peirani + Erik Truffaz & Antonio Lizana. Trinitate plazan.
20:00: Iñar Sastre. Fnac gunean.
21:30: Four Clovers. Frigo gunean.