Beste suhiltzaile etxe bat eraikitzeko proiektua aurrera doa. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du bide emango diola parkearen lizitazioari, eta hasi dira Gipuzkoako bederatzigarren suhiltzaile etxea izango litzatekeenaren lanetan pentsatzen. Aritzetan egongo da, Usurbilen.
Hala jakinarazi du Irune Berasaluze foru bozeramaileak, Diputatuen Kontseiluak hartutako erabakien berri emateko prentsaurrekoan. Erantsi du plan berezi hori aurrera doala Usurbilgo Udalak behin betiko onarpena eman diolako, eta plana EAEko Lurralde Antolamendurako batzordera bidali duelako. «Horri esker, aldundiak eraikuntza proiektuaren izapideei heldu ahal izango die».
Hurrengo urratsa proiektua idaztea eta obra zuzendaritza lizitatzea izango dela esan du Berasaluzek, eta proiektuak 889.000 euroko oinarrizko aurrekontua izango duela. Epeak ere jarri ditu: «Aldundiaren aurreikuspena da proiektua eta obra zuzendaritza urte honen amaieran lizitaziora ateratzea, eta parke berriaren eraikuntza datorren urtearen amaieran eta 2028aren hasieran egin ahal izatea».
Eraikuntza hori Gipuzkoako suhiltzaileen foru zerbitzua «modernizatzeko eta garatzeko» estrategiaren parte dela adierazi du Berasaluzek, eta gaineratu helburua dela zerbitzua egokitzea larrialdiei hobeto erantzuteko eta erantzun denborak murrizteko.