Aritzetan suhiltzaile etxea eraikitzeko proiektua aurrera doa

Urte amaierarako aurreikusi dute obraren lizitazioa, eta espero dute 2028 hasierarako lanak amaituta egotea. Gipuzkoako bederatzigarren parkea izango da Usurbilgoa.

Tolosako suhiltzaileak, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Tolosako suhiltzaileak, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko irailaren 22a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste suhiltzaile etxe bat eraikitzeko proiektua aurrera doa. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du bide emango diola parkearen lizitazioari, eta hasi dira Gipuzkoako bederatzigarren suhiltzaile etxea izango litzatekeenaren lanetan pentsatzen. Aritzetan kokatuko da, Usurbilen.

Hala jakinarazi du Irune Berasaluze foru bozeramaileak, Diputatuen Kontseiluak hartutako erabakien berri emateko prentsaurrekoan. Erantsi du plan berezi hori aurrera doala Usurbilgo Udalak onarpen definitiboa eman diolako, eta plana EAEko Lurralde Antolamendurako batzordera bidali duelako. «Horri esker, aldundiak eraikuntza proiektuaren izapideei heldu ahal izango die».

Hurrengo urratsa proiektua idaztea eta obra zuzendaritza lizitatzea izango dela esan du Berasaluzek, eta proiektuak 889.000 euroko oinarrizko aurrekontua izango duela. Epeak ere jarri ditu: «Aldundiaren aurreikuspena proiektua eta obra zuzendaritza urte honen amaieran lizitaziora ateratzea da, eta parke berriaren eraikuntza datorren urtearen amaieran eta 2028aren hasieran egin ahal izatea».

Eraikuntza hori Gipuzkoako suhiltzaileen foru zerbitzua «modernizatzeko eta garatzeko» estrategiaren parte dela adierazi du Berasaluzek, eta gaineratu helburua dela zerbitzua egokitzea larrialdiei hobeto erantzuteko eta erantzun denborak murrizteko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA