Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak hautagaitza aurkeztu du gaur PSE-EEren Gipuzkoako ahaldungai nagusi izateko maiatzeko hauteskundeetan. Hala, prest azaldu da Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi eta Gipuzkoako ahaldunorde nagusi Jose Ignacio Asensioren erreleboa hartzeko.
Hautagaitza aurkeztu duenean, Dominguezek esan du Gipuzkoa «aurrerakoiagoa eta gizatiarragoa» izatea nahiko lukeela: «Jokoan dago herritarrek bizi proiektuak garatu ahal izatea, giza eskubideak murriztuko dizkieten beldurrik gabe. Jokoan dugu hala eskuina eta eskuin muturra nola haien politikak geldiaraztea, horietan eliteak bakarrik kabitzen baitira». Azpimarratu du «atzeraezina» iruditzen zaiola etxebizitzaren gaiari heltzea.
Dominguezek iritzi dio Gipuzkoaren agintea hartzea «hartu daitekeen ardura handiena» dela, eta Gipuzkoak eta Espainiak «erronka eta mehatxu» berei aurre egin behar dietela. Adierazi du Gipuzkoan euskal kulturak eta euskarak ez luketela eraso egiteko arma bat izan behar, «integrazio eta batasun elementuak baizik». Gipuzkoak «bere nortasunari eustea» defendatu du, «baina hura partekatzeko, bizitzeko eta errespetuz proiektatzeko gai» izatea.
Halabeharrez aipatu ditu azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarritakoak. Nabarmendu du beharrezkoa dela «aurrerapen sozialak eta eskuratutako eskubideak» defendatzea, «PSOEk azken urteetan martxan jarri dituen politika aurrerakoiei» jarraipena emateko.
Belaunaldi berriak
Duela lau urte, Jose Ignacio Asensio izan zen PSE-EEren Gipuzkoako ahaldungaia. Hura da Gipuzkoako sozialisten burua, baita aldundian duten ordezkari nagusia ere. Asteburuan, baina, iragarri zuen ez zela berriro hautagai izango, «belaunaldi berriei bidea utzi» nahi diela eta.
Dominguez Irunen jaio zen, 1990. urtean. Soziologia ikasi zuen EHUn, eta, gero, irakasle izateko masterra egin. 2015etik eta 2020ra bitarte Egaz PSE-EEko gazteen adarreko idazkari nagusia izan zen. 2018an, Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzako Kabinete Teknikoko zuzendari izendatu zuten, eta han egon zen 2023ra arte. Aldi berean, 2019tik 2023ra Berrobiko Udaleko (Gipuzkoa) zinegotzia izan zen. Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua da.