Bedaio auzoa Amezketari ematea onartu du Tolosak

Alde guztiak jarri dira ados. Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatu beharko du orain dekretua, aldaketa ofizial egin dadin.

Bedaio auzoa, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Bedaio auzoa, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko irailaren 25a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tolosak ere onartu egin du Bedaio auzoa Amezketari ematea. Aho batez onetsi du aldaketa Tolosako Udalak gaurko osoko bilkuran, eta, alde guztiak ados egonik, Gipuzkoako Foru Aldundiak du orain erabakimena. Ekainean hasi zen prozesua, eta bertan parte hartu dute Tolosako eta Amezketako udalek, Bedaioko bizilagunen ordezkariek eta alderdi politikoek. Denak jarri dira ados.

Aldaketa hori aspalditik eskatzen zuten Bedaioko biztanleek. Izan ere, Aralar mendiaren magalean dago Bedaio, ez du Tolosarekin inongo harreman geografikorik, eta ez dago Gipuzkoan bere udalerritik hain urrun dagoen beste auzorik. Hamasei kilometro daude Bedaiotik Tolosara; Amezketara, berriz, bederatzi.

Ehun biztanle inguru ditu Bedaiok, eta bizilagunek uste dute aldaketa horrek haien egunerokoa hobetuko duela. Hain zuzen, argudiatu dute Amezketan egiten dutela normalean bizimoduaren zati handi bat —bertan egiten dituzte erosketak, bertan eskolaratzen dituzte umeak...—, eta uste dute lan administratiboak erraztuko zaizkiela.

Prozesuaren espediente osoa aldundiari bidaliko diote orain, hark baitu dekretua sinatzeko eta aldaketa hori ofizial egiteko eskumen esklusiboa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA